BATZAR NAGUSIETAKO OSOKOAK BATZARRETAKO TALDEEK EBAZPENERAKO AURKEZTU DITUEN PROPOSAMENEN ERDIAK ONARTU DITU
- Politika Orokorreko osokoari jarraipena emoten deutsan saioan eztabaidetako aurkeztu diran 20 ekimenetatik azkenean 19 bozkatu dira, batzuk aldaketak sartuta, eta 9 onartu, gehienak Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeek oposizinoko talderen bategaz adostutakoak.
- Horreen bitartez, Bizkaiko Batzarrek eskari honeek egiten deutsiez Aldundiari: udalen finantzaketarako eredua aztertzeko; bidegorri sarea hobetzeko; lurraldeko adinekoen egoitzetarako Bizkaiko produktuak erosteko; Etxetic eredua eta tamainu txikiko bizikidetza unidadeak zabaltzeko; bardintasunerako foru araua garatzeko, holan genero arrakalak desagertu daitezan; Eudelegaz eta Eusko Jaurlaritzagaz batera estrategia industriala bultzatzeko; eta Garapen Jasangarriko Helburuakaz (GJH) bat etorriko dan zerga erreformea sustatzeko.
(Gernikan, 2020ko urriaren 5ean). Joan zan astelehenean egin zan Politika Orokorreko saioari jarraipena emoteko gaur goizean Gernikako Batzarretxean egin dan Bizkaiko Batzar Nagusietako osokoak Batzarretako taldeek ebazpenerako aurkeztu dituen 9 proposamen onartu ditu, bozkatu diran 19etatik. Horreetako bi Foru Gobernua osatzen daben taldeek –Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak– aurkeztutakoak dira, eta beste zazpi talde horreek eta oposizinoko taldeetakoren baten arteko transakzinoak dira.
Batzarretako ekimenek (Batzarretako talde bakotxak gehienez bost aurkeztu ahal ebazan), Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusiak aurreko astean, bere bigarren agintaldiko Politika Orokorreko lehenengo osokoan, landu ebazan gaietako batzuk jasoten ditue. Osoko horretan, bere gobernu taldeak epe laburrean daukazan konpromisoak azaldu ebazan. Saio haretan bere gain hartu ebazan gaiei, Bizkaiko Batzarrek gaur adostu dituan bederatzi ebazpenak gehituko jakez.
ONARTUTAKO EKIMENAK
Osokoak onartu dituan ebazpenen artean, Foru Gobernua osatzen daben taldeek –Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak–, Aldundiak Garapen Jasangarriko Helburuakaz (GJH) bat etorriko dan zerga erreformea sustatzeko agindua dago, azkenengo erreforma bien (2014 eta 2018) emaitzak eta covid-19ak ekonomian izan dituan ondorioak kontuan izanda.
Horrez gain, talde biek eurak bakarrik defendidu dabe Aldundiari eskualdeen lehiakortasuna bultzatzea indartzeko eskatzen deutsan ebazpena (Bizkaia Orekan Sakonduz), toki eta eskualde mailako erakundeen lekua indartuz eta lan barik dagozan personei modu aktiboan lagunduz. Ebazpen horretan aurreikusten danez, Foru Gobernuak lan barik dagozan personak sektore estrategikoetan laneratzea aktibau eta auto-enpleoaren aldeko apustua egin beharko leuke.
Osokoak talde bi horreen eta EH Bilduren artean transakzionau dan beste ekimen baten aldeko eretxia agertu dau, Aldundiak Bizkaia osoan urien arteko bidegorri sarearen ezarpena aurreikusi daian, aparkaleku seguruak egokituz eta intermodalidadearen aldeko apustua eginez.
Hiru talde horreen adostasunagaz, Bizkaiko Batzar Nagusiek Bizkaiko iraupen luzeko zaintzak eraldatzeko eskatu deutsie Foru Gobernuari, Etxetic proiektua bultzatuz, ekitaldi honen amaieran bertan Etxaniz zentroa lizitatuz eta agintaldi honetan eredu hori beste eskualde batera zabalduz. Akordio horretan, egoitzetan tamainu txikiko bizikidetza-unidadeei lehentasuna emotea, profesionalen prestakuntzea hobetzea eta egoitzak ikuskatzeko eta kontroletako lanak indartzea be aurreikusten da.
