Aurreko Albisteak

COVID-19AK BIZKAIKO EGOITZEN % 56,5EAN IZAN EBAN ERAGINA LEHENENGO OLATUAN

  • Sergio Murillo Gizarte Ekintzako diputatuak, koronabirusak bagilaren 30era arte izan eban eraginaren ganeko txosten teknikoa aurkeztu dau Batzar Nagusietan egin dauen agerraldian; txosten horretan, lurraldeko 154 egoitzetan kutsatu eta hil diran personen datuak jasoten dira.

  • Martitik bagilera, egoitzetan egozan 1.925 kide kutsatu, eta positibo baieztua eukien 308 persona hil ziran.

(Bilbon, 2020ko azaroaren 26an). Sergio Murillo Gizarte Ekintzako diputatuak, berak eskatuta, bagilaren 30era arte COVID-19ak egoitzetan izan eban eraginaren ganean bere Saileko teknikariek egin daben Txostena aurkeztu dau gaur Bizkaiko Batzar Nagusietan, garagarrilaren 29an egin zan batzordean talde guztiek aho batez erabagi eben moduan. Diputatuak orain hiru egun jaso eban txostenak, lurraldean dagozan adinekoen 154 egoitzatan (Birjinetxen izan ezik) koronabirusak izan dituan datu kuantitatiboak jasoten ditu. Hiru hilebete eta erditan, birusa Bizkaiko egoitzen “% 56,5ean” sartu zan, “1.925” egoiliar kutsatu ebazan (sareko % 22,3) eta Covid-a baieztuta eukien “308” persona hiltea eragin eban. Horrez gain, beste “44” kasutan horren susmoa dago. Hiru egoitzetatik batean –“% 33,1ean”– Gizarte Ekintzako sailak heriotzen bat baieztu eban.

Horreek dira Bizkaiko Batzarretako Gizarte Ekintzako batzordean gaur aurkeztu dan 23 orrialdeko txostenetik Murillok atera dituan datuetako batzuk. Azterlan hori Ikuskapen eta Kontrol zerbitzuko eta Zentroen zerbitzuko foru teknikariek egin dabe, aktetan, ikuskapeneko bisitetan eta, foru agindua betez, egoitza bakoitzak Aldundira bialdu behar ebazan txostenetan oinarrituta.

Lehenengo azterlan horrek baiezten dauenez, koronabirusaren eragina “garrantzitsua” izan da lehenengo olatuan, “komunidadean bertan baino askoz gehiago”, onartu dau Murillok, eta egiaztau dau egoitzak birusaren transmisinorako leku “egokiak” dirala, “leku itxiak diralako eta bertan alkarrekintza eta kontaktu estu asko dagolako”. Halanda be, Gizarte Ekintzako diputatuak azaldu dauenez, diagnostikautako pertsonen arteko hildakoen ehunekoa bardina da –“% 16– batez besteko adina 83,93koa dan egoitzetan eta egoitzetatik kanpo 60 urtetik gorako personen artean. Bakarrik 80 urtetik gorako biztanleak kontuan hartu ezkero, kanpoko eragina 11 puntu handiagoa izango litzateke (% 27).

Txostenak bost aldagairen arabera aztertzen ditu datuak: egoitzen erregimen juridikoa (forala, kontzertaua, udalarena edo pribadua); egoitzen tamainua; egoitzen kokalekua; Gizarte Zerbitzuetako zein arlotan dagozan; eta arreta zuzeneko ratioak. Aztertu dan epealdian datuek erakutsi daben aldakortasunak “ez dau patroi erabakigarria lortzeko aukerarik emoten”, esan dau Murillok teknikariek emondako informazinoan oinarrituta. Eta, ondorioz, ezin da kutsatutako eta hildako personen eta aldagai horreetako bakar baten arteko “erlazino zuzenik dagonik esan”.

Txostenean jasoten dan moduan, Gizarte Ekintzako diputatuak egoitzen puntu ahulak zehaztu ditu, pandemiaren lehenengo asteetan batez be. Apirilaren 5era arte babeserako ekipoak horniduteko “gaiztasun orokorrak” hauteman ziran, baina egoera horrek “hobera egin eban” gero. Hasieran PCR “gitxi” egin ziran, eta “apirilaren erdialdetik aurrera” osasun zerbitzuakaz izan beharreko koordinazinoak hobera egin eban. Lehenengo unean gaixoak isolatzeko be “gaiztasunak” hauteman ziran. Teknikariek, barriz, modu positiboan balorau eben familiakaz izandako komunikazinoa, gailu elektroniko barriak sartu izana, bajak estaltzeko eta beharginak ordezteko prozedurea, botiken eta elikagaien hornidurea eta egoitzen garbitasuna.

