Aurreko Albisteak

Batzar Nagusiek argi berdea emon deutsie Punta Begoñako Galeriak berreskuratzeko erakundeen arteko hitzarmenari

Batzordea

Bilbon, 2014ko maiatzaren 15ean

Bizkaiko Batzar Nagusietako Kultura eta Euskerako batzordeak berretsi egin dau gaur Aldundiak, Getxoko “Punta Begoñako galeriak” izenaz ezaguna dan higiezina berreskuratzeko aurkeztu dauen eremu hitzarmena. Oraindino aldeen finantza inplikazinorik ez daukan akordioaren helburua, higiezinaren balioa ezagutarazoteko “ildo nagusiak” ezartea da. EAJ-PNV, PSE-EE eta EH Bildu taldeak akordioaren alde agertu dira, eta PP kontra azaldu da.

Josune Ariztondo Kulturako foru diputatuak adierazo dauenez, akordio horretan inplikautako lau erakundeek (Eusko Jaurlaritza, Euskal Herriko Unibersidadea, Getxoko Udala eta Aldundia bera) konpromiso honeek hartu ditue: higiezinaren azterketea eta diagnostikoa sartzea; dokumentazino geometrikoa eta informazino sistemak burutzea; ikerketa historikoak, sozialak, arkitektonikoak, kimikoak, hidro-geologikoak eta beste moeta batzuetakoak egitea; higiezina finketea; jarduketaren eragin sozio-ekonomikoa eta estrategikoa aztertzea; eta galerien difusinoa eta transmisinoa egitea, eta baita herritarren partaidetzarako mekanismoak ezartea be.

Hitzarmenak ez dauka amaierako eperik, eta erakundeak proiektuan inplikau beharko dira eta ekarpen ekonomikoa egin beharko dabe. Getxoko Udalaren kasuan, ekarpen hori “handiagoa” izango da, bera dalako galerien jaubea. EH Bilduk eskatuta, Ariztondok argitu dau higiezinaren erabilerea “publikoa” izango dala, eta barriztete lanak egiten diran bitartean, gidautako bisita programa bat ezarri ahal izango dala, Añanako gatzagatan edo Gasteizko katedralean jarraitu dan difusino eredu bera jarraituz.

Diputatuak adierazo dau, baita be, barriztete lanak geroago zehaztuko dirala. Erakundeek jarduketa zehatzagoak geroago definiduko ditue, aldeetako bakotxak bere gain hartuko dituan ekintzak eta konpromiso ekonomikoak zehaztuko dituen alkarlanerako hitzarmen “berezien” bitartez.

Bizkaiko Talde Popularra (PP) izan da hitzarmenaren alde agertu ez dan talde bakarra. Talde horren eretxiz lehenengo “preminazko” jarduketak egin behar dira konplexuan, “jausi aurretik”, Kultur Ondasun moduan babestuta dagoan konplexuak daukan “ezegonkortasun arazo handia” dala eta. Arturo Aldecoa popularrak adierazo dauenez, higiezina, desegiten ari dan hatx baten gainean eusten da, eta hatx hori, aldi berean, hareazko zoruan, eta bere egitura, gatzez betetako hormigoiz dago eginda.

PP-ko batzarkideak, Sener ingeniaritza enpresak orain lau urte planteau eban konponbide “zehatzagoa, erabilgarriagoa eta merkeagoa” defendidu dau. PP-ko ordezkariaren ustez, inplikautako lau erakundeak “oker ari dira”, erantzun “konplexuagoa” aukeratzean. Proiektu horren kostu ekonomikoa, Sener enpresak, garai haretan berreskuratze lanak egiteko aurreikusi eban 3,2 milioiko aurrekontua baino “hainbat bider” handiagoa izango da eta, ganera, egin beharrekoak asko luzatuko dira.

Ariztondok galeriak “egoera txarrean” dagozala autortu dau, baina esan dau, diagnostikoa egiten dan bitartean, galeriak eusteko eta jausteko arriskua saihesteko beharrak egin daitekezala. “Dana berehala egin gura dogu, baina ondo egin gura dogu”. Berreskuratzea “integrala eta eredugarria” izango da, erantzun dau Ariztondok. Bizkaiko ondareko beste higiezin batzuetan jarduteko “eredua” izango da, esan dau, eta Socialistas Vascos taldea be bat etorri da eretxi horregaz. “Azkenean administrazinoek pausuak emongo ditue arazoa konpontzeko eta beste egoera batzuetarako aurrekaria ezarteko”, adierazo dau Juan Oterminek (PSE-EE).


