Aurreko Albisteak

REMENTERIAK, ZORPETZE HANDIAGOA EUKIKO DAUEN AURREKONTUA "GARAIZ ETA BEHAR BEZALA" AURKEZTEKO APUSTUA EGIN DAU, ETA ADINEKOAK ZAINTZEKO BESTE EREDU BATERAKO "TRANTSIZINOA" PLANTEAU DAU

  • Legealdiko Politika Orokorreko lehenengo osokoan, Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusiak jarduera ekonomikoa eta enpleoa, digitalizazinoa eta bertako merkataritza be bultzatu gura dituala azaldu dau.

  • Bizikletarentzako bultzada berezia, landa inguruetan azken belaunaldiko banda zabala eta Garapen Iraunkorreko Helburuakaz lerrokatuta egongo dan fiskalidadea iragarri ditu.

  • Oposizinoak aldaketak eskatu ditu politika fiskalean eta egoitzen ereduan

(Gernikan, 2020ko irailaren 28an). Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusiak, adinekoak zaintzeko eredu desbardinerako “trantsizinoa” lortzeko “asmo handiko plana” jarriko dala martxan iragarri dau gaur Gernikako Batzarretxean egin dan Politika Orokorreko osokoan, Foru Gobernuaren buru izanda egingo dauen bigarren legealdiko lehenengoan, hain zuzen be. Gehitu dauenez, adinekoek “gure lehentasuna izaten jarraitzen dabe”, “garaituko ez gaituen” pandemia honetan. Epe laburreko helburuen artean, Rementeriak Aurrekontua “garaiz eta behar bezala” aurkeztea planteau dau, foru erakundeak Bizkaiko defizita eta zorra handitzeko gaitasuna izango dauela adierazoz.

Koronabirusak eragin dauen osasun krisia, eta horrek gizartean eta ekonomian izan dituan ondorioak nagusi izan diran saioan, Rementeriak egungo egoeraren diagnostiko “zorrotza” eginda hasi dau bere berbaldia. Pandemiaren Bizkaiko datuak eta Bizkaiko egoitzetan eta jarduera ekonomikoan eta enpleoan izan dauen eraginaren ganekoak emon ditu. Gaur Bizkaiko 51 ordezkariak bertan egonda apurka-apurka normaltasuna berreskuratzen ari diran Batzar Nagusien aurrean egin dauen berbaldia, egoitzen gaur egungo egoerea zehaztuz hasi da: 160 erabiltzaile kutsatu, dagozan 10.870 plazetatik (1.852k gaixotasuna gainditu dabe); kasuak 8 egoitzetan, dagozan 155etatik; eta 101 profesional kutsatu, dagozan 7.771tik. Modu berezian ekarri ditu gogora Covid-a dala eta lurraldean hil diran 1.113 personak.

Datuakaz jarraituta, Covid-ak lurraldeko ekonomia “kutsatu dauela” azaldu dau Rementeriak. Holan erakusten dabe BPGk (%10,5ko jatsieragaz); Industriako Ekoizpen Indizeak (%28,6ko atzerapena); diru-bilketaren jatsierak (%18 gitxiago batuko dala aurreikusten da); edo langabeziaren hazkundeak (igaz baino puntu bat behiago). Horri guztiari aurre egiteko, “13,1 milioi euro gastau dituan” talka-plan bat aktibau dau, eta baita mikro-eteei eta autonomoei zergak atzeratzeagaz erlazionautako beste neurri batzuk be (218,4 milioi).

Birusak itzi dauen egoerea kontuan hartuko da aurrekontuak “garaiz eta behar bezala” egiteko orduan. Dana dala, “beharbada apur bat atzeratuko dira, ezinbesteko errazoiak dirala eta”, esan dau. Aurrekontuek defizita eta zorra handitzeko gaitasuna izango dabe, baina badago zalantza bat, Bizkaiak Europako Funtsen injekzinoa jasoko dauen ala ez jakitea. Momentuz, Aldundia hainbat neurri ari da prestetan datozan asteetarako, “10 milioi euroko” eragina izango dauen eta autonomoei zuzenduta egongo dan hirugarren hiruhilekoko ordainketa zatikatuaren salbuespena, edo mikroenpresei soziedadeen zergaren itzulketea aurreratzea, irailaren 30etik aurrera, “11 milioi euroko” eraginagaz.

Egoerea “konplikaua” dan arren, danak ez dira barri txarrak izan. Holan, Rementeria pozik agertu da energiaren industriak eta industria teknologikoak erakutsi daben bilakaera positiboa, automobilgintzaren sektorearen jarduerak bagiletik izan dauen hobekuntzea edo bizikleta, farmazia eta elikadura industriek bizi daben une ona ikusita. Ganera, datuek barruko kontsumoa suspertzen ari dala erakusten dabe, eta hori “behar-beharrezkoa da gurpilak biraka jarraitu daian”.

