BATZAR NAGUSIEK EZ DABE ONARTU ZUGAZTIETAKO LARREETAKO GATAZKEA BIDERATZEKO MAHAIA SORTZERIK
- Aldundiak berretsi egin dau abeltzain batzuk inguruko abeltzainen hiru alkarteri emondako “eskubideak zapaltzen” ari dirala, larreak foru arautegia bete barik erabilten ari diralako.
- Iraunkortasunerako eta Ingurune Naturalerako Sailak aurkeztu dauen txostenean esaten danez, eskubide historiko horreek guztiz desagertu ziran meatzaritzaren aldeko derrigorrezko hainbat desjabetzeren bitartez.
- EH Bilduk eta Elkarrekin Bizkaiak alkarrizketarako mahai bat eta erregulazino barria eratzea eta salaketak eta zehapenak kentzea planteau eben.
- Elena Unzueta Iraunkortasunerako eta Ingurune Naturalerako foru diputatuak, urteko lehenengo bederatzi hilebeteetako aurrekontuaren betete mailea azaldu dau, EH Bilduk eskatuta.
(Bilbon, 2020ko azaroaren 23an). Iraunkortasunerako eta Ingurune Naturalerako batzordeak ez dau onartu Zugaztietako “larreetako gatazkea” ebazteko mahaia eratzeko aukerea, 500 zenbakiko herri-onurako mendiari jagokonez, hain zuzen be. Arauz besteko proposamen baten bitartez, Batzarretako Elkarrekin Bizkaia eta EH Bildu taldeek konponbide hori planteau dabe, abeltzain batzuek aspalditik inguru horretan eragin daben egoerea dala eta. Behin baino gehiagotan Aldundiak abeltzain horreen abereak eroan behar izan ditu, ez dabelako foru arautegia beteten. Batzar Nagusietako gehiengoa daukien Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeek ez dabe ekimena onartu, eta Talde Berezia (PP) abstenidu egin da.
Talde bien proposamenak laneko mahai bat eratzeko eskatzen eutsan Aldundiari, Trianoko mendietako abeltzainakaz dagon gatazkaren inguruan neurriak hartzeko eta bitartekaritza lana egiteko, larratzeko eskubide historikoa errespetauko dauen erregulazino “bidezkoagoa” barru eta, arautegi barri hori heldu arte, baita animalien “bahiketak”, salaketak eta zehapenak geratuazoteko trantsizino epealdia ezartea be.
Euren berbetan, inguruko abeltzain batzuek Aldundiaren lur horreek erabilteko eskubidea, Erdi Arotik datorren eskubide historikoan oinarritzen da, baina Aldundiak ukatu egin dau eskubide hori gaur egun indarrean dagonik. Holan, arauz besteko proposamena eztabaidatu aurretik, Iraunkortasunerako eta Ingurune Naturalerako sailak, Aldundia jaube dan herri-onurako mendian abeltzainei emondako larratzeko eskubide horreen inguruan Gorosti Neurketak enpresari agindutako txostena aurkeztu dau. Bernardo Murillo enpresako presidenteak aurkeztu dauen txostenak baieztu dauenez, Aldundiak 1988an meatzaritzako hiru ustiategi handiri erositako lur horreetan une honetan ez dago larratzeko eskubide historikorik. “Guztiz desagertu ziran meatzaritzako ustiapenerako Erabilgarritasun Publikoko derrigorrezko hainbat desjabetzeren bitartez”, esan dau.
Elena Unzueta Iraunkortasunerako eta Ingurune Naturalerako foru diputatuak barriro gogoratuazo dauenez, inguru horretako abeltzain batzuk “behin eta barriro ari dira eskubideak zapaltzen” euren abereak baimen barik sartzen dituelako Aldundiak inguruko abeltzainen hiru alkarteri lagatako 91 hektareatan, horren eragina jasoten daben Udalakaz adostu eta gero.
AURREKONTUAREN BETETE MAILEA
Beste alde batetik, Unzueta EH Bilduk eskatuta be etorri da Bizkaiko Batzar Nagusietara, irailaren 30eko datagaz bere sailaren aurrekontuen betete mailaren barri emoteko. Holan, Aldundiko arduradunak, kapituluz-kapitulu eta programaz-prorama zehaztu dau azkenean bere sailera bideratu ziran 63,7 milioi euroen betete mailaren egoerea.
Kontu horreen barruan, Unzuetak Ingurumen arloko Azpiegitura programaren betete mailea azpimarratu dau. Sailak jaso dauen kopuru osoaren ia %40 izan da, eta urteko lehenengo bederatzi hilebeteetan daborduko gastauta eukan bere 25,4 milioi euroen %72,15. %60tik gorako betete mailan beste lau programa dagoz: Babesa eta Ingurumena (%64,04), Administrazino Orokorra (%63,93), Landare Ekoizpena eta Osasuna (%62,4) eta Aldundiko Informatika Plana (%61,96). Ganerako lau programetan, barriz, ezarritakoaren herena inguru baino ezin izan da gauzatu: Landa Garapena (%36,39), Animalia Ekoizpena eta Osasuna (%34,75), Fauna Zinegetikoa, Arrantza eta Fauna Basatia (%32,85), eta Baliabide Naturalak (%32,47). Garbiker eta Basalan foru soziedadeei jagokenez, soziedade horreen betete mailea %72koa eta %62koa da, hurrenez hurren.
Unzuetak adierazo dauenez, aurtengoa urte “desbardina” da, pandemiak aurrekontua gauzatzeko orduan izan dauen eragina dala eta. Dana dala, urtea amaitzean partidak gauzatuta egongo diran konfiantzea dauka.
GREBEA BEIRAREN BILKETAN
EH Bilduren erantzun-eske bati erantzunez, Unzuetak azaldu dauenez, Aldundiak “ezin dau ezer egin” Bizkaian beira batzeaz eta birziklatzeaz arduratzen dan Enviser Servicios Medioambientales Ecovidrio lantaldeak daukan laneko gatazkea konpontzeko. Zerbitzuaren emakidea daukan enpresaren eta bere beharginen arteko laneko gatazkea da, eta horren konponketa “laneko esparrura mugatzen da”:
Enpresako beharginek mugarik bako grebea hasi eben azaroaren 2an, “enpresak uko egin eutsalako laneko baldintza duinak aitortzeari”, koalizino abertzaleak azaldu dauenez. Izan be, gaur egun enpresako zuzendaritzak “816 euroko” soldatak eta “enpresaren beharren arabera lan egitea eskatzen daben eta kartara eginda dagozan” jardunaldiak barru hartzen dituan estadu mailako hitzarmena apliketan dau. Raúl Méndez batzordekideak esan dauenez Bizkaiko udalerri batzuetako beira-edukiontzi batzuen itxurea penagarria da, eta penagarria da, baita be, aste honeetan hondakin hori tratau barik egotea.
EHIZARAKO GUNEA IZURTZAN
Ehiza denporaldiaren hasiereagaz, Izurtzako Bitaño auzoko biztanleek euren kexak agertu ditue bertan dagon ehizarako guneak sortzen dituan eragozpenak dirala eta, EH Bildu taldeak jakinarazo dauenez. Udalak bertako biztanleen sinadurak bideratu ditu Bizkaiko Foru Aldundira, neurriak hartzeko. Unzuetak adierazo dauenez, Basozaintzaren ikuskapen baten ostean, San Iurgi ehiza taldeak eukazan zortzi postuetako bat kendu dau, jentea bizi zan guneetara gorde beharreko gitxieneko tartea ez ebala gordetzen ikusi dalako.