MURILLOREN ERETXIZ, BIZKAIKO ADINEKOEN KONTSEJUAN EGIN DIRAN ALDAKETEK "PLURALTASUNA ETA PARTAIDETZA HANDIAGOA" ZIURTATZEN DABE
- Gizarte Ekintzako foru diputatuak txalotu egin dau bazkide kuota daukien adinekoen 180 alkarte egotea, “Europa osoan parekorik” ez daukan zeozer.
- Bizkaiko adinekoen kontsultarako organua, adinekoen beharrak jagoten aritzen diran erakunde “guztien” partaidetzara “oraindino gehiago” zabaltzea eskatu dau oposizinoak.
- Batzar Nagusietako Gizarte Ekintzako Batzordean, Sergio Murillok Ranzari Mankomunidadeak jasoten dauen 562.000 euroko foru partidea errazoitu dau, baina Elkarrekin Bizkaiak adierazo dauenez, horrek ez dau mankomunidadearen diruzaintzako arazoak arintzeko balio.
(Bilbon, 2020ko irailaren 30ean). Sergio Murillo Gizarte Ekintzako foru diputatuak Bizkaiko Batzar Nagusietan egin dauen agerraldian adierazo dauenez, Aldundiko Gizarte Ekintzako Sailaren esku dagon Bizkaiko Lurralde Historikoko Adinekoen Kontsejuko berregituraketa barria, “hirugarren sektoreko Bizkaiko eragileakaz konpartidu dan barneko gogoetaren” emaitzea da. Foru Dekretuan sartutako aldaketek “operatiboago” bilakatuko dabe, 60 urtetik gorako personak eta adinekoakaz erlazionautako erakundeak, alkarteak eta erakundeak ordezten dituan organuan “partaidetza handiagoa bultzatuz eta pluraltasuna ziurtatuz”. Murillok defendidu dauenez, onartu dan dekretuak “zuzenbideko formea emoten deutso egitateko errealidadeari”.
Batzarretako EH Bildu eta Elkarrekin Bizkaia taldeek Gizarte Ekintzako foru diputatuaren agerraldia eskatu dabe Bizkaiko Batzarretan, organu horren “berregituraketa, osaketa eta erregulazino” barria azaltzeko. Joan dan garagarrilean onetsi eban Gobernu Kontsejuak, eta horri jagokon foru dekretua irailaren 1ean argitaratu zan.
1999an sortu zanetik gaur egunera arteko errepaso historikoa egin ostean, Murillok azaldu dau planteautako azkenengo aldaketek “barrikuntza garrantzitsuak” jasoten dituela, “laneko hiru komisino” sortzea, eta “idazkaritza teknikoa” eratzea, adibidez. Komisino horreek “gure lurraldeko adinekoen ikuspegia gehitzen deutse politika publikoei”.
Elkarrekin Bizkaiak “zalantzan” jarri dau aldaketa horreek gizarte zibilaren partaidetza handiagoa eragingo dabenik, aurton “3 bilera baino ez diralako deitu, eta azkenengoa informazinoa emoteko bakarrik”. Héctor Fernández batzordekideak faltan bota dau kontsejuaren “jatorrizko izpiritua berreskuratzea”, persona eta erakunde gehiagok parte hartzen eben garaikoa. Aldaketakaz, Kontsejuaren osokoa, adibidez, “ahalmen eta euki barik” geratzen da. Fernándezek “gardentasuna falta dala” salatu dau, organu horren webgunea “ez dalako eguneratzen”.
Ildo berari jarraituz, Arantza Urkaregi EH Bilduko ordezkariak, organua orain ordezkaririk ez daukien erakundeen “partaidetza handiagora” zabaltzeko eskatu dau. Erakunde horreen artean, pentsinodunen baldintzak hobetzea eskatuz lurraldeko kaleetan aritzen dan gizarteko mobimendu barria egongo litzateke. Kontsejuaren existentziaren eta lanaren inguruan dagon informazino eskasa kritikau dau. “Jenteak ez dauka informazinorik”, esan dau.
1999an sortu zanetik, Adinekoen Kontsejuak aldaketa garrantzitsuak izan ditu, eta une honetan, “adinekoen politika publikoak hobetzeko behar egiten dauen egitura osoaren parte bat baino ez da”, erantzun dau Murillok. Gogoratuazo dauenez, egitura horretan, zerbitzu sozio-sanitarioen, Aldundiko zentroen edo gizarte arloko zerbitzuen ganean berba egiteko erakundeen arteko lan taldeak be jasoten dira. Adinekoen Kontsejuaren kasuan, Aldundiaren egitekoa “topalekuak sustatzea” da, baina bertako kideak izan behar dira “antolatu behar diranak”. Dana dala, txalotu egin dau “Bizkaian kuota ordaintzen daben bazkideak dituen 180 alkarte egotea erregistrauta”, udalerri “guztietan”. “Horrek ez dauka parekorik Europan”, esan dau.
RANZARI MANKOMUNIDADEAREN EGOERA EKONOMIKOA
Gaurko saioan Ranzari Mankomunidadearen finantza egoerea be tratau da. Bizkaiko Foru Aldundiak partida nominatibo bat bideratzen dau urtero. 2020 honetan 562.000 eurokoa izan da. Partidaren helburua, Lan Hastapenerako Zentroan eta Enpleorako Zentro Berezian sortzen diran gastuen parte bat ordaintzea da. Zentro horreen helburua adimen urritasuna daukien personen gizarteratzea eta laneratzea da.
Elkarrekin Bizkaia taldeak jakin dauenez, Portugaleteko eta Santurtziko Udalek sortutako Mankomunidade hori “ekonomia eta aurrekontu egoera larria” ari da jasaten barriro. Egoerea arriskuan ari da jarten 200 behargin baino gehiagoren soldaten ordainketea. Eneritz de Madariaga talde moreko bozeroaleak salatu dauenez, egungo egoera ekonomikoa eragin dauen errazoietako bat, ez kontu-hartzailerik ez idazkaririk ez dagola da, eta horrek eragotzi egiten dau Mankomunidadeak bere benetako beharrakaz bat etorriko dan aurrekontua egin ahal izatea. “Bost urte bete dira aurrekontu barik eta diru arloko arazoakaz”.
Bere erantzunean, Murillok azaldu dau garagarrilaren 30ean bere sailak 2019. urteko urteroko justifikazio txostena jaso ebala. Bertan, kontuen auditoreak jakinarazo eban Ranzariren aldetik ez zala egon “ez beteteak azaltzen ebazan gertakaririk”. Murillok azaldu dauenez, Aldundiak mankomunidadearen egoeraren etenbako jarraipena egiten dau, urteroko “justifikazino txosten” horreen eta “deien eta Mankomunidadeko arduradunakaz egiten diran laneko bileren” bitartez, baina Ezkerraldeko udal biei – Portugaletekoari eta Santurtzikoari– jagokela, kudeaketaren kontrola egitea eta kontu-hartzaile bat izendatzea. Aldeko puntuen artean, urte horreetan “aurrekontuak egin eta soldatak ordaindu dirala” azaldu dau Murillok.