“ERRALDOIEN ETA BURUHANDIEN” TRADIZINOA BERRESKURATZEKO LAGUNTZAK

Batzordean, Bizkaiko Talde Popularrak (PP) aurkeztutako arauz besteko hiru proposamen onartu dira. Proposamenen gaiak honeek izan dira: Bizkaiko herrietako jaietan Erraldoi eta Buruhandien erabilerea bultzatzea, Bizkaian Industriaren Museoa egitea, eta Zugaztietako eta Trianoko meatzaritza aztarnak berreskuratzea.

Batzordea zabaldu dauen ekimenaren bitartez, Batzar Nagusiek eskaerea egingo deutsie Foru Aldundiari, Bizkaiko udalei eta gizarte eta kultura arloko erakundeei laguntzea emoteko, Bizkaiko jaietan Erraldoi eta Buruhandien erabilerea eta berreskuratzea bultzatu daien. Aldecoak (PP) adierazo dauenez, ondarearen elementu horreek gugaz egozan “orain bost eta sei mende”, hasiera batean erlijinoagaz erlazionautako jaietan.

Talde guztiak ekimenaren alde agertu dira, EH Bildu izan ezik. Talde abertzaleak proposamenaren “helburuagaz” bat datorrela adierazo dau, baina abstenidu egin da, bere ustez, Aldundiak horretarako laguntza lerroa zabaltzea eskatzen dauen popularren proposamena “orokorregia eta abstraktuegia” dalako.


BIZKAIAN INDUSTRIAREN MUSEOA ZABALTZEAREN ALDE

Talde guztiak bat etorri dira Aldundiak, Jaurlaritzaren aurrean Bizkaian Euskadiko Industriaren Museoa zabaltzeko interesa agertu daiala eskatzean, administrazinoen, unibersidadeen, enpresen, teknologia parkeen eta erakunde espezializauen laguntzagaz.

PSE-EE eta EH Bildu taldeak arduratuta agertu dira, lehendik lurraldean dagozan beste museo batzuengan eragina izan daikealako, Portugaleteko Rialia museoan, adibidez. Talde horreei erantzunez, Arturo Aldecoak, arauz besteko proposamenaren aurkezleak, zentro barriak, Bizkaiaren industria ondare “garrantzitsuena” erakusten daben zentro horreek “indartu” egingo leukezala esan dau.

EAJ-PNV taldeak, bere aldetik, Aldundiak “azkeneko 25 urteetan” Bizkaiko industria ondarea kontserbetako eta haren balioa ezagutarazoteko egin dauen beharra azpimarratu dau. Jon Sanchez jeltzaleak, Aldundiak El Pobaleko burdinola berreskuratzeko, Meategi museorako edo Boinas La Encartada museorako emondako laguntzea aitatu ditu. Horren ostean bat egin dau Bizkaian Industriaren museoa sortzeko interesa Eusko Jaurlaritzara bideratzeko balioko dauen “bultzada politikoagaz”, ganerako administrazinoen aldeko eretxia lortzen badau eta “bideragarritasun planagaz” sortzen bada.

Batzarretako taldeek aho batez onartu daben arauz besteko beste proposamen baten bitartez, eskaerea egiten jako Foru Aldundiari, berak zuzenean eta espezializautako erakundeak egingo dituen azterlanak bultzatu daizan, Zugaztietan eta Trianon dagozan “meatzaritza aztarnak, galeriak, plano okerrak eta minerala aterateko jardueraren beste aztarna batzuk berreskuratzeko, mantentzeko eta etorkizunean izan daikiezan erabilerak aztertzeko”, leku horreen balioa ezagutarazoteko helburuz. Hori egiten ez bada, Bizkaiak “pixkanaka” galdu egingo ditu, Aldecoak adierazo dauenez.


KOBIE ALDIZKARIAREN DIGITALIZAZINOA

Beste proposamen baten bitartez, PP taldeak proposamena egin dau, Foru Aldundiak, 1969. urtetik gaur egunera arteko KOBIE aldizkariaren eukiak Internet sarean jarri daizan. Azkenean, batzarkide popularrak bere ekimena baztertu egin dau, Ana Esther Furundarena ordezkari jeltzaleak adierazo dauelako Kultura sailak egin dauela argitalpen horren digitalizazinoa, eta “datorren astean” Aldundiak iragarriko dauela funts bibliografiko horreek jente guztiarentzat noz aktibauko diran Aldundiaren webgunean.