Aurreko Albisteak

BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEK BAT EGINGO DABE EUSKARALDIAGAZ

Batzarretan ordezkaritza daukien alderdi politiko guztietako hainbat batzarkidek eta Bilbo, Gernika eta Abellanedako beharginek parte hartuko dabe Euskaraldian 4 ariguneren bitartez.

(Bilbon, 2020ko urriaren 30ean) Bizkaiko Batzar Nagusiek babesa emon deutsie euskerea bultzatzeko azaroaren 20tik abenduaren 4ra egitekoa dan ekimen horri, eta horregaitik 4 “arigune” osatu dira erakundearen barruan: Bilboko administrazino egoitza, Gernikako Batzar Etxea, Abellanedako Batzar Etxea —Enkarterrietako Museoagaz batera— eta Bizkaiko Batzar Nagusietako kide diran alderdi politikoetako batzarkideak. Lau “arigune” horreek euskaraz jardungo dabe % 100ean, Bizkaiko Batzar Nagusiak osatzen dituen beharginen eta politikarien (guztira, 70 persona baino gehiago) inplikazinoari esker.

Joan dan eguaztenean, Osoko Batzarra amaitzean, Ana Otaudi Biteri Batzar Nagusietako Lehendakariak, Unai Rementeria Maiz Bizkaiko Ahaldun Nagusiak eta ganerako batzarkideek bat egin eben euskerearen aldeko ekimen horregaz, eta deia egin eutseen herritar guztiei 'Gehiago, gehiagorekin, gehiagotan' goiburua eukiko dauen bigarren edizino honetan parte hartzeko.

Bizkaiko Batzar Nagusiek herritarrak animau gura ditue, Ahobizi edo Belarriprest moduan, euskeraz bizitzera eta hizkuntzaren inguruko ohiturak aldatzera, euskerea geure inguruan normalizetako.

Aurton Euskaraldiaren bigarren edizinoa egingo da. Helburu nagusia da euskerea ulertzen dabenen artean euskerearen erabilerea handitzea, gizarteko eremu guztietara zabalduz, eta herritarren artean hizkuntzaren inguruko ohiturak aldatzea, euskerea gehiago erabiliz, bai beharrean, bai eguneroko ganerako jarduera guztietan.