Aurreko Albisteak

ALDUNDIAK OMAKO BASOA LEKUZ ALDATZEKO KOKALEKUAREN BILA JARRAITZEN DAU

  • Lorea Bilbao Euskera, Kultura eta Kiroletako foru diputatuak Batzar Nagusietan azaldu dauenez, bere saileko teknikariak, Ibarrolaren artelanaren esanahia jasoko dauen eremu “gertukoa, handiagoa eta irisgarriagoa” bilatzen ari dira.

(Bilbon, 2020ko azaroaren 24an). Bizkaiko Foru Aldundiak Omako Basoaren, Agustín Ibarrolaren artelanaren, erreplikea egingo dau Urdaibaiko Erreserbako beste zugatz eremu batean, artelanaren “esanahiak” bertakoak eta bisitariak liluratzen jarraitu daian. Lorea Bilbao Euskera, Kultura eta Kiroletako foru diputatuak Batzar Nagusietan barriro azaldu dauenez, bere saileko teknikariek, Aldundiak eta artistaren senideek gura dituen “baldintzak” beteko dauen lekua bilatzen jarraitzen dabe, hau da, basoa egungotik “gertu” egotea eta “handiagoa eta irisgarriagoa” izatea.

Ibarrolaren basoaren kontzeptu artistikoa lekuz aldatzeko erabagia, une honetan margolanak hartzen dituen pinuen “bizitzako zikloa bukatzen” ari zala eta pinu horreek “banda marroia” izeneko gaixotasuna eukela egiaztau ostean sortu zan. Erabagia zezeilean jakinarazo eban Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak, José Ibarrolagaz, margolari bizkaitarraren semeetako bategaz, emon eban prentsa-aurrekoan. Ekitaldia alarma egoerea agindu baino aste batzuk lehenago izan zan. Egoera barriak baldintzatu egin dau kokaleku barriaren bilaketea.

Omako basoa Kortezubin dago, Santimamiñeko kobazulotik eta Agustín Ibarrola artistaren etxebizitzatik gertu. “Land art” izenez ezagutzen dan joera garaikidearen adierazpena da. Sorkuntzarako korronte hori hirurogeiko hamarkadaren amaieran sortu zan, eta bere helburua lan artistikoa naturara eroatea da, paisaia eremu, euskarri eta lehengai moduan erabiliz.

GUGGENHEIM URDAIBAI

Aldundiak Guggenheim Museoaren apendize bat Omatik oso gertu eroatea pentsau eban. EH Bilduk gai horren inguruan galdetuta, Bilbaok ez dau barrikuntza handirik emon. “Ez daukat ezer esateko”, erantzun du diputatuak, eta, Omako Basoaren kokalekuagaz egin dauen moduan, “barrikuntzak dagozanean” Batzarretako taldeei horreen ganeko informazinoa emoteko konpromisoa hartu dau.

Horri jagokonez, Bilbaok onartu dauenez, proiektuak Europako Funtsak jasoten baditu albisteak egon daitekez. Europako deialdira aurkeztu diran proiektu bultzatzaileen artean “Guggenheim Gernika, Guggenheim Bilbao Museoa” izenekoa dago. Guggenheim proiektua proiektu bultzatzaile moduan aurkeztu da deialdira, EH Bilduko Iker Rahonak gogoratuazo dauenez, 140 milioi euroko inbertsinoagaz. Proiektua “geldik” dago, eta “noiz jarriko dan martxan jakin behar dogu”, esan dau koalizino abertzaleko ordezkariak, eskualdeak “proiektu indartsua eta sendoa behar dauelako”, baina “ezin da proiektu bakarrera edo Guggenheim markara mugatu”. “Beste modu desbardin batzuk errebindiketan doguz”, esan dau koalizino abertzaleko ordezkariak.

SANTIMAMIÑEKO KOBAZULOAK

Beste alde batetik, batzordeak ez dau onartu Talde Bereziak (PP) egin dauen eskaerea, Bizkaiko Foru Aldundiak “ahalik eta arinen” zabaldu daian Santimamiñeko baselizea eta, ondorioz lehen horren barruan egiten zan Santimamiñeko kobazuloaren bisita birtuala, “hartu beharreko osasun arloko neurri guztiak hartuta”. Ekimena arauz besteko proposamen bitartez defendidu dau aurkeztu dauen taldeak, baina Batzarretako beste talde bakar bat be ez da horren alde agertu, “ez dalako une egokia” indarrean dagozan osasun arloko murrizketak dirala eta.

Eduardo Andradek barriro edegiteko eskaria egin dau, esanez kobazuloaren sarreratik 30 metrora emoten dan “50 minutuko” berbaldia jasoten dauen egungo bisitea “ez dagola umeentzat egokituta”. Jeltzaleen aldetik jakinarazo danez, ikus-entzunezko elementuak instalau dira, bisitea didaktikoagoa izan daiten.

AURREKONTUEN GAUZATZEA IRAILERA ARTE

EH Bilduk eskatuta, diputatuak bere sailaren aurrekontua 2020ko irailaren 30ean zein betete mailan egoan jakinarazo dau. Orokorrean, Euskera, Kultura eta Kiroletako sailaren kontuetako hamahiru programek pandemiaren eragina jasan dabe, gehiago edo gitxiago, ekimen askoren programazinoak egokitu, laguntza ez izendunak gauzatzeko epeak zabaldu, eta pandemiak eragindako egoera barriari aurre egiteko proposamen barriak sartu behar izan diralako, Bilbaok adierazo dauenez. Holan, urteko lehenengo bederatzi hilebeteetan aurrekontuaren “% 59,69” bete da. Hasierako konpromisoan agertzen ziran 58,51 milioietatik, Lorea Bilbaok adierazo dauenez, egun horretan 34,92 milioi euro egozan gastauta.

Batez besteko ehuneko horren ganetik programa honeek egon dira: Administrazino Orokorra (% 70,49), Kulturea Bultzatzea (% 81,15), Museoak (% 74,50), Foru Artxibategia (% 62,86), Foru Liburutegia, (% 62,09) eta Hizkuntzaren normalizazinoa (% 59,86). Ganerako programak, barriz, balio horren azpitik geratu dira: Aldundiko Informatika Plana (% 54,21), Gizarte arloko Programak eta Ekipamenduak (33,58), Ondare Higiezina eta Arkeologia (% 44,15), Aisialdirako Kirola (% 48,26), Kirol Federazinoak (% 29,86% ), Udal mailako Kirola (% 56,17) eta Euskerea Bultzatzea (% 29,96).