Aurreko Albisteak

ALDUNDIAK PFEZ ORDAINDU BEHARRETIK SALBUETSIKO DAU COVID-19A DALA ETA EMONDAKO EDOZEIN LAGUNTZA PUBLIKO

  • Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusiak Gernikan egin dan kontroleko osokoan iragarri dauen neurria abenduan onartuko da, eta 2020ko urtarrilaren 1eko atzera begirako izaerea eukiko dau.

  • Foru Gobernuko arduradun nagusiak iragarri dauenez, “denpora gitxi barru” aurkeztuko dau 2021eko aurrekontuen proiektua, eta bertan metroa Galdakaora, Usansolora eta Bilbo hegoaldeko auzoetara (Errekalde) luzatzeko lanetan aurrera egiteko “gitxieneko” partidea jasoko da.

(Gernikan, 2020ko azaroaren 25ean). Bizkaiko Batzar Nagusiek, Foru Gobernua kontroletako beste osoko bat egin dabe gaur Gernikan. Osokoaren zati nagusia pandemiaren ondoriozko eragin ekonomikoetan zentrau da. Emakumeen kontrako Indarkeria Desagertuazoteko Nazinoarteko Eguna dala eta Gernikako Arbolaren ondoan Adierazpen Instituzionalaren irakurketeagaz hasi dan saioan, Unai Rementeria ahaldun nagusiak “abenduko lehenengo asteetan” zergen inguruko neurri barriak onetsiko dirala iragarri dau, Covid-19aren krisia dala eta administrazino publikoetatik bizkaitarrek jasotako “edozein laguntza zuzen” zergak ordaintzetik salbuetsita geratu daiten.

Iragarkia, ostalaritza sektorearen ekonomia arintzeko Foru Gobernuak martxan jarri behar dituan neurrien ganean EH Bilduk aurkeztu dauen itaunaren eztabaidan egin da. Holan, Iker Rahola “pozik agertu da” neurri horreek ezarri behar diralako. “Ea danok gura dogun eragina daukien, enpleoari eutsi ahal izateko”, esan dau, murrizketak eta negozioen aldi baterako itxierak dirala eta benetako “kalbarioa” jasaten ari dan sektorean. Izan be, “orain arte” ezarri diran neurriak “ez dira nahikoak” izan. Gogoratuazo dauenez, sektoreak “Erreskaterako Plan Integrala” eskatzen dau bere manifestazino “jentetsuetan”.

Rementeriak bere burua defendidu dau, osasun arloko krisia hasi zanetik, alarma egoerea aktibau eta “hiru egunetara” Aldundia martxan jarten hasi zan zerga arloko neurri guztiak aitatuz. Horreen artean, zergak ordaintzeko epeak luzatzea, zergen ordainketan “218,4 milioi euro” zatitzea edo autonomoei eta mikroenpresei zuzendutako mikro-maileguak nabarmendu ditu. Mikro-mailegu horreetan, “lautik bat” merkataritzea, ostalaritzea edo turismoa bultzatzera bideratu da.

Neurri horreez gain, ganerako foru ogasunakaz batera, 2020ko urtarrilaren 1etik Covid-19aren krisia dala eta administrazino publikoetatik bizkaitarrek jasotako “edozein laguntza” PFEZtik salbuetsita egotea onetsiko dau Bizkaiak. Zehatzago esanda, “personei edo familiei bizilekua izateko eskubidea bermatzeko Eusko Jaurlaritzak emondako laguntzak, alokairua edo babeseko etxebizitzea ordaintzera zuzendutakoak, salbuetsita egongo dira. Eusko Jaurlaritzak familiei laguntzeko emondako laguntza espezifikoak be hor sartuko dira, eta baita laneko eta familiako bizimodua uztartzeko emondakoak be”. Rementeriak zehaztu dauenez, “bonuen (Euskadi Bonua, Turismo Bonua eta Kultur Bonua) bitartez jasotako laguntzak be PFEZ ordaintzetik salbuetsita egongo dira”.

Salbuespenen zerrenda horretan, Rementeriak beste neurri “espezifiko” batzuk be aurreikusi ditu, “administrazino publiko guztiek beharginei edo autonomoei emondako ez ohiko laguntzak salbuesteko neurriak”, adibidez, “batez be turismo, nekazaritza, abeltzaintza edo ostalaritza sektoreetako autonomoei emondako laguntzak, eta baita Lanbidek autonomoei zuzenduta emongo edo emon dituanak be”. Bukatzeko, Ahaldun Nagusiak, “2021eko urtarrilean egin beharko dan autonomoen laugarren ordainketaren salbuespena” aitatu dau, eta baita 14.000 eurotik beherako diru-sarrerak izan ezkero errenta aitorpena egiteko beharrik ez izatea be (egungo mugea 12.000 eurokoa da).

Ekintzailetzako Nazinoarteko Zentroa esleitzeko prozesuaren “porrotaren” ganean talde bereziak egin dauen itaunean, Amaya Fernández talde horretako bozeroaleak barriro be bizkaitarrei zuzendutako “laguntza zuzenak” aktibetea eskatu dau.

Koronabirusaren bigarren olatuak eragindako ondorioen ganean Ahaldun Nagusia itaundu dauen Elkarrekin Bizkaia taldeko bozeroaleak arazoa Aldundiaren “mahai ganean jarri dau”, talde politikoakaz “hurrengo neurri sorta” adostu daian. Neurri sorta horren erdian “egoera zaurgarrienean dagozan personak” egon beharko litzatekez.

AURREKONTUAK ETA METROA GALDAKAORA LUZATZEA

Rementeriak ukatu egin dau “bigarren talka plana” ezartea beharrezkoa danik, eta luzatutako neurri fiskaletan, osokoan iragarritako zerga salbuespen barrietan edo Enpleorako Plan Berezian oinarritu da eta, batez be, “denpora gitxi barru” aurkeztuko dan eta “une honetara egokituta egongo dan eta beharretan eta personengan pentsauta egingo dan” 2021eko Aurrekontuen proiektuan. Horrek Bizkaia Aurrera planaren “lekua hartuko dau”, eta “estrukturaren ikuspuntutik” indartu egingo dau.

Saioak ekarri dauen beste barrikuntzetako batean, Rementeriak iragarri dau aurrekontu horreek “gitxieneko partida bat” erreserbauko dabela trenbide metropolitarra Galdakaora, Usansoloko ospitalera eta Bilbo hegoaldeko auzoetara (Errekalde) luzatzeko. Dana dala, uste dau “oso gaitza” izango dala lanak 2021ean hastea, une honetan Eusko Jaurlaritzak esku artean dituan epeak kontuan izanda. Administrazino hori da trenbide arloan eskumenak dituan administrazinoa. Izan be, informazino azterlanak “urtea amaitu aurretik” jasotea aurreikusten da. Datorren urtean eraikuntzarako proiektuak agintzeko aukerea egongo da.

ADIERAZPEN INSTITUZIONALAK

Osokoa, Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako Lehendakariak Gernikako Arbolaren ondoan irakurri dauen Azaroaren 25eko Adierazpen Instituzionalagaz hasi da. Aurton hil dituen emakume bizkaitar biei eskeinita egon da. Osokoa, Gestamp taldeko filialak diran Matricería Deusto eta GTS enpresetan enpleoa eustearen aldeko beste Adierazpen bategaz amaitu da (ikusi erantsitako dokumentuak).

Beste alde batetik, Urko Lopez Odriozolak jarlekua hartu dau Batzarretako EH Bildu taldeko ordezkari barri moduan, Meritxell Elgezabal Intxaurragaren lekua betez.