Aurreko Albisteak

REMENTERIAK USTE DAU EUROPAK, BERE FUNTSAKAZ, "LAGUNDU EGINGO DITUALA" BIZKAIA "ERALDATZEKO PROIEKTU HANDIAK"

  • Foru Gobernuak, oposizinoaren lau itauni eta ahozko sei erantzun-eskeri erantzun deutse Gernikako Batzarretxean gaur egin dan kontroleko osokoan.

(Gernikan, 2020ko urriaren 28an). Bizkaiko Batzar Nagusiek Foru Gobernua kontroletako beste osoko bat egin dabe gaur Gernikan. Bizkaiko 51 ordezkariek parte hartu daben saioan, Elkarrekin Bizkaiak eta EH Bilduk egindako itaun biri erantzunda, Europako funtsak eskuratzeko eta Covid-19ak eragindako krisiari aurre egiteko Bizkaiak dituan proiektuen barri emon dau Aldundiak. Holan, Unai Rementeria Ahaldun Nagusiak esan dau bere ustez Europak “lagundu egingo dituala” bere Gobernuak Gasteizko Jaurlaritzara bideratu dituan “Eraldaketarako eta hobekuntzarako proiektu handiak”. Helburua, “itzuli behar ez diran transferentzietan” aurreikusitako 72.000 milioi euroen parte bat jasotea da.

Foru Aldundiko arduradun nagusiak azaldu dauenez, Bizkaia proiektuak “prozesuaren une bakotxera ari da egokitzen”, pandemiaren bilakaerak baldintzatuta. Euskadiko ganerako administrazinoakaz batera, Lurraldearentzat “funtsezkoak” izango diran proiektuak bilatzen ditu. Rementeriak esan dauenez, Foru Gobernuak, “Europaren lehentasunakaz bat datozan proiektu handi horreek ditu”. “Agintaldi honetako proiektuak dira”, eta horreek gauzatzea “ez da funtsak ailegetearen menpe egongo”, esan dau, “horreetako gehienetan”, behintzat. Halanda be, baikor agertu da, Autonomia Erkidegoetako buruen azkenengo konferentzian, Ursula Von del Leyen Europar Batzordeko presidenteak barrikuntza digitalaren eta industrialaren “eredu” moduan jarri ebazalako “Bilbo eta Euskadi”.

Zehatzago esanda, berak lehentasunezko lau ardatzetan sartzen dituan proiektuak aitatu ditu Rementeriak: sistema sozio-sanitarioen eraldaketea, eraldaketa digitala, energia arloko eraldaketea eta mobikortasunaren eraldaketea. Lehenengoari jagokonez, esan dau uste dauela Europak EtxeTIC eredua Bizkaian zabaltzeko, eskualde mailako erreferentzia zentroak ezarteko edo belaunaldien arteko Getxoko zentroa garatzeko prozesua lagunduko dituala. Modu berean, bigarren ardatzean, uste dau Bizkaiak dirua jasoko dauela banda zabala lurralde osora eroateko, “Silver Economy” izenekoa bultzatzeko eta adimen artifizialean aurrera egiteko. Ingurumena hobetzeari jagokonez, Rementeriak hidrogenoaren edo sare adimendunen (EIC) aldeko apustua aitatu dau. Eta “trena, bizikletea eta zapatillea” bultzatuko dituan mobikortasun jasangarria lortzearen garrantzia be nabarmendu dau. Horretarako, Metroa Galdakaora eta Usansoloko ospitalera luzatzea, Feveren Enkarterriko linea hobetzea, bidegorri eta bide berde gehiago eregitea eta “Europako errepide ardatz handiak” hobetzea aitatu ditu.

Batzarretako Elkarrekin Bizkaia taldeak kritikau egin dau urri honetan bertan jakinarazo dan proiektuen zerrendea. “Zaharra da, eta etorkizunerako asmo gitxikoa”, definidu dau Xabier Benitok, “azpiegitura kutsagarri handietan” zentretan dalako, eta “apur bat bez” ekosistemen kontserbazinoan, Garapen Jasangarriko Helburuakaz (GJH) bat datozan proiektuetan, edo ekonomia “berdean eta zidarrezkoan”.

Izaskun Duque EH Bilduko batzarkideak be bat egin dau kritika horreekaz, ekonomia eta gizarte arloko eragileen “partaidetza handiagoa” eta idea horreek zehazteko “lizitazino publikoa” faltan botatean. Koalizino abertzalearen ordezkariak esan dau penagarria dala “milioi askoko transferentziak” eskatzea Iberdrola edo Petronor moduko enpresa handiak parte hartzen daben proiektuetarako, estrategia hori definiduteko orduan “inor kontuan hartzen ez dan” bitartean. Ordezkari biek kritikau egin dabe zerrendea kanpoko kontsultoretza batek (PWC) definidu izana, horrek argi eta garbi erakusten dauelako Gobernua “ez dala gai” lurraldearen “lehentasunak zehazteko”.

