ALDUNDIAK EZ DITU EGUNEKO ZENTROAK IXTEKO "BEREIZKETARIK BAKO NEURRIAK" APLIKAUKO
· Sergio Murillo Gizarte Ekintzako foru diputatuak defendidu dauenez, abuztuaren 4ko foru aginduak zentro horreen funtzionamentua bermatzen dau, itxita dagozanean jarraipen eta jarduera telematikoa eginez, eta koronabirusak eragindako aldi baterako eteteei jagokenez, “bisturiaren metodologia” apliketan da.
· Abuztuaren 4ko foru aginduari esker, birusaren transmisinoak eragin “txikia” izan dau leku horreetan.
(Bilbon, 2020ko urriaren 15ean). Sergio Murillo Gizarte Ekintzako foru diputatua Batzar Nagusietara etorri da gaur, Eguneko Zentroen egungo egoerea dala eta Elkarrekin Bizkaia taldeak egindako eskariari erantzuteko. Pandemia hasi zanetik agindu diran itxieren eta zabaltzeen kronologia egin ostean, eguneko zentroen foru sarean, ahal dan neurrian zabalik eukiteko, gaur egun apliketan ari dan “bisturiaren metodologia” azaldu dau. Holan, eguneko zentroak ixteko “bereizketarik bako neurriak” ez apliketearen alde agertu da. “Neurri orokorrak hartzeak ekitate faltak ekarri daikez”, esan dau.
Gizarte Ekintzako diputatuak adierazo dauenez, abuztuaren 4ko aginduari esker, birusaren transmisinoak eragin “txikia” izan dau leku horreetan. Zentroak itxi ezkero, Aldundiak aurrez aurrekoa izango ez dan jarduereagaz jarraituko dau, baliabide telematikoen, telefono bidezko deien eta bideo-deien bitartez, eta foru zerbitzuak oinarrizko zerbitzuakaz koordinauko dira, eta hareek persona horreen “arretarako plana” aldatu ahal izango dabe. Zentroak barriro zabaldu ahal izango dira, hiru egun aurretik profesional “guztiei” eta zentroa zabaltzen dan lehenengo egunean erabiltzaile “guztiei” PCR probak egin ostean. Ganera, “prebentzinozko testak” egiten jakez beharginei sare guztian. Azkenengoa “atzo bertan izan zan Gallartan”.
Murillok azaldu dauenez, Gizarte Ekintzako Sailak edukiera mugatua apliketan jarraitzen dau, une honetan lurraldeko eguneko zentroetan “dagozan 2.022 plazetarako” “%75eko” edukierea aplikauz. Horrek esan gura dau “guztiek”, dagozan 1.500 erabiltzaileek, euren beharrak beteta daukiezala. Murillok adierazo dauenez, une honetan “51 personak” baino ez dabe euren etxeetan geratzea erabagi, prestazino ekonomikoaren “%100egaz”. Zentroak itxi ezkero kopagoagaz zer gertauko dan galdetuta, Murillok baieztu dau erabiltzaileek ez dabela garraioa eta jatekoa ordaindu beharko, eta hori dala plazaren kostuaren “%70”. Ganera, plazea bermatuta eukiko dabe.
Abuztuaren hasieran zentroak apurka-apurka barriro zabaltzen hasi ostean aplikau beharreko agertoki hori dala eta, une honetan itxiera “puntualak eta aldi baterakoak” baino ez dira emoten, eta abagune horreek Gizarte Ekintzako Saileko Ikuskapen eta Kontrol zerbitzutik bideratzen dira. Gaur egun, zentro guztiak edegita dagoz, 10 eguneko berrogeialdian dagon Gernikako Torrezuri eguneko zentroa izan ezik.
Elkarrekin Bizkaiak, Eguneko Zentroetako erabiltzaileei eta horreen zaintzaileei emon beharreko arretea bermatzeko neurriak eskatu ditu. Eneritz de Madariaga bozeroalea bat etorri da Murillogaz, martiaren 14an agindu zan zentroen lehenengo itxieratik bilakaerea “nabarmena” izan dala esatean, baina adierazo dau penagarria dala “guztira 3 hilebetetan itxita egon izana, zerbitzu eta alternatiba barik”, garagarrilaren 18an agindu zan itxierea kontuan hartzen badogu. Aldi baterako eguneko zerbitzu hori barik geratzen diran erabiltzaileentzako eta senideentzako “arnasa hartzeko laguntzaren bat” eskatu dau. “Zure proposamena jaso dot”, erantzun deutso Murillok.
EGOITZETARA BISITAK
EH Bilduko Izaskun Duquek egindako galderari erantzunez, menpekotasuneko egoeran dagozan adinekoen egoitzetako urteerak eta senideen eta gertukoen bisitak arautzen dituan irailaren 24ko 43472/2020 Foru Agindua aitatu dau Murillok. Agindu horretan oinarrituta, egoiliarren urteerak “batez be pasealdi terapeutikoak izango dira, egoitzaren inguruko leku zabaletan, senideek edo gertukoek lagunduta eta, ahal izan ezkero, kanpoko persona berberakaz, abaguneak dirala eta egon daitekezan salbuespenakaz. EH Bilduk adierazo dauenez, agindu hori, egun bi lehenago Osasun Sailburuak Covid 19an zainketarako eta kontrolerako emon eban azkenengo Protokoloaren kontrakoa da. Agindu horrek gertukoakaz “hainbat egun igaroteko” aukerea emoten dau. Duqueren eretxiz, foru aginduak ez ditu egotaldi horreek jasoten, eta horrek “erabiltzaileen eta senideen eskubideen kontra aritzea” dakar.