ALDUNDIAK ABENDUKO LEHENENGO HAMABOSTALDIAN AURKEZTUKO DITU BIZKAIKO AURREKONTUAK
- Unai Rementeria Ahaldun Nagusiak onartu dauenez, “ezinezkoa izango da epe barruan aurkeztea”, jasaten ari garan pandemia egoerea dala eta.
- Foru Gobernuko arduradun nagusiak Herri-dirubideen Euskal Kontseiluaren urriaren 15eko bileraren eukiaren barri emon dau Bizkaiko Batzar Nagusien aurrean.
(Bilbon, 2020ko urriaren 29an) Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusia berak eskatuta etorri da gaur Bizkaiko Batzar Nagusietara, Herri-dirubideen Euskal Kontseiluaren (HDEK) urriaren 15eko bileran landutako eukiaren ganeko informazinoa emoteko. Pandemia Bizkaian eragiten ari dan bigarren olatuan, Bizkaiko Foru Aldundiko arduradun nagusiak esan dau 2021eko Bizkaiko aurrekontuen proiektuaren aurkezpena “abenduko lehenengo hamabostaldira” atzeratuko dala, “ezinezkoa izango dalako epe barruan aurkeztea”.
Iragarkia Bizkaiko Batzarretako Iraskunde, Gobernu On eta Gardentasunerako Batzordean egin da. Ahaldun Nagusia Herri-dirubideen Euskal Kontseiluaren bileraren eukiaren barri emotera joan da, beste urte batzuetan moduan. Bilera horretan, Eusko Jaurlaritzak eta foru aldundiek urte honetarako diru-bilketaren aurreikuspena aztertu eta 13.411,6 milioi eurotan ezarri eben, hau da, 2019an baino 2.058 milioi euro gitxiago eta lehenengo kalkuluak baino mila milioi gitxiago. Bizkaiak 1.090 milioi euro gitxiago batzea aurreikusten da, %13,6ko jeitsierea, igaz jasotakoagaz alderatuta.
HDEKren bileran datorren urteko agertokira lehenengo hurbilketea be egin zan. Hurrengo Aurrekontuak egiteko erabiliko dan aurreikuspenak erakusten dauenez, foru ogasunek 14.250 milioi inguru batuko ditue 2021ean, aurton baino %6,3 gehiago. Batzarretako talde batzuek euren “zalantzak” agertu ditue aurreikuspen horreen aurrean, pandemiaren bilakaera negatiboa eta une honetan indarrean dagozan konfinamendu perimetraleko neurriak dirala eta. Rementeriak zuhur jokatu gura izan dau, eta aurreikuspenak BPGean oinarrituta egiten dirala azaldu dau. BPGa %8,9 haziko da 2021ean, eta horrek lurraldeko diru bilketea %6,3 handituko dau. Bere eretxiz positiboa da laneko esparrua une honetako konfinamendu perimetraletik kanpo geratu izana, baina “ostalaritzan, merkataritzan eta garraioan” eragin handia eukiko dauela onartu dau.
Rementeriak Lurraldeen arteko Doikuntza Funts Orokorraren (122,7 milioi) eta Gizarte Zerbitzuen Erakundeen arteko Funtsaren (20 milioi) zifra nagusiak be zehaztu ditu, eta baita urriaren 20an egin zan Bizkaiko Finantzen azkenengo Lurralde Kontseilutik urten eben datuak be. Bertan, Udalkutxa Funtsaren hasierako aurrekontua 148,8 milioitan murriztea erabagi zan, doikuntza barriagaz 901 milioitik 753 milioira pasauz.
BATZARRETAKO TALDEAK
Talde Bereziaren (PP) eretxiz, 2020rako aurreikusten dan egoerea “kezkagarria” da, eta benetako agertokia beharbada “txarragoa” izan daitekela be aitatu dau, aurreikuspen horretan ez diralako kontuan hartu pandemiaren bigarren olatuak eragin dauen kofinamendu perimetral barriaren ondorioak. Amaya Fernández bozeroaleak, Foru Gobernuak “balio erantsirik emoten ez daben” gastuak murrizteko eskatu dau. Kontroleko osokoan atzo egin eban moduan, proposamen bat aurkeztu dau, Aldundiak ez daian presino fiskala handitu, Gobernu zentralak egin gura dauen moduan, bere berbetan kontuak egokitzeko “konponbiderik txarrena” izango litzatekelako.
Elkarrekin Bizkaiarentzat “gaitza” da aurreikuspen zuzena egitea bigarren olatua indar osoz jasaten ari garan une honetan, baina “baikorregia” ikusten dau Euskadiko BPGa 2021ean %8,9 igongo dala esatea (Airef erakundeak %3,5ean jarten dau), eta datu hori oinarrizkoa da foru ogasunen diru-bilketea kalkuletako. Eneritz de Madariaga bozeroaleak urte honetarako eta hurrengorako Aldundiaren defizitaren ganean galdetu dau, eta udalerriek zelan itzuliko dituen Udalkutxaren 59 milioi euroak. Bere berbetan, positiboa da 2019ko udal funtsaren 26 milioiak datorren urteko lehenengo hiruhilekoan entregetea.
Batzarretako Euskal Sozialistak taldeak “nasaitasuna” eskatu deutse erreforma fiskala eskatzen dabenei, eta argi itzi dau Espainiako estaduak Europako herrialde nagusiek baino “bost puntu” gitxiagoko presino fiskala daukala. Zerrenda horretan “azken aurrekoak” gara, esan dau Juan Otermin talde horretako bozeroaleak, eta mezu bat zabaldu gura izan dau herritarrentzat: “gauzak ez dagoz ondo, baina Foru Gobernuaren apustua hemendik danok alkarregaz urtetea eta inor atzean ez geratzea da”, esan dau.
Arantza Urkaregi EH Bildu taldeak batzordean daukan bozeroalea, Soziedadeen Zergaren bitartez diru-sarreren atalean enpresek egiten daben ekarpen txikiagoan (-%34) zentrau da, PFEZak izan dauen jeitsiereagaz (-%2,4) alderatuta. Horrez gain, bere eretxiz udalen artean egiten dan Udalkutxa funtsen egungo banaketea “bidebakoa” dala esan dau. Arantza Urkaregi batzordekidearen eretxiz, Rementeriaren berbetan aurtengo “diru-bilketan egongo dan jetsiereari aurre egiteko” egongo dan %0,9ko defizita udalakaz %50ean partekatu daiteke, Foru Gobernuak sarritan erabilten dauen “arrisku partekatuaren” filosofian oinarrituta.
Jesús Lekerikabeaskoa Euzko Abertzaleak taldeko bozeroaleak zehaztu dauenez, diru-bilketaren aurreikuspenak “une jakin bakotxa” erakusten dau, eta aurreikuspen horreek aldatu egin daitekez. Zerga ereduari jagokonez, eredu horrek berez ezin dau “magiarik” egin, jasaten ari garan krisiak ekarri dauen diru-bilketa orokorraren jetsierea aldatzeko. Eta udalen finantzaketari jagokonez, batzordekide jeltzalearen eretxiz “positiboa” da Udalek lehenengo hiruhilekoan 2019ko Udalkutxa funtsaren 26 milioi euro jaso ahal izatea, eta baita Aldundiak datorren urtean berreskuratu behar dituan 59 milioi euroak “hiru urtetan itzuli ahal izatea, urtebeteko gabeziagaz”, Ahaldun Nagusiak baieztu dauen moduan.