“LEHENTASUNEZKO” HIRU ARDATZ

“Argazki” horren aurrean, Rementeriak bere gobernuak “aurrera egiteko” eta lehentasunezko hiru ardatzetan jarduteko egin dauen apustua balorau dau: jarduera ekonomikoa eta enpleoa, gizarte ekintzaren modernizazinoa eta lurraldearen hobekuntzea”.

Lehenengo ardatzari jagokonez, Rementeriak gogoratuazo dau orain denpora gitxi esleitu dala ekintzailetzaren nazinoarteko zentroa, “2022ko lehenengo hiruhilekoan” martxan jarteko aurreikuspenagaz. Jarduera ekonomikoa berreskuratzeko idea horren barruan, bertako merkataritzari emon behar jakon laguntzea azpimarratu dau. Joan dan astean konpromisoa hartu da BBKgaz, merkataritza horren digitalizazinoari laguntzeko.

Digitalizazinoa da “Europako etorkizuneko gakoetako bat” eta, horren barruan jasoten dira Aldundiaren beste apostu batzuk, urriaren 8an, behin hitzarmena sinatuta, abian jarriko dan Telefónicagaz partekatutako Eskola 42 Bizkaia proiektua, adibidez. Lau urteko iraupena eta bost milioi euroko foru inbertsinoa izango ditu. Eta baita Urdulizen egongo dan 42 Bizkaia programazino eskolea, ikasleak edozein profil digitalean behar egiteko prestauko dituana.

Langabezia murrizteko helburuagaz, Bizkaiko Foru Aldundiaren enpleo plana “beste adibide bat” da. Hainbat programa aitatu ditu (Manten, Kontrata, Tokiko 3R plana…), eta “aste gitxitan”, mundu osoko enpresek Bizkaian inbertiduteko eta instaletako behar daben informazino guztia batzen dauan Invest in Biscay ataria aktibetea, besteak beste.

ADINEKOEN ARRETARAKO SAREA HOBETZEKO PROPOSAMENA

Bigarren ardatzari (gizarte ekintzea hobetzea eta modernizetea) jagokonez, personak babesten dituan sarea hobetu egingo da. Rementeriak, bizi-itxaropena gero eta luzeagoa danez eta sendaketarik ez daukien gaixotasunak kronifikau egingo diranez, prestau beharko dan proposamen baten barri emon dau. Bere berbetan, errealidade horrek “iraupen luzeko zaintza gehiago” planteetan ditu “bizilekuan bertan”. Asmoa Etxetic proiektua Bizkaia osora zabaltzea izango litzateke.

Ganera, aldaketak egoitzen eredu “gizatiarragoa” sartuko dau, komunidadearen aurrean zabalik egongo diran eta belaunaldien arteko hartu-emonak bultzatuko dituen alkarregaz bizitzeko talde txikietan oinarritua. 10 edo 20 personako bizilekuak planteetan ditu. Eta Laguntza mediko espezializauak “erreferentziazko eskualdeko zentroetatik” eskini litezkela adierazo dau.

Pandemiari hobeto aurre egin ahal izateko, Aldundiko Gizarte Ekintza Saila eta Bardintasun eta Enplegurakoa alkarregaz ari dira beharrean, Lanbidegaz batera prestakuntzarako programea diseinetan, etenbako hobekuntzea eskintzeko personen arretarako protokoloak ezarteko orduan, eta persona horreek artatzen dituen profesionalei garapen profesionala opesteko arlo guzietan.

Bukatzeko, lurraldea hobetzeko hainbat jarduketa aztertu ditu, “berdea, digitala eta eskualdeen arteko erabateko bardintasuna” eukiko dauena bilakatzeko. Arlo horretan, lehentasuna azken belaunaldiko banda zabalaren hedapena dala esan dau. “Bihar”, hamar milioi euroko lizitazinoa onartuko da, Internet Bizkaiko txoko guztietara eroateko, landa inguruetara, batez be. Gitxienez 200 megako gaitasuna izango daben sareak zabalduko dituan plana da, eta gauzatzeko gehieneko epea 2023ko bagilaren 1ean dago ezarrita. Arratian, Mungialdean eta Enkarterrin hasiko da.

