Aurreko Albisteak

GERNIKAKO BATZAR ETXEAK BIZKAIKO ETA ESKOZIAKO IKASLEAK ALKARTUKO DITUAN NAZINOARTEKO "KULTURA ETA ETORKIZUNA" EZTABAIDEA JASO DAU

  • Ana Otadui Biteri Bizkaiko Batzar Nagusietako Lehendakariak eta Lorea Bilbao Euskera, Kultura eta Kiroletako Foru Diputatuak ikasleak jaso ditue, euren gogoetak entzuteko.

  • Ekitaldian konexinoa egin da Eskoziako Legebiltzarrean ekimenaren ordezkaria dan Fiona Hyslop Eskoziako Kultura, Ekonomia eta Bidezko Lan Ministroagaz.

(Bilbon, 2020ko azaroaren 30ean.) Bizkaiko eta Eskoziako ikasleen abotsa ozen entzun ahal izan da Gernikako Batzar Etxean, politikariek Bizkaiaren ganeko gaiak eztabaidatzen dituen lekuan. Oraingo honetan, Bizkaiko Batzar Nagusiek Eskolen arteko nazinoarteko “Kultura eta Etorkizuna” Eztabaidaren I. Deialdia jaso dau. Fair Saturday fundazinoak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eskoziako Gobernuak sustatutako ekimena da. Foro horretan, Ana Otadui Biteri Bizkaiko Batzar Nagusietako Lehendakariak eta Lorea Bilbao Euskera, Kultura eta Kiroletako Foru Diputatuak ikasleak jaso ditue, euren gogoetak entzuteko.

Bizkaiko 20 ikastetxe inguruko 1.500 bat ikaslek euren ikasgeletan eztabaidau dabe, Fair Saturday astearen barruan. Udalerrien artean joan-etorriak egiteko indarrean dagozan murrizketak dirala eta, Gernikako Barrutialde BHI izan da parte hartu daben ikastetxe guztiak Gernikan ordeztu dituana, bertako Batxilergoko 2. mailako ikasleen eskutik, euren gogoetak eta ondorioak zabaltzeko.

Ekitaldian, konexinoa egin da Eskoziako Legebiltzarrean ekimenaren ordezkaria dan Fiona Hyslop Eskoziako Kultura, Ekonomia eta Bidezko Lan Ministroagaz. Bertan be antzeko ekimena ari da egiten ikasleen artean. Gaur Saint Andrew eguna da, Eskoziako egun nazionala –bigarren urtez jarraian Fair Saturdayk oso leku garrantzitsua beteko dau ospakizun horretan–, eta Eskoziako eztabaidaren amaierako ekitaldia egingo da bertako Legebiltzarrean.

Bizkaian eta Eskozian, gazteek, kulturak etorkizunean beteko dauen lekuaren ganeko gogoetak modu librean partekatzeko eta eztabaidatzeko aukerea izan dabe. Horretarako, nazinoartean proiekzino handia daukan Kirmen Uribe Literatur Sari Nazionalak testu berezi eta argitaratu bakoa prestau dau, parte hartzen daben ikasleen gogoetak bizteko helburuagaz.

Eztabaidak gazteen gogoetea bultzatu gura dau kulturak etorkizun garatuagoa, zuzenagoa eta gizatiarragoa lortzeko daukan garrantziaren inguruan. Aldi berean, gazteek alkarrizketarako eta gizarte-enpatiarako trebeziak garatuko ditue, euren kontzientzia kritikoa zabalduz eta etorkizunaren eta, batez be kulturaren, aurrean jarrera positiboa bultzatuz.

Etorkizun hobea lortzeko kulturak bete behar dauen lekuaren ganeko gazteen arteko eztabaida garrantzitsuenetakoa dan eskola mailako lehenengo ekitaldia Fair Saturday fundazinoaren eskutik sortu da. Kulturaren eta gizarte arloko barrikuntzaren bultzadaren arloan proiektu barriak gauzatzeko bokazinoan sakontzea bilatzen dau.