ENKARTERRIETAKO MUSEOAK IKASGELARA EROAN DITU BERE ESPERIENTZIA PEDAGOGIKOAK, KORONABIRUSA DALA ETA
· BIZIt Enkarterrietako Museoa izeneko ikasgelak hasi dira; igazko ikasturtean Lehen eta Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko 7.000 ikasle baino gehiagok emon eben izena.
(Abellanedan, 2020ko urriaren 27an). Bizkaiko Batzar Nagusien esku dagon Enkarterrietako Museoak Bizkaiko ikastetxeei zuzendutako hezkuntza tailerrak hasi ditu daborduko. Enkarterriko museoak gauzatzen dituan hezkuntza ez formaleko programak lurraldeko ikastetxe askotako curriculum eukien programazinoaren barruan dagoz daborduko. Igazko ikasturtean 6 eta 16 urte arteko 7.000 ikasle baino gehiago igaro ziran ikastaro horreetatik, pandemia zala eta martiaren erdialdean bertan behera itzi behar izan ziran arren. Hori dala eta, lehen aldiz, tailer horreek ikasgelara joan dira. Lehenengo esperientzia joan dan astean izan zan, Bilboko Jesuitinas ikastetxean, Historiaurreko Tailerraren egokitzapenagaz.
Egungo osasun egoera dala eta, ikasle askorentzat ezinezkoa da museo gunera joatea eta gure historiako pasarteak bizipenean oinarrituta ikastea. Hori dala eta, Enkarterrietako Museotik ikasgelan lantzeko proiektua egin dabe, irakaskuntzako jardueren funtsa eta praktika esperimentalen praktikak ikastetxeetara eroanez. Egokitzapena osasun protokolo zorrotza jarraituz gauzatu da.
3D programa informatiko baten bitartez, ikasleek historiaurreko aztarnak dituen hainbat kobazulo bisitau ahal izan ebezan, hareen barruan dagozan labarretako margolanak ezagutuz. Horren ostean, paleolitoko teknika artistikoetan sakondu eben, eta euren tresnak egin ebezan, praktika esperimentalaren bitartez. Esperientzia bukatzeko, sua egin eben aide librean.
HIRU MODALIDADE
Abellanedako Batzarretxean (Sopuerta) dagon Bizkaiko Batzar Nagusien kultur guneak koronabirusa prebeniduteko neurrietara egokitu ditu bere tailer eta ekimen didaktiko guztiak (talde mugatuak, personen arteko tartea, maskarak edo musturrekoak, jarduerak aide librean, materiala desinfektauta…). Ikastetxeek hiru modalidaderen artean aukeratu ahal izango dabe: presentziala edo aurrez aurrekoa museoan, presentziala ikasgelan edo online. Beste urte batez, Enkarterrietako Museoak bere giza baliabideak eta baliabide materialak jarriko ditu hezkuntza komunidadearen esku.
Museoak eskualdeko bizitzea eta historia erakutsiko ditu historiako garai desbardinen ganeko tailer praktikoen bitartez, Bizkaiko ikasleek esperimentazinoaren bitartez ikasi daien. Aurtengo barrikuntzen artean, Abellanedako Batzarren historia ezagutzeko egingo dan aide libreko bisitea, eta emakumeak Erdi Aroan bizi eban errealidadean eta Enkarterriko historiaurreko artean sakonduko daben atal barriak egongo dira.
Ekimen horreek, urtero interes handia pizten daben jarduerakaz osatuko dira. Martxan jarriko diran lehenengo jarduerak Historiaurrearen ganeko tailerrak izango dira. Barrikuntza moduan, 3D teknologiaren bitartez historiaurreko artera eta Erdi Arora egingo dan hurbilketa barritzailea aurkeztuko da. Erdi Arora egingo dan hurbilketa horrek, edizino honetan, emakumeen nortasunetan sakonduko dau, enpatia historiko ariketaren bitartez.
Ikastetxe bakotxak bere errealidadera ondoen egokitzen dan formatua aukeratu ahal izango dau jarduerak gauzatzeko. Kasu guztietan, museoko kideak izango dira jarduerak zuzendu eta garatuko dituenak. Formatu birtualean, ikastetxeek, museoko hezitzaileek bideratuko dituen atal praktikoak gauzatzeko beharrezkoa dan norbanakoentzako materiala jasoko dabe.
Enkarterrietako Museoak edegi dau daborduko Bizkaiko ikastetxeek jardueretan izena emoteko epea, planteau dan formatuen artean edozein aukeratuta. Interesauta dagozan zentroek museoko telefono zenbakien (94 650 44 88 / 94 610 48 15) edo helbide elektronikoaren bitartez eskatu ahal izango dabe aurretiazko hitzordua
Aurreko ikasturtean 7.000 ikaslek baino gehiagok ikasgela didaktiko horreetako izen-emoteen kupoa bete eben, gehienak Bizkaiko herrietatik etorritakoak. Dana dala, azpimarratu behar da Kantabriako eta Gipuzkoako ikastetxeek be hartu ebela parte museoko jardueretan.