BIZIKLETA GEHIAGO

Azpiegituren arloan, Rementeriak errepideko proiektu handien garapena aitatu dau, itsasadarraren azpiko tunela eta Supersur izenekoaren eta AP-68aren arteko loturea, baina hori guztia bizikletaren erabileraren garapenagaz batera. Urtea bukatu aurretik, lan talde bat osatuko da Deustuko eta Herbehereetako Bredako unibersidadeetako, Bizkaiko Garraio Partzuergoko, Orbeako eta Aldundiko ordezkariakaz. Urtebete barru balorauko da Bike Intelligence Center izenekoa “Bizkaiko bizikleta bidezko mobikortasuna bultzatzeko erreferentziazko zentroa” sortuko dan ala ez.

Mobikortasun iraunkorraren aldeko apustu horretan, Aldundiak herrien arteko bidegorriak eregitea planteetan dau Amorebieta eta Durango artean, Eskumaldeko bizipistea Getxo eta Bilbo artean itsasadarraren ertzetik eta, seguruenez, N-634 errepidean, Galdakao eta Basauri artean, bizikletan ibiltzea errezteko neurriren bat.

EUROPAKO FUNTSAK

Beste alde batetik, Europako Funtsen finantziazinoa jasoteko Aldundiak aurkeztu dituan proiektu “eraldatzaileak” zehaztu ditu Rementeriak. Aitatu diran guztiez gain, Aldundiak laguntzak eskatu ditu Nagusi Intelligence Centerrerako, hidrogenoaren hub-erako, Basque Cloud & Artificial Intelligence Centerrerako, Metroa Galdakaora Usansoloko ospitalera eta Bilboko hegoaldeko auzoetara luzatzeko, Bermeoko portua barriztetako planerako, itsasadarraren ertzak lehengoratzeko maisu-planerako, Lezamako Trenbide Zaharra bide berde bilakatzeko, Lekeitioko labar-artea babesteko eta hedatzeko Koba gunerako; eta Omako basoa berreskuratzeko edo Arte Ederren Museoa handitzeko

FISKALIDADEA ETA GIH-AK

Fiskalidadeari jagokonez, adierazo dauenez, Bizkaiko Foru Aldundiak maiatzaz geroztik beharrean dihardu Mariana Mazzucato irakasle ospetsuagaz eta University College Londonegaz, beti be Garapen Iraunkorreko Helburuakaz bat datorren zerga proposamena egiteko. “Urtearen amaierea” jarri dau lankidetza horren lehenengo emaitzak aurkezteko epemuga moduan.

BATZARRETAKO TALDEAK

Ordubeteko atsedenaldiaren ostean, Batzarretako taldeen txandea Talde Bereziko (PP) Amaya Fernándezek edegi dau. Bere berbaldiaren hasieran, pandemiaren kontra burrukatu diran personek egin daben beharra eskertu dau: “hainbeste personak ez deutsagu inoiz horrenbeste zor izan gitxi batzuei”. Gure lurraldearen gaur egungo egoerari jagokonez, “arazoak ez dira pandemiagaz hasi”, esan dau, “denpora asko daroagu ahuleziak jasaten, industriak daukan gero eta pisu txikiagoa edo langabezia tasa altua”, adibidez. Fernándezek adierazo dauenez, “Aldunditik igaro diran gobernuek lidergoaren aldeko apustua egin izan balebe, egoera hobean egongo ginateke”. Bere eretxiz, foru gobernuan “konformismoa nagusitu da, eta, horregaitik, urte asko daroaguz ahuleziak pilatzen”. Bizkaiko ekonomia suspertuko dauen erreforma fiskala eskatu dau, “zergen murrizketa selektiboa” proponiduz.

Eneritz de Madariaga Elkarrekin Bizkaia taldeko bozeroaleak, bere aldetik, Joaquín Beltránen eta Alberto Sololuzeren, Zaldibarko hondakindegian lurperatuta geratu ziran beharginen, eta laneko istripuen ganerako biktimen familienganako alkartasuna erakutsi dau bere lehenengo berbetan. Egoitzetako zaindariek egin daben beharra eskertu dau. Sektore horri jagokonez, bere eretxiz, “foru gobernuak ez dau mailarik emon”. “Pandemiak bizitza larregi eroan ditu, eta prebentzinozko neurriek eta kontrolek ez dabe funtzionau”.

“Gure lurraldea bere historiako une txarrenetako bat pasetan egon danean” Ahaldun Nagusia desagertuta egon izana kritikau dau. Unai Rementeriaren jarrerea kritikau dau, “betiko errezetakaz jarraitzen dauelako, ganerako indar politikoen eta gizarteko eragileen lankidetza bilatu barik”. Fiskalidadeari jagokonez, eredua “oso atzerakoia” dala esan dau, ez deutso aberastasuna banatzeari eta gizarteko bardintasunari laguntzen. “Bizkaia ez da aukera bardintasunik erakusten dauen lurraldea”, esan dau amaitzeko.

