Aurreko Albisteak

ADMINISTRAZINOAREN DIGITALIZAZINOAK IGOERA "DEIGARRIAK" IZANGO DITU 2021EKO FORU AURREKONTUETAN

  • Ibone Bengoetxea Herri Administrazio eta Erakunde Harremanetarako Diputatua Batzar Nagusietara etorri da, urteko lehenengo bederatzi hilebeteetan bere sailaren aurrekontuek izan daben betete mailaren barri emoteko.

(Bilbon, 2020ko azaroaren 27an). Irailaren 30ean Herri Administrazio eta Erakunde Harremanetarako Sailaren Aurrekontuen betete mailea ezagutzeko EH Bilduk eskatu dauen agerraldian, Ibone Bengoetxea arduradunak onartu dau pandemiak eragina izan dauela bere saileko ia aurrekontu partida guztietan, batzuetan beste batzuetan baino gehiago. Sailaren aurrekontuen zenbateko osoa 128 milioi eurokoa da. Egoera horretatik diputatuak atera dauen lehenengo ondorioetako bat, datorren urtean foru administrazinoaren eraldaketa digitala bizkortzera zuzendutako inbertsinoak “igoera garrantzitsua izan beharko dauela” da.

Diputatuak kapituluz kapitulu zehaztu dau bere saileko aurrekontua, eta bere eskumenen barruan dagozan partida ugarien betete mailea azaldu dau. Covidaren ondorioz edo Bizkaia Aurrera Plana elikatzeko baliabideak bideratu egin behar izan diralako, horreetako batzuen hasierako kredituak murriztu edo kendu egin dira, aurrez aurreko jarduereagaz, eraikinen errentamenduagaz, argitalpenakaz eta beharginak prestetako ikastaroakaz erlazionautakoak, hain zuzen be, eta baita beka batzuk be, London School-ekoak, adibidez.

Bengoetxeak azaldu dauenez, Administrazino digitala eta herritarrakaz “online” izan beharreko hartu-emonak bultzatzera zuzendutako partidak izango dira bere saileko onuradun nagusiak. Izan be, Aldundiaren hurrengo aurrekontuetan horreen kredituek gora egingo dabe. Unai Rementeria Ahaldun Nagusiak Gernikan egin zan azkenengo osokoan aurreratu ebanez, aurrekontuak abenduko lehenengo hamabostaldian aurkeztuko dira. Holan, Foru Plan Informatikoko partidek igoerak izango ditue, eta baita herritarrei arreta digitala emotera zuzendutakoak be. Azken horren barruan dagoz, beste batzuen artean, Izenpeko gastuak. Horrez gain, diputatuak aurreratu dauenez, Aldundiaren esku dagon Lantik soziedade informatikoaren aurrekontua be igon egingo da.

IMMATRIKULAUTAKO HIGIEZINAK

Elkarrekin Bizkaiak Eleiza Katolikoak Bizkaian immatrikulau dituan elementuen ganean egin dauen ahozko erantzun-eskean, diputatuak argitu dau Aldundiak “ez daukala eskumenik gai horretan”, eta Foru Ogasunean ez dagola 2015era arte immatrikulau diran ogasunen datu historikorik. Katastroko datuak baino ez dagoz.

Emon dauena, azkenengo legealdietan Eleizak hainbat herritan daukazan ondasunetan Aldundiak egin dituan inbertsinoen barri izan da: Arrankudiagan (30.000 euroko inbertsinoagaz), Atxondon (18.000), Busturian (60.000, 36.000, 14.000 eta 15.000 euroko lau partida), Etxeberrian (12.000, 30.000 eta 15.000), Gueñesen (15.000), Markinan (9.000 eta 6.000) eta Nabarnizen (36.000).