Aurreko Albisteak

BATZARRETAKO TALDEEK BALIABIDE EKONOMIKO GEHIAGO ESKATU DITUE, GARRAIO PUBLIKOAREN USTIAPENAK JASAN DAUEN GALEREA ESTALTZEKO, BAINA ZENBATEKOAK ADOSTU BARIK

  • Garraio eta Mugikortasun Jasangarrirako batzordeak ez dau onartu, koronabirusaren eragina dala eta sektoreak izango dauen galeraren “parte” bati aurre egiteko funts berezia sortzeko Eusko Jaurlaritzari “40 milioi euro” jartea eskatzen eutsan EH Bilduren arauz besteko proposamena.

  • Batzordeak ez dau onartu “gasolinoak” barik sisteman sartzeko Elkarrekin Bizkaia taldeak aurkeztu dauen arauz besteko proposamena.

(Bilbon, 2020ko irailaren 17an). Bizkaiko Batzar Nagusiek euren “ardurea” erakutsi dabe gaur lurraldean beharrean ari diran garraio publikoko operadoreen ekonomia arloko nondik-norakoa ikusita, koronabirusa dala eta erabiltzaileen kopuruak izan dauen jatsiera handiaren eraginez. Horrek ondorioak izango ditu operadoreen balantze ekonomikoetan. Batzarretako talde guztiak bat etorri dira esatean “beharrezkoa dala baliabide ekonomiko barriak bideratzea kalidadeko zerbitzua bermatzeko, baina ez dira ados jarri zulo hori konpontzeko moduan.

EH Bilduk 40 milioi euroko funtsa jarri dau mahai ganean, arauz besteko proposamen baten bitartez. Proposamen horretan Eusko Jaurlaritzari funts ekonomiko espezifiko bat osatzea eskatzeko esaten jakon Aldundiari. Funts horreetatik “15 milioi Bizkairako” izango litzatekez, Raúl Mendez batzordekideak esan dauenez. Diru-kopuru hori, garraio publikoaren arloan eskumenak dituen lurraldeko tokiko erakundeei egongo litzateke zuzenduta, “jarduerak eragiten dituan gastuei eta inbertsino barriei” erantzun ahal izateko.

Koalizino abertzaleko batzordekideak azaldu dauenez, bete taldeak “zulo” horri aurre egiteko planteetan dituan ekimenetako bat baino ez da. Kalkuletan dabenez, zulo hori “50 milioi eurotik gorakoa” da Bizkaian bakarrik, horreetatik “6 milioi Bilbobusen, 14 milioi Bizkaibusen eta 30 milioi baino gehiago Metro Bilbaon”, eta kopuru horreei, beste operadore txikiago batzuen balantzeetan egon daiteken “beste milioi bat” gehitu beharko jake.

Ekimena ez da onartu, kontrako 10 boto (Euzko Abertzaleak, Euskal Sozialistak eta Talde Berezia-PP), 2 abstentzio (Elkarrekin Bizkaia) eta aldeko 3 boto (EH Bildu) jaso ditualako.

Foru Gobernua eusten daben Batzarretako taldeak ados agertu dira, PP eta Elkarrekin Bizkaia taldeak bezala, gaiaren muinagaz, baina ez txartelen salmentaren ohiko diru-sarrerak murriztu diralako sortu dan galereari aurre egiteko erabili gura dan tresneagaz. EAJ-PNV eta PSE-EE taldeek, zuzenketa-eske baten bitartez, eskaria egin dabe, garraio arloan eskumenak dituen erakunde guztiei eskatzeko “COVID-19aren krisia dala eta aurrera eroan beharreko Ez Ohiko Planen barruan, uri barruko eta uri arteko garraio publikoan dituan eragin kaltegarriak kontuan hartu, eta horreei eustea eta gaur egun eta etorkizunean hobetzea bermatzeko behar diran baliabide ekonomikoak bideratu daiezan, hori dalako gizarte arloko iraunkortasuna eta kohesinoa lortzeko tresnarik onena”.

EAJ-PNV, PSE-EE, PP eta Elkarrekin Bizkaia taldeek euren “zalantzak” erakutsi ditue koalizino abertzaleak emon dauen kopurua kuantifiketako moduaren aurrean, baina argi eta garbi itzi dabe, dana dala, “ahal dan guztia” egin behar dala garraio publikoari eusteko eta hobetzeko. “Badakigu erakundeak alkarren artean berbetan dabilzala konponbidea bilatzeko, eta konponbide hori ez da zertan Funts bat sortzera mugatu behar”, azaldu dau Ekain Rico batzordekide sozialistak. Batzordekide horrek agur esan deutse gaur Garraio eta Mugikortasun Jasangarrirako batzordeko kideei, Eusko Legebiltzarrera doa eta.

“GASOLINO” ZERBITZUAK ETA BARIKA

Batzarretako taldeak ez dira ados jarri Erandio-Barakaldo eta Portugalete-Getxo ibilbidea egiten daben “gasolinoak” Barik sisteman sartzeko Elkarrekin Bizkaia taldeak egin dauen eskariaren ganean. Talde moreak, Bizkaiko Batzar Nagusiek Bizkaiko Foru Aldundiari eta Bizkaiko Garraio Partzuergoari (BGP) enpresa kudeatzaileakaz alkarlanean aritzeko eskatzea bilatzen eban, zerbitzu horreek BGPk kudeetan dauen sisteman sartzeko. Bigarren lerroaldean, foru erakundeari “garraio mota horri publizidadea eta bultzadea emotea” eskatzen jakon, “ibilgailu pribaduaren ordez” erabilteko.

Aurreko puntuan gertatu dan moduan, Bizkaiko Batzarretako ganerako taldeak ados agertu dira proposamenaren “azkenengo helburuagaz”, asmoa “garraio publiko sare guztia Barik sistemaren barruan egotea” dalako, baina enpresak dira sistema horretan sartzeko “interesa erakutsi behar dabenak”, adierazo dau Unai Lerma jeltzaleak. Enpresen erantzuna “baiezkoa” izan da daborduko, erantzun dau Lobatok.

Azkenean, ekimena ez da onartu, kontrako 9 boto (EAJ-PNV eta PSE-EE), eta aldeko 6 boto (EH Bildu, Elkarrekin Bizkaia eta PP) jaso ditualako.

GARRAIO PUBLIKOAREN ETA TXARTEL BAKARRAREN GANEKO TXOSTENA

Elkarrekin Bizkaia taldeak galdetuta, Miguel Ángel Gómez Viar Garraio eta Mugikortasun Jasangarriko foru diputatuak jakinarazo dau Bizkaiko Garraio Partzuergoak “2019ko abenduaren 26an” “jaso” ebala Bizkaiko Garraio Publikoaren 2018-2028 Plan Estrategikoa, eta Bizkaiko Mugikortasunaren Agintaritza barria osatu ostean aurkeztuko dala. Izan be, bederatzi kideetatik hiru, orain denpora gitxi osatutako Eusko Jaurlaritzak izentau behar ditu. Emilio Lobato Elkarrekin Bizkaia taldeko ordezkariak atzerapena penagarria dala esan dau, 2019. urtearen bukaeran aurkeztu behar zalako. “Bederatzi hilebete igaro dira”.