Aurreko Albisteak

BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEK BAT EGINGO DABE ONDAREAREN EUROPAKO JARDUNALDIAKAZ, ABELLANEDAN ETA GERNIKAN EGINGO DIRAN JARDUERA BIGAZ

· Zapatu honetan, urriaren 3an, Enkarterrietako Museoak ipuin-kontalari baten saio berezia emongo dau, XIX. mendeko Antonio de Trueba idazlearen eta kronistaren testuetatik moldatutako istorioakaz, haren lanari eta figurari eskainitako erakusketaren barruan.

· Jarduera bietarako sarrera mugatua da, eta beharrezkoa izango da aurretik erreserba egitea www.enkarterrimuseoa.eus webgunean edo 94 650 44 88 telefono zenbakian.

(Bilbon, 2020ko irailaren 29an). Bizkaiko Batzar Nagusiek hirugarren urtez jarraian egingo dabe bat Aldundiak koordinetan dituan Ondarearen Europako Jardunaldiakaz, Abellanedako eta Gernikako egoitzatan egingo diran jarduera bigaz. “‘Fábulas de la educación’. Antonio de Truebaren ipuinak eta horren gogo bizi hezitzailea” eta “Batzar Nagusien papera eta eskola-arkitekturaren eboluzioa (1890-1975) bost eraikinen bitartez” izenburuak daukiezan jardueren bitartez, Bizkaiko Batzarrek bat egingo dabe Bizkaiko beste erakunde batzuekaz, hezkuntza arloko ondarea balioan jarteko eta erakusteko, eta baita gazteak eta helduak Ondarean hezteko be, ondareko elementu bakotxaren atzean dagozan baloreak transmitiduteko.

ZAPATUA, URRIAK 3, ENKARTERRIETAKO MUSEOAN

Enkarterrietako Museoak eta Bizkaiko Batzar Nagusiek familia osoari zuzendutako jarduera aurkeztuko dabe, Begoña Alabazan ipuin-kontalariagaz. Antonio de Truebak (1819-1889) Enkarterrin jaso ebazan hainbat kondaira eta kontakizun moldatuko ditu, eta egile ospetsu horren ohoretan Museoan bertan egiten ari dan erakusketaren barruan girotuko ditu. "Fábulas de la educación", familiei zuzenduta dagoen jarduerea da, eta hezkuntza eta tradizinoen berreskuratzea uztartu eta Antonio de Truebaren lanaren parte bat bultzatu eban gogo bizi hezitzailea gogoratuarazo gura dau. Jarduerea urriaren 3an izango da, euskeraz, Enkarterrietako Museoan (Abellanedako Batzarretxea izandakoa), ordutegi bitan: 17:30ean eta 19:00etan.

ZAPATUA, URRIAK 17, GERNIKAKO BATZARRETXEAN

Bizkaiko Batzar Nagusietako egoitzatik eta Gernikako Arbolatik abiatuta, Batzar Nagusiek ibilbidea prestau dabe herritik, Batzarrek Gernikako ikastetxeen arkitekturaren bilakaeran bete daben papera ezagutzeko. Bertaratzen diranek 5 eraikin bisitauko ditue Gorka Pérez de la Peña ikerlariaren eskutik, eta Bizkaiko Batzarretan hartzen ziren erabagiek horreen forman eta eukian izan eben eragina ezagutuko dabe. Ikastetxe Publikoetatik, San Fidel ikastolatik, Auzoko Eskolatik, Segundo Olaeta Udal Musika Eskolatik eta Allende Salazar Ikastetxe Publikotik egingo dan bisita gidaua izango da. Topalekua Gernikako Batzarretxea izango da, eta jarduerea 12:00etan hasiko da.

Jarduera bietarako sarrera mugatuta dago, eta beharrezkoa izango da aurretik erreserba egitea www.enkarterrimuseoa.eus webgunean edo 94 650 44 88 telefono zenbakian.