Aurreko Albisteak

MEATZALDEKO ABELTZAINEK LARRATZEKO ESKUBIDEA ERRESPETETAKO ESKATU DABE BATZAR NAGUSIETAN

  • Baserritar batzuen izenean, Javier Ugartek Iraunkortasunerako eta Ingurune Naturalerako Sailak ganadua “errekisau” dauela eta “500 mendia” ez erreguletea “bidebakoa” dala salatu dau Eskaeretarako eta Herritarrakazko Hartu-emonetarako batzordean.

(Bilbon, 2020ko urriaren 2an). Herritarrakazko Hartu-emonetarako batzordeak, Javier Ugartek aurkeztu dituan Meatzaldeko abeltzain batzuen kexak entzun ditu gaur. Abeltzainak, azkenengo urteetan bera eta beste abeltzain batzuk, Triano mendietan Aldundiak dituan lur batzuk larratzeko erabilten diralako Aldundiaren aldetik jasaten ari diran “jokabide bidebakoa” eta “inkautazinoa” salatu ditu. Abeltzainak, “larratzeko eskubide historikoak” ez diranez beteten ari, “erabilgarritasun publikoko 500 mendian” jasaten ari diran “gatazkan bitartekari” lana egiteko eskatu deutse batzarretako taldeei.

Bizkaiko Batzar Nagusietan egin dauen agerraldian Ugartek esan dau, ganera, “idatziz jakinarazo barik” inkautau diran abelburuen egoerea ez dala ona, Aldundiaren esku dagon Galdameseko finka batean, “hiru astez” “erreteniduta” dagozalako, egotaldi luzeetarako prestauta ez dagozan 300 metro karratuko instalazinoetan. Gai hori dala eta, Ugartek “1.200 eta 60.000 euro” arteko isunak jaso daikez. Daborduko “1.100 euro baino gehiago” gastau ditu epaiketetako kostuak dirala eta.

Ortuellako abeltzainak azaldu dauenez, abeltzain batzuek Aldundiagaz daukien gatazkea, “osasuna eta diru asko kostetan ari jakun burruka luzea” da, eta gatazkea ebatzi ahal izateko “bustiteko” eskatu deutso Elena Unzueta Iraunkortasunerako eta Ingurune Naturalerako foru diputatuari.

Bere berbetan, gatazkea “500 mendian” dagozan lursail batzuk dirala eta sortu da. “Erregulauta ez dagon arren”, lursail horreek bazkidetuta dagozan beste abeltzain batzuek erabilten ditue. Halanda be, inguruaren egungo egoerea oso txarra dala esan dau. “Bedarra baino lehen sasiek urtetan dabe”. “Inor ez da joan bertara zelan dagon ikustera”. Ugartek kritikau egin dau Aldundiak inguru horretan egiten dauena, eta erabagi horreen ostean “bestelako interesik ete dagon” galdetu dau. Horrez gain, Aldundiak “laguntzak kentzeko mehatxua egin dau”.

Ugartegaz batera Aitor González Borobil taldeko Ortuellako zinegotzia etorri da Batzarretara. Esan dauenez, larratzeko eskubidea eta zortasuna, Ortuellan, Abanto -Zierbenan, eta Trapagan dagozan erregistroko hiru finken eukiak eta “epaileen hainbat epaik” abaletan ditue.

Inguruan ganadua daukien auzokideak “ez dagoz mendia erreguletearen kontra, garaiak aldatu egin diralako eta erabilerak ez diralako orain 100 urteko erabilera berberak”, azaldu dau Ugartek, baina abeltzainen alkarteei denpora jakin baterako emon jakezan lursail horreetan larratzeko abeltzainek daukien eskubidea eskatzen dabe. “Eskubide batzuk badaukazuz, ez deutsu inork zertan emakida bat emon behar”.

HITZARMENA SOSAGAZ

Horrez gain, aurretik Erregistroan eskaria eginda Bizkaiko gizarte zibilak parte hartu ahal dauen batzordeak Mundubat Fundazioa alkartearen bisitea be jaso dau. Alkarteak, “Ekintzailetzaren ekosistemaren nazinoarteko konektibidadea eta Bizkaiko Start Upen azelerazinoa bultzatzeko” Bizkaiko Foru Aldundiaren eta SOSA Erakundearen arteko hitzarmena sinatzearen eta luzatzearen aurrean lurraldeko hainbat kolektibok eta erakundek aurkeztu daben kexea jarri dau mahai ganean.

Fundazinoko kide diran Gorka Martijak eta Alaitz Berriozabalgoitiak hitzarmen hori salatu dabe, izan be, euren eretxiz, giza eskubideak eta nazinoarteko eskubide gizatiarra zapaltzen ditu, Palestinaren okupazinoaren testuinguruan. Biek be, esan dabe penagarria dala Aldundiak “negozioak egitea Israelgo arma-enpresakaz, RAFAELegaz, adibidez”. Horrek argi erakusten dau “giza eskubideek ez daukiela garrantzirik, eta garrantzia daukan bakarra ekonomia dala”.