Aurreko Albisteak

ALDUNDIAK ADIERAZO DAUENEZ, EZ DA KUTSADURA "FOKU BAKAR BAT BE" DETEKTAU BIZKAIKO GARRAIO PUBLIKOAN

· Miguel Ángel Gómez Viar Garraio eta Mugikortasuneko foru diputatuak, beharginen eta erabiltzaileen osasuna bermatzeko Bizkaibusen ezarri diran neurriak defendidu ditu Bizkaiko Batzar Nagusietan egin dauen agerraldian.

· EH Bilduk eta Elkarrekin Bizkaiak kritikau egin ditue Leioako campusera doazan autobusetan gertatzen diran “jente pilaketak”.

(Bilbon, 2020ko urriaren 9an). Gaur Bilbon egin dan Bizkaiko Batzar Nagusien agerraldi batean Miguel Ángel Gómez Viar Garraio foru diputatuak esan dau Bizkaiko Garraio publikoan ez dala koronabirusagaz erlazionautako kutsadura “foku bakar bat be” hauteman, eta garraio publikoek alarma egoeraren aurreko mailak berreskuratzearen alde agertu da, lurraldeko operadoreetan bidaiatzea “segurua” dalako.

Aldundiko arduraduna Bizkaiko Batzarretako Garraio eta Mugikortasuneko batzordera etorri da, Elkarrekin Bizkaiaren ahozko erantzun-eske bati eta EH Bilduren agerraldi eskari bati erantzuteko. Biak be, aireportura eta UPV/EHUra doazan autobusen edukieraren ganekoak izan dira. Talde horreek esan dabenez, bidaiari gehieneko orduetan “jente pilaketak” egoten dira eta, hori dala eta, “beharrezkoa” da arazoak sortzen ari diran egoerak “lineaz linea” aztertzea, “konponbideak ezarteko”.

Miguel Ángel Gómez Viarrek behin baino gehiagotan errepikau dau Bizkaibuseko zerbitzua “segurua” dala, eta Aldundia pandemiak eragindako egoeretara egokitu dala, beharginen eta erabiltzaileen “osasuna bermatzeko”. Neurri horreen artean, Gómez Viarrek esan dauenez, Bizkaibusek Leioara doazan zerbitzuen %100ari eutsi deutso, eskaria “%40 murriztu” dan arren, eta Loiuko Terminaleko autobusak une honetan 30 minutuz behingo maiztasuna daukala (lehen 15 minutuz behingoa zan), orain lehen hartzen ebazan “lau bidaietatik bakarra” hartzen dauen arren.

Aldundiko arduradunak adierazo dauenez, Bizkaibusek apurka-apurka sartu ditu erabiltzaileen osasuna zaintzeko beste neurri batzuk. Gaur egun, pandemia hasi zanetik “84 jarduketa” gauzatu ditu. Linea batzuen ahalmena handitu egin da, Muskiz-EHU, adibidez, eta, horrez gain beste batzuk be aitatu ditu, autobusetako garbiketea indartzea, gidariak babesteko manparak ezartea, Barik bidezko ordainketea, aide girotua erabilteko protokoloak edo, beharrezkoa izan baino lehen musturrekoen erabilera agintzea.

Azalpenek ez dabe EH Bildu konbentzidu, eta arduratuta agertu da sare sozialetan eta medioetan Bizkaibuseko linea batzuen inguruan ikusten diran “oso irudi kezkagarriak” dirala eta. “Kontuan izanda legez ez dirala definidu garraio publikoan bete behar diran segurtasuneko tarteak, gure ustez beharrezkoa da metro karratuko erabiltzaile kopurua 3,3ra heltzea saihestuko daben gitxieneko segurtasun eta erosotasun neurriak bermatzea”. Hori da Aldundiak Bizkaibuseko autobusetarako erabilten dauen gehieneko edukiera, Raúl Méndez batzordekideak esan dauenez. Hori bai, bat etorri da diputatuagaz esatean garraio publikoa “ez dala kutsatzeko fokua”, baina “transmisinorako fokua izan daitekela” esan dau. Hori dala eta, “holangorik gertatu ez daiten ahal diran neurri guztiak hartzea” eskatu dau. Neurri horreen artean autobusen edukiera murriztea egongo litzateke. Ganera, “errealidadea zein dan eta egoereagaz bat etorriko diran parametroak aurreikusteko azterlan bat” egitea defendidu dau.

Gómez Viarrek erantzun deutsonez, edukiera horreek, osasun arloko agintariek une bakotxean eskatzen ebena baino “%5 gehiago” murriztu dira, eta esan dau ez dala beharrezkoa azterketa bat egitea “homologazinoa eginda dagolako”. “Ez dago topera doan autobusik, eta holangorik egongo balitz, legezkoa da”, adierazo dau. Bizkaibus “ondo dabil funtzionetan, kasu puntualen bat izan ezik, baina beti gagoz adi”. Aldundia beharrean ibili da, indarrean dagon arautegira “zorrotz moldatzeko”, “momentu guztietan hartu beharreko neurri guztiak hartuta”, “gure ardura nagusia” segurtasuna dalako. EHUra eta aireportura doazan lineen kasuan, “daukien eskaria kontuan izanda, behar baino eskaintza handiagoa emoten dabela” esan dau.

Elkarrekin Bizkaia, bere aldetik, ezker abertzaleagaz bat etorri da, ordu tarte batzuetan Aldundiak ahalegina egin behar dauela esatean, “goizeko 08:00etatik 09:00etara” Leioako campusera doazan autobusetan, hain zuzen be. Emilio Lobato batzordekideak esan dauenez, “egunero” bidaiatzen dau unibersidadera ordu horretan, eta “jente larregi ikusten dot”. Erabiltzaileak “kexau egiten dira, beste eremu batzuetan distantzia gordetako arautegia betetea eskatzen jakelako, baina gero autobusetan pilatuta doazalako. Eta asko ibilgailu pribadua erabiltea erabagiten ari dira.”

IDAZKARI BARRIA

Beste alde batetik, saio berean, aldeko 9 botogaz eta 5 boto zurigaz, Juan Otermin Garraio eta Mugikortasun Jasangarriko batzorde horretako Mahaiko idazkari barri izendau da.