Euskal Sozialistak taldetik, Eusko Legebiltzarrera joateko osokoari agur esan deutsan Ekain Rico bozeroaleak esan dau urtebete atzera begiratzeak “zorabioa” sortzen dauela, pentsau ezina zan krisia jasaten ari garalako eskala globalean, milaka bizi eroan dituan krisia. Bizkaiko ekonomia eta gizartea ikututa dagoz. Azpimarratu dauenez, egoera horren aurrean “kausa komunaren alde alkartzen garenean, batzen garenean, baino ez gara indartsuago izango”. Hori dala eta, esfortzu guztiak konponbideetan zentrau behar dirala esan dau.

Bere eretxiz, krisiak argi erakutsi dau esparru publikotik izandako esku-hartzeak “kalte larriagoak saihestu dituala”. Holan, adierazo dauenez, talka-neurriei esker, egoera zaurgarrienean egozan personek jasan dituen eraginak “arinagoak” izan dira. Ricok nabarmendu dauenez, “legealdiaren hasieran markau genduzan printzipio programatikoek indar gehiago daukie gaur egun, ongizate estadu indartsuagoagaz urtetako aukeraren aurrean gagoz”.

Arantza Urkaregi EH Bilduko Batzarkideak, bere aldetik, esan dau pandemia “shock” bat izan dala gure gizartearentzat, eta “gure lehentasunak aldatzera” eroan gaituela, gizarte arloko ardurak lehenengo lerroan jarriz. Covid-19ak larritu egin ditu Bizkaiak lehendik eukazan arazoak. “Gure lurraldean dana ez egoala ondo erakutsi deusku. Prekariedadean eta azpi-kontratazinoan oinarritutako ereduari joskurak ikusi jakoz”, adierazo dau.

Egoitzen kudeaketari jagokonez, Covid-19ak Euskadiko Autonomia Erkidegoan eragindako “lau heriotzetatik bat” Bizkaiko egoitzetan izan dala esan dau. Azpimarratu dauenez, “datu horrek ereduak behar dituan aldaketa sakonen ganean gogoetea egitera eroan behar gaitu”.

Herritarrek alkartuta behar egitea eskatzen daben arren, bere berbetan, Unai Rementeriaren politikea “arrabola eta arrabola” baino ez da. Udalek pandemiari aurre egiteko baliabide gehiago jasoteko egin daben eskariaren aurrean Aldundiak erakutsi dauen jarrerea kritikau dau. Bere berbaldia bukatzeko Ahaldun Nagusiarengana zuzendu da, Udalekaz eta gizarteko eragileakaz batera aritzeko ordua dala esateko. “Bide horretan aurkituko gaituzu”, esan deutso, bukatzeko.

Bukatzeko, Jesus Lekerikabeaskoa, Euzko Abertzaleak taldeko bozeroaleak, 2020. urte hau inoiz ahaztuko ez dogun eta aurreikuspen guztiak aldatu deuskuzan urtea izango dala esan dau, egoera barrira egokitzera behartu gaituen urtea. Autortu dauenez, pandemiak eragin dauen egoereari aurre egiteko balio dauen errezeta bakarra behar egiteko konpromisoa da. “Hori da EAJ-PNVk gobernetan dauen lekuetan daukan konpromisoa, baina gauza bera erakusten dau oposizinoan dagon erakundeetan”. Oposizinoko taldeei behar gehiago eta kritika gitxiago eskatu deutse.

Protokolo barrien, prestakuntzaren, telelanaren… bitartez egoera barrira egokitzeko Bizkaiko Foru Aldundiko sailek egin daben esfortzua goratu dau, “inork jarraibideen eskulibururik ez daukan” egoera honetan.

Modu berezian eskertu dau Sergio Murillo Gizarte Ekintzako Diputatuaren ekipoak bizi izan dogun egoera gaitzaren aurrean gauzatu dauen lana, ikuskapenak egoitzetan, norberaren babeserako ekipoen banaketea, lantaldeen errefortzua eta prestakuntzea. “Indarrak batzeko eta gizarteari emondako berbea ez ahazteko unea da”, esan dau amaitzeko.

ORDEZKARI BARRIAK

Osokoa hasi danean, María Ángeles Muñoz Salasek eta Gaizka de Luis Zelaiak euren jarlekua hartu dabe Gernikako Batzarretxean, Euskal Sozialistak eta Euzko Abertzaleak taldeak ordeztuz, hurrenez hurren, Francisco José Fernández eta Jon Andoni Atutxa batzarkideak ordezteko.