Aurreko Albisteak

AZKENENGO URTEAN BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEK ONARTU DITUEN EKIMENAK BUKATU EDO MARTXAN JARRI DITU ALDUNDIAK

  • Aldundiak, Bizkaiko Batzarrek onartu dituen proposamenen eta mozinoen betete mailaren ganeko urteko txostena aurkeztu dau gaur Gernikan egin dan ohiko osokoan.

  • Azkenengo hamabi hilebeteetan Aldundira zuzendutako 15 proposamenetatik, 12 arauz besteko proposamenak dira, eta 3 mozinoak.

  • Foru Aldundiak amaitutzat emon ditu arauz besteko 5 proposamen beteteko prozesua, eta beste 7 amaitzeko prozesu “aurreratuan” dagoz.

  • Oposizinoaren eretxiz balantzea “eskasa” da, eta kritikau egin dau Bizkaiko Batzarrek aurreko ekitaldietan onartu ziran ekimenen erdia baino onartu ez izana.

  • Osokoak onartu egin dau Interbiaken eta Euskalduna Jauregiaren zorra handitzea, eta baita zerga arloko beste neurri batzuez osatutako sortea be, koronabirusaren eragin ekonomikoa arintzeko urriaren 6ko 10/2020 Foru Dekretu arauemoilearen barruan.

(Gernikan, 2020ko urriaren 21ean). Aldundiak “ondo” bete dau Bizkaiko Batzar Nagusiek emondako agindua, guztia aurrera eroan ahal izateko “behar diran baliabideak” jarrita, Ibone Bengoetxea Herri Administrazio eta Erakunde Harremanetarako Diputatuak Gernikako Batzarretxean gaur egin dan ohiko osokoan emon dituan datuek erakusten dabenez. Aldundiak amaitutzat emon ditu 2019ko irailaren 1etik 2020ko irailaren 1era Foru Gobernuari zuzendutako arauz besteko 5 proposamen beteteko prozesua, eta beste 7 amaitzeko prozesu “aurreratuan” dagoz. Beste hiru ekimen, daborduko amaituta dagozan mozinoei jagokez.

Bengoetxeak, azkenengo ikasturtean Batzar Nagusietan onartu diran arauz besteko proposamenak edo mozinoen betete mailaren ganeko txostena aurkeztu dau, aurreko agintalditik ohikoa dan moduan. Epealdi hori guztia, ikasturtearen erdian Covid-19a agertu izanak baldintzatu dau. Laburbilduta, azkenengo hamabi hilebeteotan Batzar Nagusiek 18 ekimen onartu ditue, eta horreetatik 15 (arauz besteko hamabi proposamen eta hiru mozino) Foru Gobernura zuzenduta egozan, gaur jakinarazo dan txostenak esaten dauenez. Batzordean edo osokoan onartu diran ganerako aginduak, 3, hain zuzen be, beste administrazino publiko batzuetara egozan zuzenduta.

Bengoetxeak Foru Aldundiari zuzenean eragiten eutsiezan proposamenen egoerea bideratu deutse Batzarretako taldeei. Sailei jagokenez, Gizarte Ekintzako Saila izan da Batzarretako ekimen gehienak jaso dituana, 6 proposamen, hain zuzen be (%40). Horreetatik bi “daborduko beteta dagoz”. Garraio, Mugikortasun eta Lurraldearen Kohesio, eta Enplegu, Gizarte Inklusio eta Berdintasun sailei jagokenez, 4 eta 2 agindu jaso ebezan, hurrenez hurren. Amaituta edo beteteko prozesuan dagozan ganerako ekimenak Jasangarritasun eta Ingurune Natural eta Ogasun eta Finantza sailen artean banatzen dira.

Onartutako neurrien artean, Bizkaiko Batzarrek hainbat eskari egin deutsiez Foru Aldundiari, klima aldaketaren ondorioak arintzeko, umeei zuzendutako zerbitzuak edo egoitzek pandemiaren aurrean daukien egoerea hobetzeko edo garraio publikoan maskotakaz bidaiatzeko eta garraio inklusiboa lortzeko ahalegin guztiak egiteko, beste batzuen artean.

