URRIAREN 25EAN EGINGO DAN BURDINOLEN IBILBIDEA JASATEN ARI GARAN OSASUN EGOERARA EGOKITUKO DA, TALDE TXIKIAK ETA IBILBIDE LABURRAGOA
· Enkarterrietako Museoak bariku honetan, urriaren 9an, goizeko 10:00etan, zabalduko dau izena emoteko epea.
· Barbadun errekatik egingo dan 12 kilometroko martxak hamar personako taldeak ezarriko ditu, segurtasuneko tartea gorde beharko da, maskara jarrita eroan eta talde bakotxak bere gidaria eukiko dau.
(Bilbon, 2020ko urriaren 7an). BURDINOLEN IBILBIDEAREN XII. edizinoa datorren domekan, urriaren 25ean, izango da, eta osasun egoerara egokitu beharko da. Bizkaiko Batzar Nagusien esku dagon Enkarterrietako Museoak antolatzen dau ibilbidea, eta bariku honetan zabalduko dau izena emoteko epea. Ibilbideak harritu egingo ditu barriro adin guztietako personak, Barbadun/Mayor errekaren ubidearen paraleloan igoten dan ibilbidearen industria eta ondare arloko sekretuak ezagutzean.
Aurton, jardueraren jatorrizko izpirituari barriro ekiteko ahaleginean, eta jasaten ari garan osasun egoerak baldintzatuta, arro horretan kontserbetan diran burdinolen aztarnak sakon ezagutzeko edizinoa egingo da, ezarrita dagozan segurtasun neurri guztiak gordeta. Egoera barrira “egokitutako” ibilbidea izango da, eta kultur ibilbide gidau moduan funtzionauko dau.
Ibilbidea laburtu eta partaide kopurua mugatu egingo da. 10 personako (gidaria barne) lau talde osatuko dira, alkarren artean bereizita, ibilbide osoan segurtasuneko tartea gordetan dala bermatzeko –autobusean egingo dan bueltako ibilbidean be bai– eta beharrezkoa izango da une oro maskara edo musturrekoa jarrita eroatea.
12 KILOMETRO
Aurtengo edizinoak 12 kilometroko ibilbide gidaua aurreikusten dau, eta Muskiz eta Ballibián/Valdivian (Galdames) artean kontserbetan diran burdinolen aztarnen ezagutzan eta ulermenean sakonduko dau. Sei geldialdi egingo dira, instalazino bakotxean bat.
Ibilbidea San Joan plazan (Muskiz) hasiko da, eta bertatik Barbadun errekaren ertzera bideratuko da. Lehenengo geldialdia Purísimo zubia (Muskiz) baino lehen egingo da. Bertan, Bado Ondero burdinolaren eta errotaren (XVIII-XIX. mendeak) aztarnak kontserbetan dira. Zubia igaro eta metro batzuetara, beste geldialdi bat egingo da Los Vados ontziola (XV-XVI. mendeak) egon zan puntuan. Ibilbideak bide zaharretik jarraituko dau, Billotxiko errotaren eta ontziolaren (XVIII-XIX. mendeak) aztarnen ondotik, kilometro batzuk aurrerago, El Pobaleko errotara eta ontziolara (XVI-XXI. mendeak) heltzeko.
Beste geldialdi txiki baten ondoren Galdameseko lurretan sartuko gara, eta La Hoyako burdinolaren (XVIII-XIX. mendeak) aztarna ikusgarriak ikusiko ditugu. Eta erreka izkinatik jarraitu ostean, taldeak Ballibian edo Valdivián izeneko ontziolara eta errotara (XVI-XIX. mendeak) helduko dira. Puntu horretatik, autobus batek hasierako puntura hurbilduko ditu partaideak.