Aurreko Albisteak

ALDUNDIAK "EUTSI EGINGO DEUTSO" ETORKIZUNEKO LAN ESKAINTZA PUBLIKOARI, KORONABIRUSAREN BILAKAEREA BAT EDO BESTE BADA BE

  • Covid-19agaitik gaixorik dagozalako edo gaixorik egon barik be konfinauta dagozalako LEPera joan ezin diran hautagaientzako alternatibak bilatzea eskatu deutso Oposizinoak Foru Gobernuari.

  • Aldundiak jakinarazo dauenez, koronabirusa ezin leike azterketa bat atzeratzeko zergaitia izan, proba batera joan daitekezan hautagaien kasuistikea “infinitua” dalako.

  • Foru Gobernua eusten daben taldeek ez dabe onartu berreraikuntzarako lantalde bat sortzeko aukerea, eta irailaren 25ean Lehendakariak jakinarazo eban plana ondo aztertzeko eskatu deutsee Batzarretako ganerako taldeei, horren ostean “Bizkairako lankidetzarako gunerik onena” bilatzeko.

(Bilbon, 2020ko urriaren 22an). Bizkaiko Batzar Nagusietako Iraskunde, Gobernamentu On eta Gardentasunerako Batzordeak, pandemian oso-osorik gagozan honetan Lan Eskaintza Publikoen garapena eta funtzionamentua landu dau gaur, Elkarrekin Bizkaiak eskatuta. Aldundiak irailaren 15ean, 19an eta 26an egin ebazan probatan martxan jarritako prebentzinozko neurrien ganeko informazinoa emoteko egin dauen agerraldian, Ibone Bengoetxea Herri Administrazio eta Erakunde Harremanetarako Diputatuak esan dau Aldundiak lan eskaintza publikoari “eutsiko deutsola” etorkizunean, koronabirusak lurraldean daukan bilakaerea bat edo beste bada be.

1.000 hautagai inguru deituta egon ziran probei jagokenez, Bengoetxeak azaldu dauenez, “ahalik eta leku seguruenetan” egin ziran. Aldundiak, Aukeraketa eta Laneko Arriskuen Prebentzino zerbitzuen bitartez, proba horreetarako sarbidea “diskriminazino barik eta prebentzinorako bermeakaz” egitea bermatu eban, foru erakundeak azkenengo hilebeteetan onartu dituan foru aginduetan eta jarraibideetan oinarrituta. Horretarako, deialdietarako “hainbat gune” egokitu behar izan ziran, “tenperatura hartuta, musturrekoak eta jelak erabilita eta edukierak kontrolauta”; neurri horreek “esfortzu handia” eskatu deutsie sailari, giza baliabideei eta baliabide ekonomikoei jagokenez.

Neurriak zalantzan jarri barik, Eneritz de Madariaga Elkarrekin Bizkaia taldeko bozeroaleak, “egokiak ez diran egoerak” kritikau ditu, hautagaiei etxean tenperaturea hartzeko eskatzea, adibidez eta, batez be, gaixorik badagoz edo covid gaixoakaz hartu-emon zuzena euki badabe etxean egoteko eskatzea. Horrek azterketara ezin joatea dakar, eta arriskuak handitu daikez. “Bermeak eta alternatibak” emotea eskatu deutso Aldundiari, kasu horreetan hautagaiek azterketa egin ahal daien, deialdia atzeratuta. “Aukerarik emoten ez dogunez, hautagaien beste inertzia batzuk bultzatzen doguz” eta, ganera, “diskriminazinozko tratua” emoten da.

Bengoetxeak azaldu dauenez, iraileko deialdietan ez da “gertaerarik” egon, eta “joan ziran persona guztiak onartuak izan ziran”. Covid-19a dala eta LEP batera joateko aukerea galtzeari jagokonez, Aldundiko arduradunak esan dauenez, hori, azterketa batean emoten diran kasuistika “infinituetako” beste bat baino ez da. Pozik agertu da, Aldundiko plazetako azkenengo deialdietan “hautagaiek ez dabelako gai horren ganeko zalantzarik euki”, deialdiaren oinarri orokorretan Aldundiak argi itzi ebalako koronabirusa zala eta “ez zala atzerapenik egongo”. “Jakiteko eta segurtasun juridikoa sortzeko sartu dogu”, esan dau.