Oposizinoko taldeen eretxiz balantze hori “eskasa” da, batez be kontuan izanda 18 proposamen baino ez dirala onartu, “107” aurkeztu diran ikasturtean, hau da, “%16” baino ez. Beste agintaldi batzuetan, batez beste, Batzarretako taldeek aurkeztutako ekimenen “%30” onartu dira. Oposizinoko jarlekuetatik, beste administrazino batzuetara zuzendutako hiru ekimenen betete mailea ezagutzea be eskatu da.

EUSKALDUNA JAUREGIAREN ETA INTERBIAKEN ZORPETZEA

Ostean, osokoak behin betiko onartu dau, Talde Berezia-PP, Euskal Sozialistak eta Euzko Abertzaleak taldeen aldeko botoakaz eta Elkarrekin Bizkaiaren eta EH Bilduren kontrakoakaz, Bizkaiko 2020rako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 27ko 6/2019 Foru Araua aldatzeko testua. Foru Arauak Interbiak eta Euskalduna Jauregia foru soziedadeak zorpetzeko baldintza barriak ezarten ditu eta aurton Udalei Gizartekutxa funtsaren banaketea bermatzen deutse.

Zehatzago esanda, Interbiak foru soziedadeak bere zorpetzea amortizetako epealdiak aldatu behar ditu, jarduera ekonomikoa gelditu izanak eragin dauen diru-sarreren jatsiereari aurre egiteko. Izan be, jarduerea gelditu izanak eragina euki dau Aldundiaren esku dagozan eta bide-saria daukien errepideetan. Abagune hori dala eta, beharrezkoa da soziedade horren 2020ko abenduaren 31rako zorpetzearen mugea aldatzea. “729,55 milioi euroko” muga barria ezarriko da, oraingo “714 milioiko” mugaren ordez, “urte biko” gabealdiagaz.

Euskalduna Jauregiari jagokonez, diru-sarreren jatsiera handia jasan dau pandemiaren ondorioz, bertan egiten diran kongresuak eta ganerako jarduerak ezin izan diralako egin. Egoera horri aurre egin ahal izateko, Aldundiak planteau dauen eta oraingo honetan aho batez onartu dan, proposamena, salbuespen moduan, inbertsinokoak ez diran gastuetara bideratu ahal izango dan zorpetzea baimentzea da. Holan, Euskalduna Jauregiari baimena emoten jako “4 milioi euroko” zorpetze mugea izan daian, “hiru urteko” amortizazinorako epeagaz, 2022tik aurrera, urtebeteko (2021) gabealdia jasoten dalako.

Bukatzeko, aurtengo Aurrekontuen aldaketa horretan bertan, Gizartekutxa funtsak urriaren 2an indarraldia galtzea jasoten da, eta Udalakaz ezarri diran akordioetan oinarrituta 2020ko abenduaren 31ra arteko funtsa banatzea eta 2021eko ekitaldiari jagokon likidazinoa egitea “bermatuko” dauen akordio barri bat ezartea.

ARAUZKO FORU DEKRETUAK

Beste alde batetik, Batzar Nagusiek abuztuaren 25eko Bizkaiko Foru Aldundiaren Foru Dekretu Arau emoilea onartu dau, UEFA Women's Champions League 2020 izenekoaren azken faseari jagokona eta Covid-19a dala eta Balio Erantsiaren Zergea egokitzeko neurriak jasoten dituana. Dekretua aldeko 32 botogaz (EAJ-PNV eta PSE-EE), kontrako 16gaz (EH BIldu eta Elkarrekin Bizkaia) eta abstentzino 2gaz (Berezia-PP) onartu da.

EH Bildu eta Elkarrekin Bizkaia taldeek kritikau dabenez, zerga arloko neurri horrek mahai ganean “zergen inguruko barra librea” jartea dakar, UEFAk Soziedadeen Zergea ordaindu ez daian. Foru Gobernua eusten daben taldeetatik defendidu dabenez, neurri horrek Estaduan indarrean dagozan arauak betetea dakar, eta zehatzago esanda, UEFAren eta Gobernu Zentralaren artean lehiaketa hori egiteko lortu zan akordioa. Lehiaketari jagokonez, eta pandemia hor egon dan arren, emakumeen Champions Leaguearen azken fasea Bilbon eta Donostian egin izana “erakusleiho ona” izan da lurraldearentzat. PP taldetik esan dabenez, abstenidu egin dira dekretuak ez ditualako kontuan hartu orain dala denpora gitxi Estaduan egin diran lege aldaketa batzuk.

