Aurreko Albisteak

ENKARTERRIETAKO MUSEOAK OSASUN ARLOKO AHOLKUETARA EGOKITUKO DAU DOMEKA HONETAKO BURDINOLEN IBILBIDEA

· Barbadun errekatik egingo dan 12 kilometroko ibilbidea talde txikiagoakaz, segurtasun tartea gordez eta musturrekoa eroanda egingo da.

(Bilbon, 2020ko urriaren 23an). BURDINOLEN IBILBIDEAREN XII. edizinoa domeka honetan, urriaren 25ean, izango da, eta osasun egoerara egokitu beharko da. Bizkaiko Batzar Nagusien esku dagon Enkarterrietako Museoak antolatzen dau ibilbidea, eta Barbadun/Mayor errekaren ubidean hazten dan landarediak ezkutetan dituan ibilbideko industria eta ondare arloko sekretuak ezagutzeko ibilbide segurua planteau dau.

Aurton, jardueraren jatorrizko izpirituari barriro ekiteko ahaleginean, eta jasaten ari garan osasun egoerak baldintzatuta, arro horretan kontserbetan diran burdinolen aztarnak sakon ezagutzeko edizinoa egingo da, ezarrita dagozan segurtasun neurri guztiak gordeta. Egoera barrira “egokitutako” ibilbidea izango da, eta kultur ibilbide gidau moduan funtzionauko dau.

Ibilbidea laburtu eta partaide kopurua mugatu egingo da. Talde txikiak osatuko dira, gidaria barne, alkarren artean bereizita, ibilbide osoan segurtasuneko tartea gordetan dala bermatzeko eta beharrezkoa izango da une oro maskara edo musturrekoa jarrita eroatea.

12 KILOMETRO

Aurtengo edizinoak 12 kilometroko ibilbide gidaua aurreikusten dau, eta Muskiz eta Ballibián/Valdivian (Galdames) artean kontserbetan diran burdinolen aztarnen ezagutzan eta ulermenean sakonduko dau. Sei geldialdi egingo dira, instalazino bakotxean bat.

Ibilbidea San Joan plazan (Muskiz) hasiko da, eta bertatik Barbadun errekaren ertzera bideratuko da. Lehenengo geldialdia Purísimo zubia (Muskiz) baino lehen egingo da. Bertan, Bado Ondero burdinolaren eta errotaren (XVIII-XIX. mendeak) aztarnak kontserbetan dira. Zubia igaro eta metro batzuetara, beste geldialdi bat egingo da Los Vados ontziola (XV-XVI. mendeak) egon zan puntuan. Ibilbideak bide zaharretik jarraituko dau, Billotxiko errotaren eta ontziolaren (XVIII-XIX. mendeak) aztarnen ondotik, kilometro batzuk aurrerago, El Pobaleko errotara eta ontziolara (XVI-XXI. mendeak) heltzeko.

Beste geldialdi txiki baten ondoren Galdameseko lurretan sartuko gara, eta La Hoyako burdinolaren (XVIII-XIX. mendeak) aztarna ikusgarriak ikusiko ditugu. Eta erreka izkinatik jarraitu ostean, taldeak Ballibian edo Valdivián izeneko ontziolara eta errotara (XVI-XIX. mendeak) helduko dira. Puntu horretatik, autobus batek hasierako puntura hurbilduko ditu partaideak.