BOST DEI-ADARRAK BARRIRO ENTZUN DIRA GERNIKAKO BATZARRETXEAN, SEI GIZALDI GEROAGO
· Bizkaiko Batzar Nagusiek, bost dei-adarren jotea gogora ekarri dauen ekitaldi sinbolikoa egin dabe Gernikako Batzarretxean, dokumentauta dagonez, XIV. mendean, Bizkaiko Jaurerriko ordezkarien bilera bakotxaren aurretik, egiten zan moduan.
· Gernikako Arbolaren ondoan gaur egin dan ekitaldiak, Gorbeiako tontorrean bihar egin behar zan eta pandemia dala eta bertan behera geratu dan Deiadar Mendien Eguna ordeztuko dau.
(Gernikan, 2020ko urriaren 2an). “En la Junta de Garnica, seyendo juntado cavalleros e escuderos / e fijosdalgo de Vizcaya, llamados a Junta General, e tannidas las cino vozinas.” Juan Núñez de Lararen 1342ko koaderno batean jasotakoa, dei-adarren tradizinoaren ganeko lehenengo aitamena da, eta hori hartu da erreferentzia moduan gaur, Batzarretarako deia egiteko, bost dei-adarrak joz, Bizkaia nuklearreko eskualde historiko bakotxetik bat. Bizkaiko Batzar Nagusiek, Gorbeiako tontorrean bihar egin behar zan eta pandemia dala eta bertan behera geratu dan Deiadar Mendien Eguna ordezteko egin dabe ekitaldi sinbolikoa. Gaur egun ospatzen dan tradizino hori bertan behera itzi behar izan da, koronabirusa dala eta.
Ekitaldiaren buru Ana Otadui, Bizkaiko Batzar Nagusietako Lehendakaria izan da, eta beragaz batera Javier Barrio historialaria eta 18 eta 70 urte arteko bost dei-adar jotzaile (José Antonio Alaña, Vicky Hurtado, Juan Miguel Luque, Oier Ibáñez eta Maialen Azkue) egon dira. 12:00etan jo ditue dei-adarrak, Gernikako Arbolaren ondoan. “Hemendik, Gernikako Batzarretxetik, gaur egun ezagutzen dogun Erdi Aroko dokumentazinoan jasoten dan moduan egin gura dogu deia, Gernikan Batzar Nagusi handia hasi aurretik bost dei-adarrak joz”, gogoratuazo dau Otaduik.
Bizkaiko Batzar Nagusietako Lehendakariak gogoratuazo dauenez, Bizkaiak 2004an berreskuratu eban tradizino hori, “ahaztuta geratu ez zedin, baina Gernikara mugatu beharrean, bost deiadar mendietara (Gorbeia, Ganekogorta, Oiz, Sollube eta Kolitza) erotea erabagi zan, XIX. mendean, Antonio de Trueba historialari eta Bizkaiko kronistak ber-interpretau eban moduan. Antonio de Truebak adierazoten dauenez, iraganean holan egiten zan, bizkaitarrei Gernikan Batzar Nagusia egin behar zala jakinarazoteko. Gaur egungo historialarien eretxiz, mendian egiten dan ekitaldiak “tradizinoa gure garaietara egokitzen dau” eta “gure ohitura eta erakunde sustraituenak, Bizkaiko Batzar Nagusiak, defendiduteko” ahalegina da, Otaduik gogoratuazo dauen moduan.
Tradizino horren jatorriak eta gizaldietan zehar euki dauen bilakaerea, Bizkaiko Batzar Nagusiek eta Enkarterrietako Museoak, une honetan Enkarterriko museoan ikusi daiteken “Antonio de Trueba (1819-1889). Bizkaiko Kronista” erakusketagaz batera, egin daben azkenengo argitalpenean ikusi daiteke. “Bost dei-adarrak jotzea. Bizkaiaren sinbolo” ikerketa-lanaren egileetako bat ekitaldian egon dan Javier Barrio da, eta bertan adierazoten da Antonio de Trueba izan zala ekitaldi hori “ber-interpretau” ebana, “Foruak etenbako erasoak jasaten ari ziran unean”, adierazo dau Enkarterrietako Museoaren zuzendariak. Bere eretxiz, bost dei-adar hareek jotea “Bizkaiko Jaunaren eta bizkaitarren artean sinau zan eta bizkaitarrei euren legeetan oinarrituta modu librean gobernetako aukerea emoten eutsen hitzarmenaren sinboloa zan”.
Berak eta beste egile batzuek Erdi Aroko eta Garai Modernoko hainbat iturri kontsultau, eta Jaurerriaren jatorriaren ganeko Bizkaiko hainbat tradizino berreskuratu ebezan. “Hortik sortu zan dei-adar hareek bost puntu altutan joten zirala dinon idea, eta Antonio de Trueba izan zan gaur ezagutzen doguzan bost mendiak aitatu ebazan lehenengoa”. Une horretatik aurrera, Gorbeia, Ganekogorta, Oiz, Sollube eta Kolitzatik Batzarretara deitzen zala dinon idea euskal historiografian eta jentearen imajinarioan instalau zan, eta gaur egunera arte iraun dau.
2004tik, deiadar mendien igoerea jaieguna da. Egun horretan, “Euskal Foruakaz erlazionautako sinismen hori ospatzen jarraitzen dogu; pandemiak markautako urte honetan be ez dogu sinismen hori ahaztu gura izan”, nabarmendu dau Otaduik.