Horrez gain, argi berdea emon jako COVID-19a dala eta zerga arloko preminazko neurri gehigarrien ganeko urriaren 6ko 10/2020 Foru Dekretu Arau emoileari, EAJ-PNV eta PSE-EE taldeen aldeko botoei esker. Dekretu horretan, diru-bilketaren arloko ikuskapenean edo azterketan elementu telematikoak, eta bizitzeko gitxieneko diru-sarreren onuradunentzat salbuespen fiskalak sartzeko aukerea emoten da. Halanda be, oposizinoko hiru taldeak dekretuaren kontra agertu dira, beste arrazoi batzuk dirala eta.

PP taldeak, arauak autonomoentzat ekarriko dauen “zerga arloko tratu txarra” edo “zeharkako zergen igoerea” nabarmendu ditu, dekretuak jarduera ekonomikoko etekin moduan hartzen dauelako jarduerea itxi behar izateagaitik jasotako prestazinoa. Elkarrekin Bizkaia taldeak makina txanpon-jaleen ordainketaren hileroko prorrateoak dakarren “zerga arloko beherapen handia” kritikau dau, eta EH Bildu taldeak Soziedadeen Zergaren kenkarien ganeko dekretuaren artikulu bat kritikau dau, “enpresen etekinaren handitzea” dakarrelako, “beharginak kaltetuta” .

ONARTU EZ DIRAN EKIMENAK

Oposizinoko talde horreetako bakotxa foru arau proposamen bategaz etorri da Gernikara. Hiru ekimenak onartu barik geratu dira, Foru Gobernua eusten daben taldeak kontra agertu diralako.

Elkarrekin Bizkaiak martiaren 10eko 2/2005 Foru Arauaren erreformea planteau dau, 2020ko udal tasen zenbatekoaren ganean “ez ohiko hobariak” sartzeko. Jeltzaleen eta sozialisten eretxiz aldaketa hori ez da beharrezkoa, Udalek euren tasen aldaketa fiskalak adostu daikiezalako. “Udal batzuek” egin dabe, tokiko merkataritzari laguntzeko, batez be.

Talde Berezia-PPk, bere aldetik, Trakzino Mekanikodun Ibilgailuen ganeko Zergaren (Zirkulazinoko Zergea) aldaketea gura eban, Udal bakotxak “%95 arteko” hobaria sartzeko aukera euki daian, alarma egoeraren eragina jasan daben autonomoen eta enpresen ibilgailuetarako. Jeltzaleen eta sozialisten berbetan, udalak “ari dira daborduko esfortzu garrantzitsuak egiten”, Bizkaiko Batzarretatik diru-sarreren atala oraindino gehiago murrizteko.

Eta, bukatzeko, EH Bilduk Toki Ogasunen ganeko 9/2005 Foru Arauaren aldaketa bat kontuan hartzea planteau dau, Udalkutxa funtsagaz erlazionautakoa, arau horretan “salbuespen” bat behin betiko sartzeko, behin betiko likidazinoa “atzeratu edo zatitu” ahal izateko. Bilatzen dana “arauan daborduko aurreikusita dago”, defendidu dabe jeltzaleek eta sozialistek.

EAKO ETA ISPASTERREKO MUGAK

Beste alde batetik, Osokoak aho batez onartu dau, Ea eta Ispaster udalerrien mugak aldatzeko proposamena, M5 eta M6 mugarrien artean. Eako udalerriari “8.147 metro karratu” gehitzea ekarriko dauen mugarri barria jarriko da. Aldaketak udalerri bien adostasuna eukan.

EUSKAL SOZIALISTAK TALDEKO ORDEZKARI BARRIA

Osokoaren hasieran, José Alberto Álvarez Castrejónek jarlekua hartu dau Gernikan Euskal Sozialistak taldeko batzarkide moduan, Ekain Rico ordeztuz.