NEURRI FISKALAK

Talde Bereziak (PP) Foru Aldundiko arduradun nagusiari zuzendutako itaun batean, José María Iruarrizaga Ogasun eta Finantzetako diputatuak pandemiaren hasieratik martxan jarritako neurri fiskalen eta ekonomikoen barri emon dau, eta, etorkizunerako, Foru Aldundia Mariana Machucato ekonomialariaren azterlana itxoiten dagola esan dau. Azterlan hori “ahalik eta arinen” aurkeztuko da Bizkaiko Batzarretan, eta GJHak oinarri izango dituen eta etorkizuneko “hiru erronken” kontra burruka egingo daben “irismen handiko” beste neurri fiskal batzuk sartzeko gida izango da. Bere berbetan, erronka horreek “zahartze demografikoa, klimaren aldaketea, eta jarduera ekonomikoa kalidadezko enpleoakaz indartzea” izango dira.

Amaya Fernández talde popularreko bozeroaleak “neurri fiskal gehiago atoan” hartzeko eskatu deutso, krisia hasi zanetik “atzerapen fiskalak eta zorpetze gehiago” baino ez diralako proponidu. “Merkel eredura” igoteko eskatu deutso Bizkaiari, hau da, “zergak jeistea eta enpresei laguntza zuzenak emotea”, eta Gobernu zentralak atzo bideratu eban eta “zergen igoeran eta gizarte arloko gastu handiagoan” zentretan dan planteamentua alde batera iztea.

BELAUNALDI BARRIKO BANDA ZABALA

Goizeko saioko laugarren eta azken ituna Ahaldun Nagusiari egon da zuzenduta. EH Bilduk “10 milioi euroko” laguntzen bitartez lurraldean belaunaldi barriko banda zabala zabaltzearen ganean galdetu dau. Ahaldun Nagusiak erantzun dauenez, proiektu hori “funtsezkoa” da udalerri guztiak abiadura handiko Internet bitartez konektauta egon daitezan eta persona guztiek “aukera berberak euki” daiezan, leku batean edo bestean bizi badira be. Bizkaiko 112 udalerriak “lehen mailakoak” izan behar dira, hain zuzen be.

Koalizino abertzaleak kritikau egin dau diru-laguntza horreek guztiak telekomunikazino konpainietara zuzenduta egotea, eta ez udaletara. Arantza Urkaregi batzarkideak adierazo dauenez, Foru dekretuak esaten dau Administrazinoak instalazinoaren gastuaren “%90” ordainduko dauela, eta operadoreek “%10 bakarrik”; inbertsino hori denpora asko igaro orduko berreskuratuko dabe “bezero barriak lortuko dituelako”. Zumaiako Udalaren eredua defendidu dau.

Rementeria aukeratutako sistemaren alde agertu da, “norgehiagokan oinarritutako diru-laguntzak” hain zuzen be, “eraginkorragoa” dalako, inbertsino publikoari “ahalik eta etekin handiena” atara behar jakolako eta zerbitzurik ez daukien “gune bigunak” diralako, operadore pribaduentzat ez diralako errentagarriak. Operadoreen aldetik “hiru urteko epean jarduteko aurreikuspenik” ez daukien guneak dira. Halanda be, laguntza horreek eskaintza publikoak aurkezteko aukerara zabalik be badagoz. Dana dala, Ahaldun Nagusiak dakienez, ez dago hori egiteko asmorik daukan “udalik edo mankomunidaderik”.

AHOZKO ERANTZUN ESKEAK

Horren ostean, Foru Gobernuak, oposizinoak egindako ahozko sei erantzun-eskeri erantzun behar izan deutsaz. Horreetako batean esan danez, “42 Urduliz” proiektua “2021eko lehenengo seihilekoan” jarriko da martxan; beste batean, Foru Gobernua “pausuak emoten dabilela” Getxo eta Bilbo arteko bidegorria eregiteko planaren “buru izateko eta plan hori koordinetako”.

Beste erantzun batean, Elena Unzueta diputatuak esan dau Larrialdien Euskal Sistemak “larrialdietan basoen zerbitzuko profesionalek Bizkaiko larrialdietan parte hartuko dabela bermatzen dauela”, baina Xabier Benitok (Elkarrekin Bizkaia) esan dauenez, hori ez dator bat errealidadeagaz, eguneroko jardunean “hori ez dalako holan egiten”.

Horrez gain, Gizarte Ekintzako diputatuak, EH Bilduk eskatuta, Batzar Nagusien aurrean jakinarazo dau bere sailak barriro luzatuko dauela laguntza behar daben adinekoentzako Bizkaiko egoitzen kontzertua. Une honetan indarrean dagona datorren abenduaren 31n amaituko da. Sergio Murillok azaldu dauenez, ez dabe “aldaketa asko izango dituan” eta pandemiaren une honeetan “estreserako faktore” izan daiteken kontzertazino barria gura. Izan be, une honetan ahaleginak birusa “egoitzetan ez sartzean” kontzentrau behar dira. Bestelakorik egitea “maniobra arriskutsua” izango litzateke.