EMAKUMEAK, GAZTEAK ETA HEZKUNTZA MAILA TXIKIA DAUKIEN PERSONAK DIRA BIZKAIAN EUREN LANEAN COVID-19AREN ERAGINA GEHIEN JASAN DABEN KOLEKTIBOAK
- Sara de la Rica EHU/UPVko Ekonomia katedradunak, Covid-19aren krisia dala eta, lan barik geratu diran edo ABEEa jasan daben biztanleen soslaiaren ganean Iseak fundazinoak egin dauen Txostena aurkeztu dau Bizkaiko Batzar Nagusietan.
(Bilbon, 2020ko azaroaren 6an). Bizkaiko Foru Aldundiak, COVID-19aren krisialdiaren ondorioz lan barik edo ABEE batek ikututa dagozan biztanleen profilaketari eta Enplegua Babesteko 2020-2021 Planaren jarraipenari buruzko txostena aurkeztu ditu gaur Bizkaiko Batzar Nagusietako Enplegu, Gizarte Inklusino eta Bardintasunerako Batzordean. Biak be Aldundiko Enplegu sailak bultzatu ditu. Martitik irailera Lanbideren datuakaz egin zan lehenengoari jagokonez Sara de la Rica EHU/UPVko Ekonomia katedradun eta azterlanaren egileak esan dauenez, koronabirusa dala eta epealdi horretan euren lana galdu eben “25.000 personen” arteko kolektibo kaltetuenak “emakumeak, gazteak eta hezkuntza maila txikiagoa daukien personak” izan ziran.
Aldundiarentzat txostena egin dauen Iseak fundazinoko presidenteak txostenaren xehetasunak emon ditu. Zelangoa izan dan enpleoaren bilakaerea 2020ko zazpi hilebete horreetan, besteak beste. Azterlanak erakusten dauenez, hilebeterik txarrena bagila izan zan, enpleoak “%3” egin ebalako behera. Horrez gain, azterlanak galtzen dan eta sortzen dan enpleoaren, sektore ikutuenen, kontratu moten eta denpora tarte horretan beharra lortu daben personen soslaien ganeko klabeak emoten ditu.
Bere azalpen luzean, De la Ricak azaldu dauenez irailean Lanbideko zerrendetan egozan lanbakoen “heren bat” pandemiak eragin du. Bizkaian langabeziaren zifrak igon dituen persona gehienek “aldi baterako kontratua eukien”. Eta, izan be, kontratu horreek dira aurton lan merkaduaren bidea marketan ari diranak, zazpi hilebete honeetan sinatu diran kontratuen “%93” aldi baterakoak diralako, eta “erdia baino gehiago” hilebete baino gitxiagokoak dira. Ganera, kontratuen “%38” jardunaldi parzialekoak dira. Katedradunaren eretxiz, panorama hori “izugarria” da.
Janari eta edari zerbitzuen jarduerako sektoreak dira enpleo “gehien” galtzea eragin dabenak Bizkaiko “11 eskualde eta azpi-eskualdeen artetik 10etan”. Txikizkako merkataritzak, hezkuntzak eta aldi baterako enpresek aldi baterako kontratu “asko” galdu ditue. Industriari jagokonez, “enpleo gehien Arratia-Nerbioi, Durangaldea eta Gernika-Bermeo” eskualdeetan galdu da. Eta arrantzak, kontserba-industriak eta kautxuaren industriak “eragin handia” jasan eben Markina-Ondarroa eskualdean.
Lan merkadura itzuli ahal izateko faktoreen artean, Administrazinoen arreta gehien behar daben kaltetu nagusiak “emakumeak eta 45 urtetik gorakoak dira, bigarren mailako hezkuntza edo maila txikiagokoa daukienak, ostalaritzatik datozanak”. De la Ricaren eretxiz komenigarria da arreta “berezia” emotea gazteei, “langabeziatik laster urtetan ez badabe, bertan kronifikau egingo diralako”. Langabeziatik lehenago urtetan dabenei jagokenez, txostenak erakusten dauenez emakumeek lehenago izten ditue langabeziaren zerrendak (guztien arteko “%65” izan ziran), eta gauza bera gertatzen dan eta hezkuntza maila altuagoa daukien gazteakaz eta beste personakaz.
Sara de la Ricak adierazo dauenez, covid-19ak “handitu” egin dau gure lan merkaduan egoan lan prekariedadeko arazo estrukturala, eta esan dauenez, penagarria da enpleoaren berreskuratzea “soldataren jatsiera handian” oinarritzea, emakumeen eta gazteen artean, batez be. Beste orban baltz bat kontratuen errotazino “izugarria” da.
ENPLEOA DEFENDIDUTEKO FORU PLANA
Horren ostean, Teresa Laespada Enplegu, Gizarte Inklusino eta Bardintasunerako Foru Diputatuak bere sailak martitik aurrera bizkaitarren artean enpleorako aukerak sartzeko martxan jarri dituan programak laburbildu ditu. Zabalik dagon eta 2021eko martira arte luzatuko dan planak 9 programa jasoten ditu (Mantén, Transmisión Empresarial, Kontrata, Kontrata30, LaborLan, Bizkaia Digital eta 3R, Unibersidade, Enpresa eta Tokiko bersinoetan), eta inbertsino osoa 6,5 milioi eurokoa izango da.
ONARTU EZ DIRAN PROPOSAMENAK
Enplegu, Gizarte Inklusino eta Bardintasunerako batzordearen eguneko gai zerrendan Elkarrekin Bizkaiak, bardintasunerako politiketarako partida ekonomiko jakin batzuk barriro ezarteko edo horreei eusteko aurkeztu dituan arauz besteko proposamen bi jasoten ziran. Bata be ez da onartu. Foru Gobernua eusten daben talde biek (Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak) kontrako botoa emon dabe, eta ganerakoek (proposamena aurkeztu dauen taldeak, EH Bilduk eta Talde Bereziak-PPk), aldekoa.
Lehenengo ekimenean, euren ezaugarriak eta Covid-19aren egungo krisiak sortu dauen baliabideen faltea eta diru-bilketaren jatsierea dirala eta, emakumeen eta gizonen arteko bardintasuna bultzatuko daben jarduerak eta proiektuak aurrera eroateko laguntza gehiago behar daikien udalerri txikietara edo landa inguruetakoetara zuzendutako partida ekonomikoak “barriro ezarteko” eskatu gura eutsan talde “moreak” Aldundiari. Foru Gobernua eusten daben taldeek azaldu dabenez, une honetan Bardintasunerako Foru Araua garatzeko foru dekretua tramitetan ari da, dekretu horrek lurraldeko Udal “guztien” ekarpena jaso dau, eta bertan “ez da diru-laguntzetarako lerroa baztertzen”, esan dau Juan Otermin sozialistak.
Bigarren ekimenean, Bizkaiko Batzar Nagusiek Foru Aldundiari 2020ko aurrekontuetan bardintasunera zuzendutako aurrekontuetako partidak “osorik mantenidutea” edo “handitzea” eskatzeko planteau dau Elkarrekin Bizkaiak. Eva María Carbonerok defendidu dauen ekimenak Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeen ezezkoa jaso dau oraingoan be. Talde horreen eretxiz, covid-19a dala eta, “errealidadea aldakorra danez”, “beharrezkoa da partidak eta baliabideak ondo aukeratzea, proiektuak errealidade barrira egokituz”. Zentzu horretan, bardintasunari jagokonez, “pandemia egoerea dala eta badagoz gauzatu ezin izan diran partidak eta badagoz, baita be, aurreikusita ez egozan arren, gauzatu egin diran partida barriak”, zehaztu dau Oterminek.