BIZKAIKO INTEROPERABILIDADEAREN NODOAK HAINBAT ADMINISTRAZINOTAN DABORDUKO 69 TRAMITE DIGITAL EGITEKO AUKEREA EMOTEN DAU
· Ibone Bengoetxea Herri Administrazio eta Erakunde Harremanetarako Diputatuak Bizkaiko Batzar Nagusietan egin dauen agerraldian azaldu dauenez, lurralde osoan 7 udalerri baino ez dira falta herritarrek beste administrazino batzuen esku dagozan datuak aurkeztu behar ez izateko pentsauta dagon sistema elektronikoagaz bat egiteko.
(Bilbon, 2020ko urriaren 6an). EH Bilduk eskatuta Ibone Bengoetxea Herri Administrazio eta Erakunde Harremanetarako Diputatua Bizkaiko Batzar Nagusietara etorri da, Bizkaiko Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzagaz batera, administrazino elektronikoko oinarrizko soluzinoak emoteko bagilaren 30ean onetsi eban lankidetzarako hitzarmenaren barri emoteko. Testuinguru horretan, Aldundiko arduradunak azaldu dauenez, lurraldeko 112 udaletatik “7 baino ez dira falta” une honetan administrazino publikoetako “69” tramite egiteko edo zerbitzu erabilteko aukera emoten dauen Bizkaiko interoperabilidadearen nodoagaz bat egiteko.
Bengoetxeak adierazo dauenez, Bizkaiko interoperabilidadearen nodoa, zerbitzuak gehitzen joango dan sistema “bizia” da, eta Aldundiak horren erabilera sustatzen jarraituko dau lurraldeko toki erakundeen artean. Foru plataforma hori Euskadiko Autonomia Erkidegoko egitura digitalaren barruan dago. Egitura horrek “11,9 milioi online transmisino” egiteko aukerea emon eban 2019an, eta 2016an “3 milioi”, eta 2012an “600.000” eskas baino ez ziran izan. Balorazinoa “positiboa” da.
Herritarrek gehien eskatzen dituen zerbitzuen artean, Bizkaiko nodoan azpimarragarria da NANgaz, zerga betebeharrakaz eta Gizarte Segurantzako tramiteakaz erlazionautako guztia. Hurrengo zerbitzuen artean, errolda zerbitzua sartzeko lana “bukatzear” dago Bizkaia.
Foru diputatuak adierazo dauenez, teknologiaren ikuspegitik plataformea “osatuta eta finkatzeko bidean dago”. Zerbitzu gehiago sisteman sartzen diranean eta, udalerri txikietan batez be, erabiltzaile gehiago lortzeko egin beharreko moldaketak egiten diranean, haziko da plataformea. Gero eta “kontzientzia” handiagoa dago, baina “egunero ekinez” egin behar dan lana da.
Tramitazinorako foru sare hori, administrazino elektronikorako oinarrizko soluzinoak alkarri emoteko bagilaren 30ean Eusko Jaurlaritzagaz sinatu zan akordioaren barruan dago. Akordio horretan oinarrituta, herritarrek ez ditue aurkeztu beharko daborduko Euskadiko Administrazino Publikoen esku dagozan datuak eta dokumentazinoa. Horrek “hobetu egingo dau herritarrak administrazinora daukien sarbidea, administrazinoen arteko interoperatibidadea eta kudeaketa publikoaren kudeaketea”. Sistemak “bikoiztasunak kenduko ditu, prozedurak sinplifikauko ditu eta behargin publikoen lana arintzeko balioko dau”, eta horrek “kostuak eta espazioak aurreztea” ekarriko dau, esan dauenez.
Jarduteko orduan, daborduko funtzionetan dabilen interoperbilidade sistemak aukerea emoten dau paperean dagozan ziurtagirien edo beste dokumentu batzuen ordez datuen transmisino elektronikoak egiteko, eta “trukautako informazinoaren egiazkotasun, integridade, konfidentzialtasun, eskuragarritasun eta kontserbazino” baldintzak bermatzen ditu.
Akordio horren bitartez, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak oinarrizko hainbat aplikazino partekatuko ditue, Euskal Sarea, IZENPE, NISAE, Ordainketen Pasabidea eta euskal administrazinoen Kontratazino Elektronikorako Plataformea.
LEKU ALDAKETEA BIZKAIA TORRERA ETA EA ETA ISPASTER ARTEKO MUGEN ALDAKETEA
Iraskunde, Gobernamentu On eta Gardentasunerako batzorde berean, Bengoetxeak Aldundiko bulegoak Bizkaia Torrera eroatearen ganean be egin dau berba. Elkarrekin Bizkaiak aldaketa hori “zelan” egin behar dan jakiteko egin dauen ahozko erantzun-eskeari erantzunez, “obren bilakaerak eta kudeatzaile barriak solairu bakotxean ezarriko dituan erabilerek baldintzatuko dauela” esan dau Bengoetxeak. Ez dau ezelango erabagirik aurreratu gura izan egoera hori argitu arte. Teorian, Aldundiak, “3 solairutan banatuta egongo litzatekezan 3.500 metro karratu eukiko leukez”.
Beste alde batetik, Aldundiak jakinarazo dauenez, Ea eta Ispaster udalerrien mugak aldatzeko proposamen bat dago, M5 eta M6 mugarrien artean, mugarte bat “zuzentzeko”. Horrek, Eako udalerriari “8.147 metro karratu” gehitzea ekarriko dau. Batzordeak aho batez onartu dau “udalerri bien adostasuna” daukan aldaketea.