Aurreko Albisteak

BATZAR NAGUSIETAKO OSOKOAK EZ DAU ONARTU DIRU-SARRERAK HANDITZEKO EH BILDUK PLANTEAU DAUEN "EZ OHIKO COVID-19 TASEA" EZARTERIK

  • Foru Arau Proposamenak “aldi baterako tasa barri progresibo” altuagoak planteetan ebazan erosteko gaitasun handiagoa daukien personentzat eta enpresentzat, lau zergatan: PFEZ, Soziedadeak, Ondarea eta Oinordetza eta Dohaintzak.

  • Ekimen hori ez da kontuan hartu, kontrako 33 boto (Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak), aldeko 10 (EH Bildu) eta 8 abstentzino (Elkarrekin Bizkaia eta Talde Berezia-PP) jaso ditualako

(Gernikan, 2020ko azaroaren 18an). Gernikako Batzar Etxeak ohiko osokoa jaso dau gaur. Bertan ez da onartu Bizkaian “Ez Ohiko COVID-19 Tasea” ezarteko Batzarretako EH Bildu taldeak planteau dauen aukerea. Horretarako, “aldi baterako errekargu progesiboak” ezarriko litzatekez lau zergatan (PFEZ, Soziedadeak, Ondarea eta Oinordetza eta Dohaintzak), eta “ahalmen ekonomiko handiagoko” personei eta enpresei egongo litzatekez zuzenduta. Osokoak ez dau onartu, kontrako 33 boto (Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak), aldeko 10 (EH Bildu) eta 8 abstentzino (Elkarrekin Bizkaia eta Talde Berezia-PP) jaso ditualako.

Arantza Urkaregi EH Bilduko batzarkidea izan da “baliabide gehien daukien personei edo enpresei”, hau da, Bizkaiko ogasuneko zergadunen “%5 eta %7 ingururi”, hain zuzen be, zuzenduta dagozan zergak handitzera zuzendutako tasea defendidu dauena. Koalizino abertzalearen berbetan, “ez ohiko” diru-sarrera horrek, osasun krisiak eragindako “gizarteko beharrei eta zerbitzu publikoak indartu beharrari egin gura deutse aurre”, izan be, “zorpetzea ez da nahikoa”, diru-sarrera publikoak handitzeko “neurri barriak” behar dira, “zorrak ordaindu egin behar diralako”. Hurrengo lau ekitaldietarako (2021-2024) aldi baterako tasa hori, “krisi bakotxean, pobreenek pobreago eta aberatsenek aberatsago urtetan dabelako” dago justifikauta.

EH Bilduk planteau dauen tasea eztabaidatu dauen lehenengoa Amaya Fernández Talde Bereziko-PPko bozeroalea izan da. Bere eretxiz, hori ez da krisitik urtetako neurri “egokiena”. Egoera horretan zergak igotea “iraganeko errezetea” da. Hori dala eta, bere taldeak, bere mozinoaren bitartez, “guztiz kontrakoa” planteau dau, hau da, “Bizkaiko personek, autonomoek eta enpresek ordaintzen dituen zergak jeisteko konpromisoa bere gain hartzeko” eta horreen likidezia bultzatuko daben “zerga arloko neurri barriak preminaz bultzatzeko” eskatzea Aldundiari. Fernández “seguru dau” Foru Gobernuak “zergak igongo dituala”, eta Espainiako Gobernuaren erabagi “batzuen” “bardin-bardinak” ezarriko dituala. Bere proposamenak be ez dau Batzarretako ganerako taldeen aldeko botorik lortu.