Azterketa horretan oinarrituta, txostenak etorkizunerako proposamenak be jasoten ditu. Murillok lautan laburbildu ditu: egoitzen tamainua txikitzea bakotxean gehienez 25 egoiliar izateko; beharginen prestakuntzea hobetzea; gizarte eta osasun arloko koordinazinoa hobetzea; eta sareko lana handitzea.

BATZARRETAKO TALDEAK ETA 3.000 IKUSKAPEN BAINO GEHIAGO ZORTZI HILEBETETAN

Oposizinoko taldeek bizkortasun handiagoa eskatu deutsie Aldundiari hurrengo txostenak egiteko eta jakinarazoteko orduan. Taldeen txandako lehenengoa Amaya Fernandez (Talde Berezia-PP) izan da, eta egoitzetako beharginek “datu horreek txarragoak ez izateko” egin daben lana aintzatetsi dau. Baina ostean Aldundiaren “erabateko gaitasun eza” erakutsi dauen kudeaketea kritikau dau. “Ez deusku balio beste leku batzuetan gauza bera gertatu dala esatea. Norena da erantzukizun politikoa?”, galdetu deutso diputatuari.

Héctor Fernández Elkarrekin Bizkaia taldeko batzordekideak, bere aldetik, nabarmendu dau osasun krisiak iraun eban bitartean senideakaz izandako komunikazinoaren inguruan bere taldeak daukan esperientzia Gizarte Ekintzako arduradunak azaldu dauenaren “oso desbardina” izan dala. Eta EH Bilduk, Arantza Urkaregi batzordekidearen eskutik, etorkizunean txostenean jasoten diran hobekuntzarako proposamenak sartzeko plan bat egiteko eskatu dau.

Batzarretako Euskal Sozialistak taldetik, Ana Berta Campok azaldu dau holango azterketak “onak dirala etorkizunean hobekuntzak sartzeko”, eta beharginek pandemia horretan egin daben lana balioztatu gura izan dau, izan be, “sarritan ez da balorau eta batzuetan oso modu bidebakoan tratau da”. Eta Euzko Abertzaleak taldeko Jane Eyre Urkietak Sergio Murillok zuzentzen dauen sailaren “gardentasuna” txalotu dau, alderdi popularreko ordezkariak bere esku-hartzean “parzialtasun eza” egon dala esan izana kritikauz. “Mesede txikia egingo dogu teknikarien beharra zalantzan jarten badogu”, esan dau.

Murillok be Talde Bereziko bozeroalearen berbak kritikau ditu, osasun krisian Foru Aldundia “desagertu egin dala” adierazo dauelako. Murillok zenbakiakaz defendidu dau bere sailak egin dauen beharra. Zortzi hilebetetan “ikuskapeneko 3.000 jarduketa baino gehiago” egin dira, horreen artean “aurrez aurreko 277 ikuskapen” egoitzetan, “PCI teknikarien 649 bisita”, “zehapeneko 21 espediente”, “730 dei eginak eta 1.300 dei baino gehiago jasoak”. Zenbaki horreek ikusita “ezin dogu desagertuta egon garala esaterik onartu”. Baten batek jartekotan, “gure lanaren notea, familiek, Fiskaltzak eta Eusko Jaurlaritzak” jarri beharko dabe, eta horreek modu puntualean jaso dabe gure informazinoa.

AURREKONTUA GAUZATZEA

EH Bilduk eskatutako beste agerraldi batean, Murillok bere Sailaren Aurrekontuek irailaren 30ean eukien betete mailaren barri emon dau. Urteko lehenengo bederatzi hilebeteetan, gauzatze mailea “% 65ekoa” izan da, 2019ko epealdi berean baino puntu bi gitxiago. Bere sailak dituan “564,5 milioi euroetatik”, ordurako “367,95 milioi” gastauta egozan. Une honetan, gastu konpromisoak daborduko “% 84,74ra” heldu dira. Murillok iragarri dauenez, urtea amaitzean aurrekontua “% 100ean” beteko da, koronabirusaren olatu biei erantzuteko aldaketak be kontuan hartuta. 2021eko kontuei jagokenez, bere sailak pandemiaren ganean egindako azterlanetik ateratako “aurrerapenerako lerroakaz bat etorriko dirala” esan dau.