GERNIKAN AUTISMOA DAUKIENENTZAKO ZENTRO BAT EGINGO DALA IRAGARRI DAU ALDUNDIAK
- Sergio Murillo Gizarte Ekintzako diputatuak Batzar Nagusietan egindako agerraldian iragarri dauenez, zerbitzu barria, garuneko gatxa hartu dabenei edo gaixotasun neurologikoak daukiezanei arretea emoteko Lurgorri zentroak hartzen eban lekuan egongo da.
- Foru Gobernuak, EtxeTIC erronkan planteautako beharretarako soluzinoak dituen hogeta hamar erakunderen 33 proposamen jaso ditu.
- Foru erakundeak Belaunaldien arteko Getxoko Zentroa 9,9 milioi euroren truke martxan jarteko agindua onartuko dau datorren astean.
- Gizarte Ekintzako Batzordeak ez dau onartu Aldundiak egoitzetara bisitak egiteko plana barriro aztertzea.
(Bilbon, 2020ko azaroaren 4an). Sergio Murillo Gizarte Ekintzako diputatuak Bizkaiko Batzar Nagusien aurrean gaur egin dauen agerraldian iragarri dauenez, autismoa daukienentzako zentro barria egingo da Gernikan, orain arte garuneko gatxa hartu dabenei edo gaixotasun neurologikoak daukiezanei arretea emoteko Lurgorri zentroak hartzen eban lekuan.
Batzarretako EH Bildu taldeak eskatuta egindako agerraldian emon dau horren barri Sergio Murillok. Eskaera horretan, Lurgorriko zentroa “ezustean eta aurretik jakinarazo barik” itxi izanaren ganeko informazinoa eskatzen zan. Gizarte Ekintzako diputatuak adierazo dauenez, zentroak Urdaibaiko eskualdean autismoaren espektroko nahasmenduak daukiezan personentzat hauteman dan beharrari erantzungo deutso.
Lurgorri zentroa ixteari jagokonez, Sergio Murillok esan dauenez zentroak “lurraldeko puntu askotatik etorten ziran profil anitzeko personei” emoten eutsen zerbitzua, eta persona horreek “kasu batzuetan larogeita hamar minutuko bidaia egin behar eben”. Gizarte Ekintzako sailetik diagnostiko bat egin da, eta ikusi da alternatiba hobeak eta gertuagokoak dagozala. Hori dala eta, erabiltzaileek eguneko beste zentro batzuetan jaso ahal dabe laguntzea. “Abuztuaren bukaeran gertuago egoan eta euren beharretarako egokia zan zentroa proponidu geuntsen erabiltzaileei eta familiei”. Diputatuak defendidu dauenez, erantzun indibidualizatuagoak, egokituagoak eta gertuagokoak sarea eraldatzea eskatzen dau.
Izaskun Duque Batzarretako EH Bildu taldeko ordezko bozeroalea harrituta agertu da, diagnostikoa 2017an egin eta erabagia 2020an hartu dalako, COVID-19aren ondoriozko osasun krisiak guztiz baldintzatutako testuinguruan. “Gatxa egiten jaku sinistea erabagia erabiltzaileegan pentsauta hartu dala”.
Eneritz de Madariaga Elkarrekin Bizkaia taldeko bozeroalearen eretxiz, Lurgorri zentroa “gauez eta maltzurkeriaz” itxi da. Erabiltzaileen leku aldaketak behar besteko aurrerapenagaz landu behar dirala defendidu dau.
Eduardo Andrade (Talde Berezia / PP Bizkaia), Ana Berta Campo (Euskal Sozialistak) eta Asier López de la Fuente (Euzko Abertzaleak) bat etorri dira diputatuak emon dituan azalpenakaz.
Eguneko gai zerrendako beste puntu batean, Elkarrekin Bizkaia (EB) taldeak Sergio Murillo Gizarte Ekintzako diputatuaren agerraldia eskatu dau, Barakaldoko Vitalitas Santa Teresa egoitzaren egoerearen eta zerbitzua eta kalidadea aseguretako hartu behar diran neurrien barri emoteko. Eskaria justifiketako orduan Eneritz de Madariagak esan dau irailaren hasieratik gero eta handiagoak dirala kudeaketan eta zerbitzuen prestazinoan hauteman diran gabeziak.
Diputatuak Bizkaiko Foru Aldundiak lurraldeko gizarte zerbitzu publikoetan eta pribaduetan aurrera daroan lanaren sistematikea azaldu dau. Horretarako tresnak ofiziozko ikuskapenak, salaketen ondoriozko ikuskapenak edo maila goreneko erakunde batek aginduta edo eskatuta egiten diran ikuskapenak dira. Vitalitas Santa Teresa egoitzari jagokonez, urtean zehar ikuskapeneko 4 bisita egin dira, eta COVID-19aren infekzinoaren prebentzinorako eta kontrolerako teknikariek 3 prozedura gauzatu ditue. “Horreen artetik bakarrean be ez da arazorik edo arau hausterik hauteman”, adierazo dau.