“Ez Ohiko COVID-19 Tasaren” eztabaidan, Eneritz de Madariaga Elkarrekin Bizkaia taldeko bozeroalea bat etorri da EH Bildugaz, “gehien daukienak gehiago inplikau behar dirala” esatean, baina ez dau bere aldeko botoagaz Foru Arauaren alde agertu gura izan. De Madariagak esan dauenez, “hau ez da unea”, izan be, bere taldea Bizkaiko fiskaltasunaren “aldaketa estrukturalaren” alde dago, eta hori “erreforma fiskalean” oinarritu behar da. Bere berbetan, erreforma hori, errenta bajuenentzako “tasak jeistean eta hobari fiskalak ezartean”, BGAEn onura fiskalak “kentzean” edo Ondarearen ganeko Zergea “berreskuratzean” oinarritu behar da, beste puntu batzuen artean.

Foru Gobernua eusten daben taldeek, euren aldetik, itxi gura izan dabe “benetako” erreforma fiskala ezkutetan daben aldaketa fiskal horreen kontua. Juan Otermin Euskal Sozialistak taldeko bozeroale barriak azaldu dauenez, EH Bilduk proponidu dituan neurriek ekonomian izango daben benetako eragina aurreko ekitaldietako datu fiskaletan dago oinarrituta. “Azterketa fiskal serioa, egituratua eta jagokon garaian” egitea eskatu dau, lurraldeen arteko “harmonizazino fiskalean” oinarrituta, hiru Batzar Nagusietan eta Eusko Legebiltzarrean oinarritutakoa, koalizino abertzaleak planteau dituan neurriak aplikau ezkero, “lehiakortasunari jagokonez desabantailan geratuko ginatekelako” eta neurriek “onura baino kalte gehiago” sortu daikiezalako. Bere taldearen asmoa “Europagaz konbergentzia bultzatzea” da, fiskaltasun “berdearen” eta ekonomia “digitalaren” arloetan.

Ildo berean, Jane Eyre Urkieta jeltzaleak planteau dauenez, edozein erreforma fiskal egin aurretik, Bizkaian onartu diran azkenengo erreforma fiskal bien (2014 eta 2018) “azterketa sakonagoa” egin behar da, azterketa horretan osasun egoeraren osteko egoerea sartuz. Momentuz, bere taldeak “epe laburreko neurriak” bultzatu gura ditu, Covid-19ak sortutako krisi ekonomikoari aurre egiteko, eta zerga sistemea eraldatzeko eta Garapen Jasangarriaren Helburuakaz lerrokatzeko “pausuak emoten” joan, aurreko astean Bizkaiko Foru Aldundiak University College London-eko María Mazzucattogaz iragarri eban moduan.

EUROPAKO PROIEKTUAK “GUZTIEN ARTEAN” EZTABAIDATU

Osokoak ez ditu onartu EH Bilduk eta Elkarrekin Bizkaiak, bakotxak bere aldetik, aurkeztu dituen hainbat mozino, Europako Next Generation Funtsen finantzaketea eskuratzeko aukera izango daben Bizkaiko proiektuen ganeko “eztabaidea zabaltzeko”. Talde biek Talde Bereziaren-PPren aldeko eretxia jaso dabe, abstenidu egin dan arren, beharrezkoa dalako gai horren inguruan esateko zeozer daukien eragile “guztien” inplikazinoa lortzea, Bizkaiko Batzar Nagusietako ordezkarietatik hasita.

Mozino biak atzera bota aurretik, sozialistek eta jeltzaleek azaldu dabe Bizkaiak aurkeztu dituan proiektuak “oraindino ez dirala ez behin betikoak, ezta azkenak be”. “Oraindino ez dagoz balioztatuta”, adierazo dau Juan Otermin sozialistak, eta Gobernu Zentralak eta Autonomia Erkidegoek aukeratu daben metodologia defendidu dau. “Orain arte 17 bilera egin dira”, eta horreek ekintza “koordinaua eta koherentea” eragin dabe, 2021-2023 epealdian 72.000 milioi euro horreek erakarteko.

