ALDUNDIAK PWC-TALENT GARDEN-I ESLEITU DEUTSO BEHIN BEHINEKOZ BIZKAIKO EKINTZAILETZA ZENTROAREN KUDEAKETEA
- Ainara Basurko Ekonomiaren Sustapeneko foru diputatuak BEAZeko Administrazino Kontsejuan “aho batez” hartu dan erabagiaren barri emon deutse Bizkaiko Batzarretako taldeei.
- Oposizinoak bere “zalantzak” erakutsi ditu, bere egunean eskaintza bakar bat be jaso ez ebanez aldatu egin zan kontratazino prozesuaren ganean.
(Bilbon, 2020ko irailaren 25ean). Bizkaiko Nazinoarteko ekintzailetza Zentroa (CIEB) kudeetako PriceWaterhouseCoopers-ek (PwC), Talent Garden-egaz lankidetzan aurkeztu dauen eskaintzak irabazi dau, behin behinekoz, legealdiko proiektu “izartzat” hartzen dana zuzentzeko Aldundiak edegi eban lehiaketa publikoa. Kontratazinorako Mahaiak proposamen irabazlea jasoten eban erespena bialdu eutsan joan dan irailaren 18an BEAZeko Administrazino Kontsejuari. Proposamen irabazleak “93,27 puntu” lortu ebazan, 78,37 puntu jaso ebazan bigarren sailkatuak, Impact Hub-ek baino ia hamabost gehiago, Ainara Basurko Ekonomiaren Sustapeneko foru diputatuak Bizkaiko Batzar Nagusietako batzordean azaldu dauenez.
Aldundiko arduraduna berak eskatuta joan da Ekonomiaren Sustapenerako Batzordera, Bizkaia Torrean egongo dan zentroaren kontratazinorako prozesua zelan joian azaldu eta hiru hilebetera. Aldundiaren eretxiz, proiektu horrek “ekintzailetzaren nazinoarteko ekosistemen barruan jarriko dau” gure lurraldea. Basurkoren berbetan, “gure enpresa egituraren lehiakortasunerako eta barrikuntzarako erronkei erantzungo deutsen ekintzailetzarako sistemea eukiteko eta indartzeko aukerea emongo deuskun piezea da; mundura zabalik egongo dan ekosistemea, konektauta, eta ekintzailetzarako talentua erakarriko dauena”. P&W – Talent Garden aliantzak proiektu “sendoa” aurkeztu dau hori lortzeko.
Basurkok kontratazino prozesuaren kronologia egin dau, eta P&Wren eta Talent Garden-en eskaintzak Impact Hub-en beste eskaintzak baino puntu gehiago lortu izanaren zergaitiak azaldu ditu. Impact Hub-en azkenean beste hautagai biren (Cambridge Innovation Center eta SOSA) aldeko eretxia jaso eban. Beste eskaintza bat, Workero enpresarena, baztertu egin zan.
Basurkok lau elementu bereizle identifikau ditu eskaintza irabazlean, lehian egoan beste eskaintzaren aurrean. Lehenengo, PwC-Talent Garden-en eskaintzak aliantza eta lankidetza “garrantzitsuak” ditu. “Garapenerako eta balio erantsi handiko zerbitzurako gaitasun handiak erakusten ditu, mota guztietako enpresei zuzenduta (startup-ak, inbertitzaileak…), metodologia aurreratuakaz eta nazinoarteko ekintzailetza zentroakaz”.
Ganera, eskaintza irabazleak “40 herrialde baino gehiagotan” presente dagon P&W “Acelerator” tresnea jasoten dau. Honeek jarten ditu proiektuaren esku: PWC Innovation Center Shangai izenekoa, startup-en azelerazinorako 9.000 m2 baino gehiagoko espazioa; Singapore´s Venture Hub deritxona, ekintzaile, arrisku-kapital funts, inbertitzaile, haztegi eta azeleragailu ekosistemea; eta Pittsburg-eko Digital Transformation 4nd Innovation Center.
Talent Garden-i jagokonez, horri esker Bizkaiko CIEB, 7 herrialdetako 16 uritan banatuta dagozan 22 ekintzailetza zentroren sarearen parte izango da: Milan, Erroma, Turin, Bartzelona, Bukarest, Dublin, Vilna, Tirana, Viena edo Kopenhage, beste batzuen artean. Holan, Bizkaiko CIEB, 4.500 persona baino gehiago biltzen dituan Europa mailako sare baten barruan egongo da. Horrez gain, Talent Garden, ekintzailetza zentroen merkaduko 20 eragile nagusiak batzen dituan The Workplace Council kontsejuaren sortzaileetako bat da. Munduko 20 eragile nagusiak batzen dituan zentroen sareak munduko ekintzailetzaren ekosistema guztia jasoten dau, eta Estatu Batuetan, Europan, Israelen eta Asian jarduten dau.
