Aurreko Albisteak

Ekonomia eta Ogasuneko Batzordeak, zailtasunak eta konkurtso prozesuak dituen gizarte ekonomiako enpresetako beharginak babesteko Foru Arau proiektua abalau dau

batzordea

Bilbon, 2014ko maiatzaren 19an.

Ekonomia eta Ogasuneko batzordeak aho batez abalau dau gaur, astelehenean, maiatzaren 19an, Aldundiak aurkeztu dauen Foru Arau proiektua. Proiektu horren helburua, lanari itxi osteko egoera jakin batzuetarako zerga-tratamendu “alternatiboa” ezartea da, konkurtso eta likidazino egoeran dagozan enpresetako bazkide beharginen kasuan batez be.

Arau horren bitartez, Foru Ogasunak, behar egin eban enpresea konkurtso eta likidazino egoeran dagoalako bere lan bizitzako aurrezkiak berreskuratu ezin dituan langileak, azkenean gauzatu ez dan irabazi horrengaitik tributau behar ez izatea bermatu gura dau.

Jose Maria Iruarrizaga Ogasun eta Finantzetako foru diputatuaren berbetan, ekimen horrek eragina dauka “krisialdi ekonomikoaren eragin latzena jaso daben gizarte ekonomiako enpresetan, bertako beharginak egoera gogorrean geratzen diralako, enpresea konkurtso prozesuan sartzen danean, batez be”.

Hori dala eta, Foru Arauak neurri bi bilatzen ditu, batez be. Alde batetik, erretiroan lortzen dan (eta kobretan ez dan) ondarearen irabaziak ez dau tributau beharko zergadunak konpainiari lagatako dirua berreskuratzen dauen ala ez egiaztau arte. Eta beste alde batetik, dirua berreskuratzen dan ala ez jakiten dan unean enpresak ez badauka zor deutsana itzultzeko behar besteko dirurik, beharginak galera hori irabaziagaz konpentsau ahal izango dau, eta, halan danean, berreskuratu ahal izan dauen diruaren parteagaitik baino ez dau tributau beharko.

Arau barriak Bizkaiko Batzarretako indar politiko guztien on eretxia jaso dau, eta baita EAJ-PNV taldeak aurkeztu dauen zuzenketa-eskeak be. Zuzenketa-eskearen helburua proiektuak marketan dauen epea beste urtebete luzatzea da. Holan, eskakizunak beteten dituen zergadunek tributu-tratamenduari heldu ahal izango deutsie, lan jardueraren amaierea 2008ko urtarrilaren 1etik aurrera gertatu bada, eta ez 2009ko urtarrilaren 1etik aurrera gertatu bada, Foru Arauak ezarten dauen moduan, eta euren zerbitzuak emoten ebazan erakundearen hartzekodunen konkurtsoa 2013ko urtarrilaren 1aren ostean adierazo bada.

Ogasun eta Finantzetako batzordetik igaro ostean, arauzko proiektua Batzar Nagusiek onartu beharko dabe, eta Batzar Nagusietan onartzen bada, Foru Araua 2014ko urtarrilaren 1eko atzera-eraginagaz sartuko da indarrean.

Ganera, batzordeak, EH Bilduko hiru batzarkideen abstentzinoagaz, 2013ko abenduan onartu ziran Bizkaiko Lurraldeko tributu-arau jakin batzuen zuzenketa teknikoak jasoten dituan arauzko beste proiektu bat onartu dau. Zuzenketa horreek, Soziedadeen ganeko Zergan, Ez-egoiliarren Errentaren ganeko Zergan eta Pertsona Fisikoen Errentaren ganeko zergan hautemandako “hainbat inkoherentzia” aldatuko ditue.