TRAFIKO ISTRIPUAK %67RA ARTE MURRIZTU DIRA ENEKURIKO GANEAN
- Imanol Pradales Azpiegitura eta Lurralde Garapenerako foru diputatuak adierazo dauenez, bere sailak azkenengo lau urteetan gauzatu dituan 14 jarduketei esker, Bilborako sarbide horretako istripuen mailea “%67,5” murriztu da gorako tartean eta “%59,1” beherakoan.
(Bilbon, 2020ko azaroaren 12an). Imanol Pradales Azpiegitura eta Lurralde Garapenerako foru diputatuak, bere sailak azkenengo 4 urteetan Txorierri eta Deustu lotzen dituan Enekuri ganeko errepideko segurtasuna hobetzeko egin dituan lanen defentsea egin dau gaur Bizkaiko Batzar Nagusietan. Aldundiak 14 jarduketa gauzatu ditu, eta horreen bitartez murriztu egin da egunero 51.800 ibilgailu, horreetatik %3,4 kamioiak, jasoten dituan noranzko bikotxeko errepideko 4 kilometroko tarteko istripuen mailea. Adierazo dauenez, istripuen mailea “%67,5” murriztu da gorako tartean eta “%59,1” beherakoan.
Pradalesek emon dauen datua Bizkaiko Batzarretako Azpiegitura eta Lurralde Garapenerako batzordean jakinarazo da, Talde Bereziari-PPri ahoz emondako erantzunean. Talde horrek, errepideko istripuak “saihesteko edo murrizteko” Aldundiak martxan jarri behar ebazan neurrien ganeko informazinoa eskatzen eban, urriaren 4an eta 5ean ia kilometro-puntu berean trafiko istripu larri bi gertatu ostean. Istripu horreek ikusita, Eduardo Andrade batzordekideak Aldundiaren jarduketak “ez dirala nahikoak izan” esan dau.
Pradalesek azaldu dauenez, 2016-2020 epealdian Aldundiak 14 jarduketa gauzatu ebazan, errepideak puntu horretan eukan segurtasuna hobetzeko, drainatzea hobetzea, zoladurea konpontzea, eusteko sistema barriak instaletea, trazadurea hobetzea eta abiadura mugea orduko 70 kilometrora murriztea, beste batzuen artean. Jarduketa horreei esker, “errepidearen diseinuaren baldintzak errespetetan diranean bideko segurtasuna bermatuta geratzen da”, esan dau. Urrian izandako istripuei jagokenez, bere berbetan, biak be larregizko abiadurak eragindakoak izan ziran eta, horregaitik, modu arduratsuan gidatzea eskatu dau. Dana dala, Pradalesek azaldu dauenez, azken asteotan bere sailak “neurri barriak aztertu ditu”, horreen artean asfaltoaren mikrofresatzea eta euspeneko bionda barriak jartea.
BIZIKLETAREN ERABILEREA 10GAITIK BIDERKATZEA
Beste alde batetik, EH Bilduk eta Elkarrekin Bizkaiak eskatutako agerraldi batean, Pradalesek azaldu dauenez, Aldundiak Bizkaian bizikletaren erabilerea zabaltzeko daukazan planek, hurrengo hamarkadan bizikletaren erabilerea “hamargaitik biderkatzea” aurreikusten dabe, une honetan mobikortasun osoaren “%0,6era” baino ez dalako ailegetan. Horretarako hiru ardatzetan oinarrituko da: plangintzan, azpiegituren garapenean eta sustapenerako politikan.
EH Bilduk eta Elkarrekin Bizkaiak, alkarregaz eskatu dabe Azpiegitura eta Lurralde Garapenerako foru diputatuak, Bizikletaren erabileraren ganeko foru estrategia bultzatuko dauen lan-talde baten sorrerea eta bizikletaren aholkularitzarako bulegoaren betebeharrak azaltzeko. Biak be Unai Rementeria Ahaldun Nagusiak iragarri ebazan irailaren 28an egindako Politika Orokorreko osokoan.
Pradalesek baieztu dauenez, lan-taldea Deustuko eta Holandan dagon Bredako unibersidadeetako, Bizkaiko Garraio Partzuergoko, Orbea enpresako eta Bizkaiko Foru Aldundiko kideek osatuko dabe. Aldundiak, arlo horretan “erreferentziazkoa dan eta esperientzia handia daukan” Europa mailako unibersidade bat eta sektorean “puntakoa” dan euskal enpresa bat sartu gura izan ditu etorkizunean lurraldean bizikletaren erabilerea handitzeko Foru Administrazinoari aholkularitzea emon behar deutsien erakundeen artean. Une honetan taldea sortzeko fasean dago, eta aurreikusten danez, aholkularitza talde hori 2021ean hasiko da beharrean.
Oposizinoak, “asmo handiagoko” partaidetzarako prozesua eskatu dau lan-talde horretarako, eta hainbat arlotako kide gehiagok parte hartzea. Emilio Lobatok (Elkarrekin Bizkaia) aurton bizikletara zuzendutako aurrekontu txikia aurpegiratu deutso. Sailak daukan “211 milioi euroko” aurrekontutik bizikleta arlora “2 milioi euroko” inbertsinoa bideratzea “gitxi” iruditzen jako, “aurrekontuaren %1 baino ez”. “2021eko aurrekontuetan partida hori handiagoa izatea gurako geunke”, esan dau. Raúl Méndezek (EH Bildu), bere ustez, seguruenez bizikletaren erabilerea aitatu dan %0,6tik gora eroan dauen krisi hau baliatzea eskatu dau, gurpil biko ibilgailuen erabilerea handitzeko. Eduardo Andrade PPko ordezkariak, bere aldetik, Bizkaiko Jasangarritasun Kontsejuaren ereduaren aldeko apustua egitea eskatu dau. Kontseju horretan Batzarretako talde guztiek hartzen dabe parte, eta Iberdrola talde horretan sartzea eskatu dau.
Pradalesek erantzun dauenez, Bizikletaz Ibilteko Bizkaiko Bideen Lurraldeko Sektore Plana egiteko orduan, gauzatzeko prozesuan eragile guztien–erakundeak, kolektiboak, gizarteko eragileak eta herritarrak orokorrean– partaidetzea “bermatu da” eta bere sailak gauzatu dauen inbertsinoa aurreko urteetan “baino altuagoa” izan da.
PRESIDENTEORDE BARRIA
Beste alde batetik, Iñaki Jerónimo sozialista Azpiegitura eta Lurralde Garapenerako Batzordeko presidenteorde barria bilakatu da. Bere izendapena aldeko 9 botogaz eta 6 boto zurigaz onartu da.