BIDEA ZABALIK INTERBIAKEN ETA EUSKALDUNA JAUREGIAREN ZORRA HANDITZEKO AURREKONTUEN ALDAKETARAKO
- Bizkaiko Batzar Nagusietako Ogasun eta Finantzetako batzordeak Talde Berezia-PPren, Euskal Sozialistak eta Euzko Abertzaleak taldeen aldeko botoakaz eta Elkarrekin Bizkaia eta EH Bilduren kontrakoakaz, 2020rako Bizkaiko Lurralde Historikoko Aurrekontu Orokorren abenduaren 27ko 6/2019 Foru Arauaren aldaketea onartu dau; aldaketa horrek, foru soziedade bien zorpetzerako baldintza barriak jasoten ditu, eta aurton Gizartekutxako funtsen banaketea be bermatzen dau.
- Osokoak berretsi beharko ditu aldaketak.
- Batzordeak Jesús Ortiz izendau dau Mahaiko lehendakariorde barri, Ekain Rico alderdikidea ordeztuz.
(Bilbon, 2020ko urriaren 8an). Bizkaiko Batzar Nagusietako Ogasun eta Finantzetako batzordeak Bizkaiko 2020rako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 27ko 6/2019 Foru Araua aldatzeko testua onartu dau gaur. Aldaketa horrek handitu egiten dau Interbiak eta Euskalduna Jauregia foru soziedadeen zorpetzea. Batzar Nagusietako Talde Berezia-PP, Euskal Sozialistak eta Euzko Abertzaleak taldeak aldaketaren alde agertu dira, eta baita abenduaren 31ra arte Udalei Gizartekutxa funtsaren banaketea “bermatzen” deutsen beste aldaketa baten alde be. Osokoak berretsi beharko dituan aldaketa biak, koronabirusak kutxa publikoetan izan dauen inpaktuak eragin ditu.
Zehatzago esanda, Interbiak foru soziedadeak bere zorpetzea amortizetako epealdiak aldatu behar ditu, jarduera ekonomikoa gelditu izanak eragin dauen diru-sarreren jatsiereari aurre egiteko. Izan be, jarduerea gelditu izanak eragina euki dau Aldundiaren esku dagozan eta bide-saria daukien errepideetan. Abagune hori dala eta, beharrezkoa da soziedade horren 2020ko abenduaren 31rako zorpetzearen mugea aldatzea. “729,55 milioi euroko” muga barria ezarriko da, oraingo “714 milioiko” mugaren ordez, “urte biko” gabealdiagaz.
Euskalduna Jauregiari jagokonez, diru-sarreren jatsiera handia jasan dau pandemiaren ondorioz, bertan egiten diran kongresuak eta ganerako jarduerak ezin izan diralako egin. Egoera horri aurre egin ahal izateko, Aldundiak planteetan dauen proposamena, salbuespen moduan, inbertsinokoak ez diran gastuetara bideratu ahal izango dan zorpetzea baimentzea izango da. Holan, Palacio Euskalduna S.A. erakundeari baimena emoten jako “4 milioi euroko” zorpetze mugea izan daian. Halanda be, jatorrizko proposamenak aldaketa bat jaso dau, zuzenketa-eske transakzional baten bitartez. Euzko Abertzaleak, Euskal Sozialistak eta Talde Berezia-PP taldeek adostu dabenez, amortizazinoa “hiru urtekoa” izango da, eta urtebeteko (2021) gabealdia jasoko dau. Hasierako idazketak “zehaztu bako” itzulketa ezarten eban, Amaya Fernández popularrak esan dauenez.
Bukatzeko, batzordeak beste puntu bat be onartu dau, Gizartekutxa funtsak urriaren 2an indarraldia galtzea, eta Udalakaz ezarri diran akordioetan oinarrituta 2020ko abenduaren 31ra arteko funtsa banatzea eta 2021eko ekitaldiari jagokon likidazinoa egitea “bermatuko” dauen akordio barri bat ezartea.
Saioan, Elkarrekin Bizkaia eta EH Bildu taldeak Euskalduna Jauregiaren zorpetzea handitzea baino ez dabe bultzatu. Zuzenketa-eske baten bitartez, talde moreak Interbiaken zorraren hartzaileakaz negoziazinorako bide barria edegitea eskatu dau, une honetakoa “merkadutik kanpo” dagolako. Eta EH Bilduk, udalek 2021eko hirugarren hiruhilekoan, antza, itzuli beharko dituen kopuruak kentzea eskatu dau, eta baita Supersur izenekoan egin behar diran inbertsinoak ez egitea be, holan Interbiaken zorpetzea aldatu beharrik ez izateko.
ALDAKETAK BATZORDEKO MAHAIAN
Beste alde batetik, saioaren hasieran, Ogasun eta Finantzetako batzordeak Jesús Ortiz sozialista izendau dau Mahaiko lehendakariorde barri, Ekain Rico alderdikidea ordeztuz.