De Madariagak hori penagarria dala esan dau, eta gogoratuazo dau lan publikoa “salbetako taula” bilakatu dala familia askorentzat, eta koronabirusa ezin daitekela traba bat izan “hilebeteak edo urteak” ikasten daroezan personek enpleoa lortzeko. Talde moreko ordezkariak azaldu dauenez, Bilboko Udalean kamioiagaz egin beharreko probea atzeratu ahal izan jako hautagai bati.

Bengoetxeak gogoratuazo dauenez, ezin daiteke salbuespenik egin, gaixotasunak “beti egon diralako” eta proba batera ez joateko kasuistikea, “parte hartu behar dauen persona kopurua beste dalako”. Aldundiak jente aurrean azaldu gura izan dau, “ziurtasun juridikoarengaitik”, eta probea atzeratzeko salbuespen bakarrak haurdunaldia, erditzea edo erditze-ostea dirala adierazo dau. Epaitegi Gorenak genero desbardintasuna saihesteko emon eban epaian jasota dago hori.

BIZKAIA AURRERA PUBLIZIDADE KANPAINAREN KOSTEA

Maiatzean egin zan "Bizkaia Aurrera" publizidade kanpaina instituzionalaren nondik norakoaren ganean Elkarrekin Bizkaia taldeak egin dauen galderaren barruan, Israel Escalante talde horretako ordezkariak esan dauenez kanpainea “150.000 euro” kostau zan, “astakeria” bat, jasaten ari garan pandemia egoera honetan. Bengoetxeak zehaztu dauenez, “aterki kanpaina” hori, erakundeen kanpaina guztien barruan dago, eta Escalanteren alderdia “ez dago horreetatik kanpo”. “Uste dot Gobernu guztiek erabilten dituela gobernuaren ekintza baten barri emoteko”, erantzun dau.

EZEZKOA BERRERAIKUNTZAREN GANEKO LANTALDEA SORTZEARI

Beste alde batetik, batzordeak ez dau onartu EH Bildu eta Elkarrekin Bizkaia taldeek Bizkaiko berreraikuntza ekonomikoa eta soziala bultzatzeko lantalde bat sortzeko egin daben eskaerea. Proposamen horretan esaten zanez, Batzarretako taldeez gain, “Bizkaiko alkarte, enpresa, kultura… sare aberatsak” be hartuko eban parte. Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeak kontra agertu dira, eta Lehendakariak lau urtetan inbertiduteko iragarri eban 10.000 milioi euroko plana sakon aztertzeko esan deutsie proposamena aurkeztu daben taldeei, horren ostean “Bizkairako lankidetzarako gunerik onena” bilatzeko. Talde Berezia-PP, abstenidu egin da, ez deutsolako ideari “trabarik jarri” gura izan. Dana dala, bere eretxiz “ez da egokiena”, “ateak itxita” izango litzatekelako” eta “orain jarduteko eta fiskalizetako, eta ez horrenbeste berba egiteko, unea dalako”, esan dau Amaya Fernández bozeroaleak.

Horrez gain, batzordeak ez dau onartu EH Bilduren arauz besteko beste proposamen bat, Kolonbiako, Honduraseko, Guatemalako eta El Salvadorreko gobernuak salatzeko, osasun krisia baliau dabelako bizitza publikoa militarizetako prozesua, atzerapen demokratikoak eta giza eskubideen urraketea justifiketako. Ekimena ez da onartu, kontrako 9 boto (EAJ-PNV eta PSE-EE) eta aldeko 5 (EH Bildu eta Elkarrekin Bizkaia) jaso ditualako. Juan Otermin sozialistak gai hori Diputatuen Kongresuan lantzeko eskatu deutso proposamena aurkeztu dauen taldeari, bertan lantzen ari dalako, eta esan deutso, dana dala, “edozein erakundek hasi daikela prozesua Nazino Batuen Erakundean”. Celia Gómez jeltzalearen berbetan, ekimena “mugatuta” dago, aitatu ez diran latinoamerikako beste herrialde batzuetan be emoten diralako giza eskubideen urraketak.