Horrez gain, Batzarrek EAJ-PNV, PSE-EE, EH Bildu eta Elkarrekin Bizkaia taldeek negoziau daben eta bardintasunerako foru araua garatzera zuzenduta dagon beste ekimen bat abalau dabe. Horretarako, hainbat neurri jasoten dira, zainketen ekonomian genero arrakalak gainditzea edo Bizkaia indarkeria matxistatik libre iztea, adibidez.
Beste alde batetik, Aldundia eusten daben talde biek beste proposamen batzuk egokitzeko akordioak be lortu ditue EH Bildugaz. Holan, Aldundiak ikuspuntu feministatik aztertu beharko dau zainketen arloa, etxeko zaintza eta arreta eredu barria ez daiten emakumeen gain geratu. Horrez gain, oposizinoko lehenengo taldeagaz akordioa lortu da, egoitzek Bizkaiko produktuak erosteko eta kontsumiduteko apustua egin daien. Eta Udalen fintzantzaketaren arloan, udalen finantzaketaren eta udal horreen baliabideak banatzeko erespideen ganean Eudelegaz batera azterketa bat egiteko eskatzen jako Aldundiari. Horreen artean uste bakoen programari jagokozan baliabideak be hartu beharko dira kontuan. 2021eko finantzaketari begira be hainbat neurri iragankor hartzeko aukera planteau da.
Batzarren beste aldera begiratuta, Foru Gobernua eusten daben talde biek akordio transakzionala lortu dabe Talde Bereziagaz-PP, estrategia industrialari bultzadea emoteagaz erlazionauta dagon beste ebazpen proposamen bat aurrera atarateko. Proposamen horrek Ezkerraldea-Meatzaldeko eta Enkarterriko Eskualdeetako Lehentasunezko Esku-hartzeko Plan Estrategikoetan jasoten diran proiektuak barne hartzen ditu.
ONARTU EZ DIRAN PROPOSAMENAK
Osokoak ez ditu onartu oposizinoko taldeek aurkeztu edo euren artean transakzionau dituen hamar ekimen. Horreen artean EH Bildu eta Elkarrekin Bizkaia taldeek Bizkaiko Suspertze Ekonomikorako eta Ekologikorako Mahaia eratzeko ekimena nabarmendu behar da. Beste batean, Talde Bereziak zerga erreformea planteau dau, enpresentzat eta familientzat zergen jatsiera selektiboa ezarteko, eta horregaz batera, eraginkorra ez dan gastu publikoa baztertzeko.
Arlo horretan, Elkarrekin Bizkaia ez ohiko irabazien ganeko zerga barria ezartearen alde agertu da. Larrialdi edo hondamendi egoeren aurrean etekin bereziak lortzen dituen zergadunei zuzendutakoa izango litzateke. Talde Moreak beste proposamen bat be planteau dau, Kontziliazinorako Prestazino Ekonomikoa sartzea, euren kargura adinbakoak edo mendekoak dituen eta, euren lan jardunaldia egokitu edo murriztu ezin dabenez, persona bat kontratau behar daben familiei zuzenduta.
Bukatzeko, Elkarrekin Bizkaia eta PP arteko zuzenketa-eske transakzional bat be ez da onartu. Zuzenketa-eske horretan, agintaldi honetan Galdakaora, Usansoloko ospitalera eta Bilboko Errekalde auzora joango dan metroaren linea eregitea eskatzen zan.
ERAKUNDE ADIERAZPENA
Gernikako Batzarretxean egin dan osokoa, Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako Lehendakariak irakurri dauen Erakunde Adierazpenagaz hasi da. Bertan, errefuxiatuen aurreko alkartasuna erakusten da, euren eskubideen urratze sistematikoaren eta jasaten daben ahultasun eta babesgabetasun egoerearen aurrean, joan dan hilean suak kiskaldu eban Moriako errefuxiatuen eremuan egozan personei jagokenez, batez be (ikusi erantsitako dokumentua).