ALDUNDIAK ARTE EDERREN MUSEOA HANDITZEKO LANEN ESLEIPENERAKO PROZESUAREN "LEGETASUNA ETA GARDENTASUNA" DEFENDIDU DITU
- Lorea Bilbao Euskera, Kultura eta Kiroletako foru diputatuak esan dauenez, prozedurea “gardena” izan zan, eta epaimahaiak “zorrotz” bete eban indarrean dagon legedia.
- Oposizinoak kritikau egin dau epaimahaian lehiaketa irabazi dauen Norman Foster arkitektoaren Fundazinoko kide bat egotea.
- Bilbaok iragarri dauenez, Eskolako Kirol programea irailaren 28an hasiko da.
(Bilbon, 2020ko irailaren 24an). Aldundiak Bilboko Arte Ederren Museoa handitzeko lanen esleipenerako prozesua defendidu dau gaur Bizkaiko Batzar Nagusietan. Esleipena Foster + Partnersek eta LM Uriarte Arkitektura SLPk aurkeztutako proposamenak irabazi eban. Diputatuak, aurkeztutako sei proposamenen ganeko erabagia hartu eban epaimahaiaren osaketaren legetasuna defendidu dau. Oposizinoak kritikau egin dau epaimahaian Norman Foster Fundazinoaren patronatuko kide bat egotea.
Euskera eta Kulturako foru diputatuak azaldu dauenez, prozesu horrek Espainiako Arkitektoen Kontsejuko onespena jaso dau, eta “zorrotz” bete dau indarrean dagon legedia. Epaimahaia osatu daben personen lan profesional “bikaina” defendidu dau. Epaimahaiaren eraketea “2019ko zezeilean” iragarri zan, eta orduan “inork ez eban ezer esan”. Museoaren zuzendariaz eta epaimahaiko idazkariaz gain, epaimahaia “4 arkitektok, ingeniari batek, ondare artistiko eta kultur kudeaketa arloko aditu bik eta abogadu batek” osatu eben. Bilbaok kide guztien “lan ona eta kaudimen profesionala” azpimarratu ditu.
Epaimahaian arkitekto britainiarraren Fundazinoko kide bat egoteari jagokonez, “interesauak berak jakinarazo eban erakunde horretako kide zala”, esan dau. Bilbaok azaldu dauenez, Museoak beren beregi egin eban kontsulta batek, erakunde irabazlea eta Fundazinoa “erakunde guztiz independenteak dirala, eta euren izaera juridikoa eta helburuak guztiz desbardinak dirala” ondorioztatu eban. Hori dala eta, ezin da bateraezintasunen ganean berba egin. Holangorik egotekotan “ondareagaz edo lanagaz erlazionautako loturaren bat egon beharko litzateke”, nabarmendu dau.
Bilbaok proposamen irabazlearen kalidadea be azpimarratu dau. Esleipenaren erespenak azaltzen dauenez, proiektuak “kontu handiz errespetetan dau orain arte dagona, eta egoitzaren balio historikoak berreskuratzen ditu, museoa etorkizunerantz proiektauz”.
Bilbaoren agerraldia eskatu dauen Elkarrekin Bizkaia taldeko Héctor Fernándezek “zalantzak” agertu ditu Bilboko Arte Ederren Museoa handitzeko lanak Norman Fosterren estudioari esleitu izanaren ganean, eta baita proposamenaren eukia be, bere eretxiz urigintza arloko udal legediaren eta lehiaketaren oinarrien “kontra” doalako. Fosterren Fundazinoko kide baten presentzia desegokia aipatzeaz gain, diseinua “neurriz kanpokoa” dala kritikau dau, “espazioko untzi” bat emoten dauen “mole ortopedikoa”. Adierazo dauenez, eraikinak eta Casilda Iturrizar parkeak Ondare Historikoaren ganeko 16/1985 Legeak eta Euskal Kultur Ondarean 6/2019 Legeak babestuta dagoz.
Bilbaoren eretxiz, Elkarrekin Bizkaiak proiektuaren ganeko “eretxiak edo gustuak” emoten ditu. “Bilboko Metroa neurriz kanpokoa da?”, galdetu deutso, eta horren ostean azpimarratu dau proiektuak ez dauela “aurkaratzerik jaso”, eta epaimahaiko kideen “aho bateko” erabagia izan zala eta Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialaren abala be jaso ebala. “Baten batek uste dau epaimahaiko kideek euren profesionaltasuna zalantzan jarriko dabela?”.
Talde guztiek defendidu dabe Bilboko museoa handitu beharra, baina Eduardo Andradek (PP) kritikau egin dau epaimahaian Fosterren Fundazinoko kide bat egotea. “Epaimahaia itzi behar eban”. Gai beragaz lotuta, Iker Rahonak (EH Bildu) Aldundiak prozesuaren legetasuna defendidu daikela, baina “etikea be zaindu behar dala” azaldu dau. Herritarren partaidetzarik egon ez izana be kritikau dau.
Foru Gobernua eusten daben taldeek, euren aldetik, museoa handitzea eta esleipenerako prozesua defendidu dabe. “Gaur egun inoiz baino beharrezkoagoa dan jarduketa estrategikoa da”, esan dau Ana Berta Campo sozialistak. Mikel Baganek (EAJ) idea bi nabarmendu ditu: “ez dago irregulartasunik” epaimahaiaren osaketan, eta arkitekto “handi” batek diseinau dauen proiektu irabazle “handiak” “ez dauela Ondare arloko ezelango legedirik apurtzen”.
ESKOLAKO KIROLAREN HASIEREA
EH Bilduri erantzunez, Euskera, Kultura eta Kiroletako diputatuak Eskola Kirola 2020-2021 programaren hasierea baieztu dau batzorde berean. Iragarri dauenez, izena emoteko eskakizunak beteten dituen erakundeak “irailaren 28tik aurrera” hasi ahal izango dira entrenamentuakaz. Entrenamendu horreek kontaktu fisikoa mugatuta, ikusle barik eta aldagela barik egin beharko dira, musturrekoak erabili beharko dira kirola egiten ez dan bitartean, eta ez da lehiaketarik egongo. Programa hori egoera epidemiologikoaren bilakaerea kontuan izanda zehaztuko dala esan dau.
BBVA-REN FUNTSEN EMOTEA
Amaitzeko, eta oraingo honetan Elkarrekin Bizkaia taldeari erantzunez, Lorea Bilbaok esan dau bere sailak ez deutsola “ezelango lanik erosi” BBVAri azkenengo bost urteetan. Banku erakunde horren funtsen “emote kontratu bat” egon da, “600.000 eurokoa”. “4.025 monografia, aldizkarien 1.733 titulu eta prentsa eta Burtsako boletinen 73 titulu” dira. Bilboko bankuak Aldundiari egindako emotea izan da.