Talent Gardenek, gizateriaren arazoei aurre egiteko eta konpontzeko teknologia esponentzialen garapenerako Singularity Universityren (beste batzuen artean Nasa, Google, IDEO eta Xprize Foundation buru diran ekimena) programen lizentzia be badauka. Eta aipamen berezia merezidu dau proiektu horri esker, CIEB, ekintzaileei teknologia arloko konpainia iraunkorrak eregiten laguntzeko Silicon Valleyn oinarritutako azelerazino-aurreko programan sartuko dala.
PwC-Bizkaia Talent aliantzak beste laguntzaile estrategiko batzuk sartuko ditu proiektuan, IBM, Tecnalia, Mondragon Unibertsitatea, edo Azti, beste batzuen artean.
BATZARRETAKO TALDEAK
Talde Bereziaren (PP) eretxiz, esleipena PwCri emotea “iragarritako esleipenaren kronikea” da. Eduardo Andrade batzordekideak esan dau penagarria dala Asier Atutxa, konpainia horren Bilboko arduraduna, Aldundiari “laguntzera” etorri izana, “nazinoarte mailan esaten dan besteko interesa biztu ez dauen” prozesuan. Zentroa “atzean” geratuko da.
Modu berean, Elkarrekin Bizkaiak kritikau egin dau Aldundiaren proiektu izarra “iluntasunez inguratuta” egotea. Israel Escalante batzordekideak kritikau egin dau krisialdi honetan egin izana, “beharbada ez dalako hori orain egin beharrekoa”, une honetan dagozan “gizarte arloko beharrak” dirala eta. Edozelan be, egitekotan, “kudeaketa zuzena” egitea planteau dau, zentroa ekimen pribaduaren esku itzi beharrean.
Iker Rahona EH Bilduko ordezkariak be bat egin dau kritika horreekaz. Uste dauenez, “26 milioi euro” balioko dauen “makroproiektu” hori “teilatutik eregiten” hasi da, eskualde mailako Behargintza zentroak “alde batera” itziz. Azaldu dauenez, emoten dau “deskartez, aurkeztu diran eskaintza txarren artean hain txarra ez danari” esleitu jakola. Basurkoren azalpenean, proposamenak alderatzen dituan taula falta dala esan dau, eta baita Aldundiko proiektu estrategikoen zuzendaria izan zan Asier Alearen urteeraren ganeko azalpenak be.
Euskal Sozialistak (PSE-EE) taldeak, bere aldetik, “modu positiboan” balorau dau kontratazino prozesuaren bukaerea, eta “markautako helburuak betetetik gertuago” gagozala. Ana Berta Campok proiektua sendotuta ikusi gura dauela adierazo dau “Bizkaia nazinoarteko ekintzailetzan jarteko gai izan gaitezan”. Lurraldeak “enpresa sendoak behar ditu, hazkunderako motor moduan”, esan dau.
Mikel Baganek (EAJ-PNV) eskertu egin dau Aldundiak emondako informazino zehaztua. Bere eretxiz, bertan prozesu “gardena, argiagaz eta takigrafoakaz egindakoa” erakusten da, emon beharreko pauso guztiak “zorrotz” jarraitu dituana. Azaldu dauenez, esleipena erespide objektiboetan eta subjektiboetan oinarritzen da, eta batzuk eta besteak, “profesionalek osatu daben eta politikarien partaidetzarik euki ez dauen Kontratazino mahaiak ebaluau ditu”. Bere eretxiz, “zatarra” da esleipena lortu dauen enpresan behar egiten daben personen izenak eta abizenak erabiltea, eta kritikau egin dau talde batzuk “porrotaz” berba egitea, oraindino “hasi be ez dan” proiektuaren ganean.
MAHAIKO PRESIDENTE BARRIA
Saioaren hasieran, batzordeak Oscar Arana jeltzalea aukeratu dau Mahaiko presidente, eta Ana Berta Campo sozialistea Ekonomiaren Sustapenerako Batzordeko presidenteorde, egin dan bozketaren ostean. EH Bilduko kideek ez dabe bozketan parte hartu “ez dagozalako ados Mahaiko ordezkaritzeagaz”. Bozketea egin aurretik, Elkarrekin Bizkaia taldeak Bizkaiko Batzarren “pluraltasunaren aurrean amore emoteko” eskatu deutse Foru Gobernua eusten daben taldeei.