ETXETIC ETA GETXOKO BELAUNALDIARTEKO ZENTROA
Beste alde batetik, Murillok jakinarazo dauenez, une honetan Bizkaian existiduten ez dan kudeaketa eta arreta eredu espezifikoa, Etxetic eredua, definiduteko “30 erakunderen 33 idea barritzaile” batzen dituan txostena argitaratu dau Aldundiak. Proiektu horren bitartez foru erakundeak, prebentzinozko izaeragaz etxean geratzen laguntzeko formula aitzindariak bultzatzen ditu eta, esperientzia pilotu moduan Bilboko Etxaniz Zentron eroango da aurrera. Jasotako proposamen kopuruak eredu barriak biztu dauen “interesa” erakusten dau, adierazo dau Murillok EH Bilduren erantzun-eskeari emondako erantzunean.
Horrez gain, eta Talde Bereziari erantzunda, diputatuak baieztu egin dau Getxoko Belaunaldiarteko Zentroak “bere bidea” jarraitzen dauela, eta “datorren egoitzen belaunaldi barriaren aurrerapena” izango dala. Zehaztu dauenez, “logelen %75 banakakoak izango dira, eta moduluek 25 plaza baino gitxiagoko izango ditue, alkarbizitzea errazteko”. Datorren martitzenean, Aldundiaren Gobernu Kontsejuak, datozan hiru urteetan “9.938.775 euroko” obrak egiteko Azpiegiturak erakundeari emondako agindua onartuko dau.
Talde Bereziko-PPko Eduardo Andrade batzordekideak erantzun dauenez, proiektuaren jarraipena herritarrei egindako “iruzurra” da, Ahaldun Nagusiak Politika Orokorreko osokoan iragarri eban egoitza ereduaren eraldaketak egoitzetako unidade txikiagoak, “25 plaza artekoak”, planteetan ebazalako. Murillok zehaztu dauenez, barriz, “100 adineko eta 40 gazte” alkarregaz biziko diran egoitza horrek baieztu egingo dau Rementeriak Gernikan adierazo ebana, hau da, Aldundiak “komunidadera zabalik egongo diran egoitzetan” oinarrituta egongo dan eredua sortuko dauela, “uriko ingurunean (Erromon), komunidade barruko alkarrekintzagaz eta belaunaldi desbardinen artean bizitzeko guneakaz”.
EZEZKOA EGOITZETAKO BISITA PLANA BARRIRO AZTERTZEARI
Gizarte Ekintzako batzordeak ez dau onartu, kontrako 9 botogaz (Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak) eta aldeko 6gaz (EH Bildu, Elkarrekin Bizkaia eta Talde Berezia-PP) Elkarrekin Bizkaia taldearen arauz besteko proposamen bat. Proposamen horren bitartez, egoitzek irailaren 22ko Foru Aginduan baimenduten diran aurrez-aurreko gehieneko bisita kopurua beteten dabela “zorrotz eta modu erregularrean” aseguretea eskatu gura jakon Aldundiari. Une honetan, bisita horreek bisitari bat onartzen dabe, ordubete egunean eta astean birritan, eta baita sistema telematikoen bidezko komunikazinoa be. Talde moreak asteko aurrez-aurreko gehieneko bisita kopurua barriro aztertzea be eskatzen eban.
Oposizinoko ganerako taldeak eskariaren alde agertu dira. EH Bildu apur bat harago joan da, senideek egoitzan dagozan personakaz kalera urtetako aukerea izan daien zuzenketa-eskea aurkeztuz, pasealdi terapeutikoak egiteko, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak COVID-19aren zainketarako eta kontrolerako argitaratu dauen azkenengo protokoloa kontuan izanda.
Proposamena ez da onartu, Foru Gobernua eusten daben talde bien eretxiz ez dalako “beharrezkoa” bisita gehiago egiteko aukerea zabaltzea, pandemiaren egungo egoerea dala eta. Jeltzaleak eta sozialistak bat etorri dira oposizinoko taldeakaz, bisita horreek egoitzetan dagozanen osasuna zaintzeko beharrezkoak dirala esatean, eta Aldundiak arlo horretan egin dauen beharra defendidu dabe, abaguneak kontuan izanda “pausuak emon dituala” esanez, gertukoen arteko alkarketak errazteko. Dana dala, gaixotasunaren bilakaerea kontuan izanda, une honetan “zuhurtziagaz” jokatu behar dala esan dabe, birusa ez daiten egoitzetan sartu.
BATZORDEBURUORDE BARRIA
Ana Berta Campo sozialistea izango da Gizarte Ekintzako Batzordeburu barria, Juan Otermin taldekidea ordeztuz. Aldaketea saioaren hasieran onartu da, aldeko 9 botogaz eta 6 boto zurigaz.