Aurreko Albisteak

ALDUNDIAK BERRETSI EGIN DAU EUKALIPTOEN LANDAKETEA "FINANTZETAN EZ LAGUNTZEKO" KONPROMISOA

  • Iraunkortasunerako eta Ingurune Naturalerako batzordeak ez dau onartu Karrantzako alkatea Batzar Nagusietara etortea uraren arazoaren barri emoteko.

(Bilbon, 2020ko urriaren 26an). Elena Unzueta Iraunkortasunerako eta Ingurune Naturalerako foru diputatuak berretsi egin dau Aldundiak etorkizunean eukaliptoen landaketea “finantzetan ez laguntzeko” daukan konpromisoa. Azken garaiotan espezie hori pinua ordezten ari da Bizkaiko ustiapen pribadu askotan, banda marroiaren gaixotasuna dala eta. Eukaliptoak “arriskuan jarten ditu lurraren kalidadea eta ezaugarriak, urak, animalia eta landare espezieak, eta basoetan suteak gertatzeko arriskua handitzen dau”, gogoratuazo deutso Raúl Méndez EH Bilduko ordezkariak. Hori dala eta, koalizino abertzaleak Aldundiko arduradunaren presentzia eskatu eban, Bizkaian espezie horren landaketeari aurre egiteko Aldundiak ezarri behar dituan neurriak azaltzeko.

Unzuetak argi itzi dau bere saila Euskadiko ganerako administrazinoakaz modu koordinauan ari dala beharrean, “alkarren arteko azterketea eta plangintzea” prestetako. Dana dala, momentuz, Foru administrazinoak ezin dau saihestu jaubeek espezie hori aukeratzea, eukaliptoa Ministerioko espezie inbaditzaileen katalogoan sartuta be ez dagolako. Dana dala, Aldundiak 2030era arteko Euskadiko Baso Plana eguneratzea eskatuko dau “denpora gitxi barru”, gai horri zelan heldu ahal jakon ikusteko.

Aldundiko arduradunak ukatu egin dau Aldundiak neurririk hartu ez dauenik Bizkaiko lurraldean eukaliptoaren hedapenari aurre egiteko. “Gaur egun” ikuspuntu juridikotik ezin daike holangorik planteau. “Ezin dogu eukaliptoaren landaketea debekau”. Holan, Unzuetak azpimarratu dauenez, “orain dala 12 urtetik” bere sailak zugatz hori kendu egin dau Aldundiaren diru-laguntzak dituen espezieen zerrendatik, eta holan egiten jarraituko dau “etorkizunean”.

ORCONERAKO ZABORTEGIA

Elkarrekin Bizkaia taldeak Orconerako (Ortuella) hondakin geldoen zabortegiaren ganean egindako galderari erantzunez Batzordean emondako beste erantzun batean, Unzuetak azaldu dauenez, 2015etik Garbiker, 2008tik itxita dagon zabortegiaren “itxiera osteko fasean” ari da beharrean, gasak 30 urtetan kudeatzeko Eusko Jaurlaritzak agintzen dauen beharra betez.

Elkarrekin Bizkaiak salatu dauenez, kontraesanak dagoz Aldundiaren erantzunaren eta Plural-Anitzak auzokideen alkarteak jasotakoaren artean, alkarte horrek hondakindegian “sute txikiak” dagozala salatu dauelako. Unzuetak Aldundiaren esku dagon enpresaren jarduketea defendidu dau, “arautegia beteten ari dalako” eta, beste gauza batzuen artean, biogasa ekoizteko gas kopuru “txikiak edo oso txikiak” batzen dituen hodien sare sistemea eregiten ari dala gehitu dau.

EZEZKOA KARRANTZAKO ALKATEA ETORTEKO ESKARIARI

Iraunkortasunerako eta Ingurune Naturalerako Batzordeak ez dau onartu, Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeen aldeko botoakaz, Raúl Palacio Portillo Karrantzako alkatea beste saio batera etorteko eskaria. Eskari hori Elkarrekin Bizkaia eta EH Bildu taldeek egin dabe, eta Talde Berezia-PPgaz batera, alkatea Batzar Nagusietara etortearen alde agertu dira, eskualde horretan uraren inguruan dagon arazoa azaltzeko eta, zehatzago esanez, Bizkaiko Foru Aldundiak udalerri hori Bizkaiko Ur Partzuergoan sartzeko egindako “exijentzia”, Hondakin Urak Arazteko Estazinoa eregi ahal izateko.

Foru Gobernua eusten daben talde biak alkatea Bizkaiko Batzarretara etortearen kontra agertu dira, “azalpenak emon behar dituan lekua bere udalerria dalako”. “Printzipio bi argi eta garbi daukaguz –zehaztu dau Jesús María Ortiz sozialistak–, udalerrien independentziarena eta erakundeen arteko lankidetzarena”. Kasu honetan, Iraunkortasunerako eta Ingurune Naturalerako sailaren eta Udalaren arteko alkarrizketak “sarritan” emoten dira.