Mikel Baganek (EAJ-PNV) esan dauenez, Aldundiak “Bizkaiko gizarteari entzun deutso” “agintaldi honetako agenda politikoaren” barruan dagozan proiektuak planteetako orduan. Proiektu horreek “gizarte-osasunaren eraldaketan, mobikortasunaren eraldaketan, eraldaketa digitalean eta trantsizino ekologikoan” sartzen dira. Baganek adierazo dauenez, proiektu horreen artean “Etxetic eredua, Getxoko belaunaldien arteko zentroa, eskualdeetako unidadeak, Ekintzailetzarako Nazinoarteko Zentroa, gaikuntza digitalerako programak, Energy Intelligence Center izenekoa, hidrogenoaren “hub”-a, bidegorria, metroa, ibai azpiko errepidea…” dagoz.

Izaskun Duquek (EH Bildu) esan dauenez, penagarria da mozino horreek atzera botatea, gogoetarako jardun “partekatua” zabaltzeko “urrezko aukerea” galtzen ari garalako, Hegoaldeko Saihesbide Metropolitarra “ezin dalako” eraldaketa ekologikorako proiektu moduan hartu. Oterminek, barriz, azpiegitura horreek sartzea defendidu dau, “Europa osoan lan horreek Europako funtsakaz finantzetan ari diralako”, “milaka ibilgailu urietatik ateraten” laguntzen dabelako, eta horrek eragin positiboa daukalako ingurumenean.

BANDA ZABALA ETA SEGURTASUNA GARRAIO PUBLIKOAN

Beste alde batetik, osokoak ez dau onartu EH Bilduren beste mozino bat, zuntz optikoa Bizkaian zabaltzeko foru diru-laguntzen politikan Udaletara zuzendutako linea bat sartzeko, Udalak izan daitezan sare publikoak garatuko dituenak, une honetan indarrean dagon ereduagaz “sare pribaduak eregiteko 10 milioi euro” emongo diralako, Arantza Urkaregik jakinarazo dauenez. Ekimenak Elkarrekin Bizkaiaren aldeko botoak baino ez ditu jaso.

Bukatzeko, arauz besteko proposamen baten bitartez, Aldundiak Bizkaiko Garraio Publikoan COVID-19aren aurreko segurtasun neurriak ezartea eskatu dau Elkarrekin Bizkaiak. Eva María Carbonero talde horretako batzarkideak, honeek aitatu ditu neurri horreen artean: Bizkaibus zerbitzuaren maiztasuna handitzea, unidade barruan gel banagailuak instaletea, autobusetan leihoak zabalik eroatea, isilik bidaiatzea eta janariak edo edariak ez konsumidutea, edo garraio publikoaren erabilerea sustatzeko komunikazino handi bat. Zuzenketa-eske baten bitartez, okupazinoa “%70etik gorakoa danean” zerbitzua indartzea eta erabiltzaileei baliabide elektronikoakaz ordaintzera behartzea, Barikagaz, adibidez, eskatu dau EH Bilduk.

Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeek ez dabe onartu talde morearen proposamena. Talde bien eretxiz, Bizkaiko garraio publikoa “segurua eta fidagarria” da, eta Europako hainbat azterlanek erakusten dabenez, garraio publikoa “ez da kutsatzeko fokua”. “60 minututik beherako bidaietan kutsatzeko arriskua hutsa da”, esan dau Iñaki Jerónimo sozialistak, azterlan horreetakoren batean oinarrituta. Unai Lerma jeltzaleak idea hori indartu dau, eta Elkarrekin Bizkaiak aurkeztu dituan proposamenetako asko, Garraio eta Mugikortasun Jasangarriko foru sailak daborduko martxan jarrita daukazala esan dau, linea eta ordu-tarte batzuetan errefortzuak jartea, edo autobus barruko aidea birziklatzeko neurriak, aide girotuaren iragazkiak aztertuta, ibilgailuak desfinketetea edo eguraldiak horretarako aukerea emoten dauenean, leihoak zabalik eroatea, beste batzuen artean.

EUZKO ABERTZALEAK TALDEKO ORDEZKARI BARRIA

Osokoaren hasieran, Ainhoa Pielok jarlekua hartu dau Euzko Abertzaleak taldeko batzarkide moduan, Kontxi Claver ordeztuz.