Aurreko Albisteak

BATZAR NAGUSIETAKO ERAKUSKETA ARETOAK ZERAMIKA ETA BUZTIN ERAKUSKETA BARRIA MOLDEAUKO DAU

  • EHUko Arte Ederretako Fakultadeko Zeramika: Artea eta Funtzioa Masterreko hamahiru ikaslek, Carmen Marín komisarioaren berbetan “zeramika barrutik begiratzera eta lengoaia artistiko barrietan sartzen dala egiaztetara konbidatzen gaituen” piezek osatutako erakusketa kolektiboa aurkezten dabe.

  • Azaroaren 30era arte egongo da zabalik uriaren erdian dagon Bizkaiko Batzar Nagusietako Erakusketa Aretoan (Hurtado de Amezaga kalea, 6 – beheko solairua. Bilbo), 08:00etatik 20:00etara, astelehenetik barikura.

(Bilbon, 2020ko azaroaren 9an). Azaroan zehar, Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Arte Ederretako Fakultadeko Zeramika: Artea eta Funtzioa Masterreko hamahiru ikaslek euren lanak erakutsiko ditue Bizkaiko Batzar Nagusietako Erakusketa Aretoan, GEA (LURRA esan gura dauen berba grekoa) izeneko erakusketa kolektiboan. Erakusketak alkarrizketa iradokigarrian antolatuta dagozan eta buztinen muga bako aukeretan eta zeramikazko prozeduretan sakontzen daben hainbat proposamen pertsonal jasoten ditu. Protagonistak honeek dira: Gabriela Monge Zú, Manuela Olavarría, Nahia, Neus Pizà Segura, María Elena Benítez, Geraldine Lukacs, Celia Martín Román, Mara Ona, Natacha Jurberg, Miren Kareaga Perea, Javier Bravo de Rueda, Paula Martínez Sancho eta Laia Amigó Ayats. Guztiak be, Leioako campusean emoten dan gradu-osteko ikastaro espezializatu honetako zortzigarren promozinoko (2019-2020) kideak dira.

Ana Otadui, Bizkaiko Batzar Nagusietako Lehendakariak, Mahaiko kideek, artisten ordezkaritza zabalak eta Carmen Marín masterraren arduradun eta erakusketaren komisarioak lagunduta, azaro osoan Bizkaiko Batzarrek Bilbo erdian daukien erakusketa aretoan egongo dan erakusketea inaugurau dau. “Batzar Nagusiek EHUn emoten dan Zeramikazko Unibersidadeko Masterrren zortzigarren propozino honen erakusketea jasoten dabe. Protagonismoa, milaka urtetan gizakion adierazpide izan dan materialak dauka, zeramikak, eta material horren adierazkortasuna eta berezitasuna errebindiketan dau”, adierazo dau Otaduik.

Sorkuntzaren ikuspuntutik, zeramikak, eskulturarako baliabide moduan, “artearen historiako ibilbide bizigarrienetako bat” marraztu dau, eta horretan oinarritzen dira egileak. “Buztina, bere prozesuak eta formak, dira erakusketa hau egituratzen daben elementuak”, osatu dau Carmen Marín masterraren arduradun eta erakusketaren komisarioak.

Artista bakoitzak ohikoa eta apurtzailea dana miatu dau, ausazkoa eta aurreikusten dana, bere hiztegia aurkitu ahal izateko. Presentzia fisiko “indartsua” daukien eskulturako objektuetan, espazioan zehar zabaltzen diran instalazinoetan edo ekintzak dokumentetan dituen ikus-entzunezko proiekzinoetan gauzatzen diran norbanakoen poetikak, “zeramikea arte garaikidean guztiz integrauta egotearen estatusa berretsiz”, esan dau Marinek.

Proposamenen artean, organikoa eta naturala aldarriketan daben formak aurkituko doguz, “zeramikak, plano emozionalean, naturagaz lotuago egotearen aurrean, gauza funtzional moduan zibilizazioaren planoan dagola dinon idea tradizionalagaz kontrajarrita”. Eta baita imajinario kulturalera eroaten gaituen eta “kosmobisino hememonikoaren, sareen, hartu-emonen, dimentsinoen eta gizakiak planetan beteten dauen eskalaren ganeko gogoetea proponiduten deuskuen piezak edo oraindino konpondu barik dagozan gaiak lantzen dituenak”, laburbildu dau masterraren arduradunak.

Erakusketea, Bizkaian prestautako talentu barriek egiten daben lana Bizkaiko Batzarrek hainbat urtetan EHUko Arte Ederretako Fakultadeagaz daukien akordioaren barruan dago. Batzar Nagusiek uriaren erdian dagon espazioa lagatzen dabe, artisten lana Bizkaiko ikusleengana errazago heldu daiten. GEA erakusketea azaroaren 30era arte egongo da zabalik uriaren erdian dagon Bizkaiko Batzar Nagusietako Erakusketa Aretoan (Hurtado de Amezaga kalea, 6 – beheko solairua. Bilbo), 08:00etatik 20:00etara, astelehenetik barikura. Sarrera librea izango da.

Lotutako artxiboak: