Aurreko Albisteak

BATZAR NAGUSIEK AZKENENGO BULTZADEA EMON DEUTSIE 2017-2020 I. BARDINTASUN PLANARI, TXOSTEN OPERATIBOA ETA ERAGINARI JAGOKONA AURKEZTUTA

  • Partaideek adierazo dabenez, Planaren aplikazinoak aldaketa “positiboak” ekarri ditu daborduko Batzar Nagusietako bardintasun arloan.

  • Bizkaiko Batzarrak izan ziran genero bardintasuna bultzatzeko plana aurkeztu eben Estadu osoko bigarren Legebiltzarra, Nafarroakoaren ostean.

(Bilbon, 2020ko azaroaren 5ean). Covid-19a be ez da oztopoa izan Bizkaiko Batzar Nagusiek Emakumeen eta Gizonen Bardintasunerako 2017-2020 I. Plana aurrera eroateko daukien asmoa gelditzeko. Gaur bardintasuneko taldearen bilerea egin da Bilboko egoitzan. Taldean Mahaiko eta Batzarretako taldeetako kideek eta beharginek hartzen dabe parte, bardintasun arloko adituakaz batera. Orain hiru urte, bidea hasi zanean, ezarri zan gidoiari jarraituta, 2017-2020 Planaren txosten operatiboa eta eraginari jagokona aurkeztu da. Bertan, Bizkaiko Batzarretako kideen partaidetzea eta balorazinoa zehazten da, eta baita etorkizunean erabateko bardintasuna lortzeko gauzatu beharko diran ekintzak be.

Txostenean azpimarratzen danez, beharginen eta batzarretako taldeen arteko 10 gizon eta emakumetik 7k hartu dabe parte Bardintasun Planagaz erlazionautako jardueraren batean, eta danen eretxiz plana funtsezko tresnea izan da bardintasunean aurrera egin ahal izateko. Zehatzago esanda, partaideen eretxiz kontzientziazino handiagoa dago, erabilten dan lengoaia zaindu egiten da eta emakumeek politikan beteten daben lekua hobeto ikusiarazoten da. Azken urteotan kolektibo horrek presentzia handiagoa lortu dau batzordeetan eta erakundeko eta batzarretako taldeetako goi karguetan.

Bizkaiko Batzar Nagusien barruan bardintasunaren arloan eragin handiagoa lortu daben ekintzak Emakumeen Batzar Nagusia, emakumeen kontrako indarkeriaren aurreko gaitzespen instituzional handiagoa edo erakundeko personen bizitza kontzilietako gaiztasun gitxiago egotea dira. Partaide gehienen eretxiz, planak aldaketa positiboak bultzatu ditu, emakumeak erakundeko bizitzan inpliketako orduan, ordutegien hobekuntzan, gatazkak ebazteko protokoloa egitean eta, orokorrean, norbanako eta erakunde mailan kontzientziazino handiagoa sortzeko orduan.

HIRU URTEKO GARAPENA

Batzarretako talde guztiek aho batez onetsi daben bardintasunerako zeharkako plana 2017ko udan jarri zan martxan. Ana Otadui Batzar Nagusietako Lehendakaria izan da beharginek, Mahaiko kideek eta Batzarretako taldeetako ordezkariek parte hartu daben azkenengo bileraren burua.

Plana, administrazino publikoek bertako personen bardintasuna bultzatzera zuzendutako politika espezifikoak sartu behar dituela sinistetik sortu da. Batzarren kasuan, talde politikoek eta beharginek alkarregaz egiten dabe behar helburu horregaz, eta baita politika, gizarte eta ekonomia arloetako ganerako erakundeentzat bardintasun politiken arloko erreferente bilakatzeko xedez be.

Bizkaiko Batzarrak bardintasunerako plana onetsi eben Estaduko bigarren legebiltzarra izan ziran 2017an, Nafarroaren ostean, eta ordutik ia hiru urte daroaz barrutik behar garrantzitsua egiten, bardintasunerako politikak sustatzeko eta bultzatzeko helburuagaz.