ZOR BIZIA IA 600 MILIOI EUROTAN HANDITZEKO ASMOAREN BARRI EMON DEUTSE ALDUNDIAK BATZAR NAGUSIEI
- Bizkaiko Batzar Nagusietako Ogasun eta Finantzetako batzordeak, informazinoa emoteko saio monografikoa egin dau gaur, eta José María Iruarrizaga Ogasun eta Finantzetako diputatuak 2020. urterako Aurrekontuen Foru Araua aldatzeko asmoa azaldu deutse Batzarretako taldeei, 2020an zor bizia ia 300 milioi eurotan handitzeko; 2021eko aurrekontuetan be antzeko kopurua planteauko da.
(Bilbon, 2020ko azaroaren 5ean). Bizkaiko Batzar Nagusietako Ogasun eta Finantzetako batzordeak, 2020ko Bizkaiko Aurrekontuen ganeko abenduaren 27ko 6/2019 Foru Arauaren bigarren aldaketaren inguruko saio monografikoa bizi izan dau gaur. Bertan, Foru Aldundiak lurraldeko zorpetzea, urte honetarako bakarrik, 298,55 milioi euro handitzea planteetan dau. Osokoak onartu beharko dauen proposamenak aldaketa bat sartzen dau arauaren 31. artikuluan. Hori kontuan izanda, Aldundiak zorpetzeko eragiketak egin ahal izango ditu, 2020ko abenduaren 31n Aldundiaren zor bizia 1.528.552.000 eurotik gorakoa ez bada. Gaur egun, zorpetze hori 1.230 milioi eurokoa da. Asmoa, 2021ean be igoera hori errepiketea da. Horren ondorioz, gaur egungo zorra “%50” handituko litzateke.
Momentuz, 2020ko Aurrekontuen foru arauaren idazketa barrian, beste xedapen gehigarri bat sartzen da, eta bertan ezarten danez, zorpetze gehigarria (298.552.000 euro) “defizita edo 2020. urteko diruzaintza-geldikin negatiboa finantzetako itundu ahal izango da, kontuan hartu barik zein dan jatorria: kapital-gastuek sortua edo gastu arruntak sortua”, azaldu dau José María Iruarrizaga Ogasun eta Finantzetako diputatuak.
Aldaketa hori, Gobernu zentralak 2020. eta 2021. urteetarako arau fiskalak bertan behera itzi ditualako egin ahal izango da, eta erabagi Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoan lortutako akordioaren ostean heldu da. Irailaren 30eko akordio horretan, Foru Aldundientzako erreferentziazko defizita ezarri zan, Euskadiko Autonomia Erkidegoaren BPGren %0,9koa 2020rako eta %0,8koa 2021erako. Horren ostean, urriaren 15ean alkartu zan Herri Dirubideen Euskal Kontseiluak Lurralde historiko bakotxerako defizitaren zenbatekoa adostu eban, eta 2020rako aitatutako 298,55 milioi euro horreek jagokoz Bizkaiari.
Iruarrizagak azaldu dauenez, zor horren finantzaketea, Bizkaian ezarrita dagozan ohiko finantza erakundeakaz egingo da, “Kutxabank, BBVA, Banco Santander, Laboral Kutxa, Banco Sabadell eta Caixabankegaz”, besteak beste, eta “6 urteko” amortizazino epealdia ezarriko da.
Batzarretako talde guztiak zorpetze maila horren alde agertu dira, osasun krisiaren eta diru-bilketaren jatsierearen ondorioz lurraldeak izango dituan beharrei erantzun ahal izateko. Dana dala, oposizinoko taldeek gastu horren ildo orokorren ganeko zehaztapen handiagoa eskatu dabe. “2020ko aurrekontuaren beharrak finantzetara bideratuko da”, erantzun dau Iruarrizagak.