ALDUNDIAK INTERBIAK-EN ETA EUSKALDUNA JAUREGIAREN ZORPETZEA HANDITZEA DEFENDIDU DAU BIZKAIKO BATZAR NAGUSIETAN
- Aldundiak Bizkaiko Lurralde Historikoaren 2020rako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 27ko 6/2019 Foru Arauaren aldaketea aurkeztu dau Bizkaiko Batzar Nagusietako Ogasun eta Finantzetako Batzordearen aurrean, Gizartekutxa Funtsaren banaketa barria ezarteko.
- Aldaketak Ogasun eta Finantzetako beste batzorde batean bozkatu beharko dira, eta horren ostean osokoak berretsi beharko ditu.
- Batzordeak onetsi egin dau Euzko Abertzaleak taldeko Jane Eyre Urkieta Mahaiko Idazkari barri izendatzea, Jon Andoni Atutxa alderdikide ohiaren lekua hartuz.
(Bilbon, 2020ko irailaren 16an). Aldundiak Bizkaiko Lurralde Historikoaren 2020rako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 27ko 6/2019 Foru Arauko hiru artikulu aldatzeko asmoaren barri emon deutso gaur Bizkaiko Batzar Nagusietako Ogasun eta Finantzetako batzordeari, Interbiak-en eta Euskalduna Jauregiaren zorpetzea handitzeko eta urte honetako azkenengo hiruhilekoan Gizartekutxa funtsaren banaketea “bermatzeko”. Covid-19aren osasun pandemia dala eta sortu dan ez ohiko egoera ekonomikoa dala eta, “beharrezkoa” da Aldundiaren esku dagozan Merkataritza Soziedade bi horreen zorpetzea eta gizarte arloko hainbat zerbitzu euren gain hartzeko Udalek jasoten dituen funtsak egokitzea.
Zehatzago esanda, Aldundiaren esku dagon Interbiak soziedadeak bere zorpetzea amortizetako epealdiak aldatu behar ditu, jarduera ekonomikoa gelditu izanak eragin dauen diru-sarreren jatsiereari aurre egiteko. Izan be, jarduerea gelditu izanak eragina euki dau A8 autopistako, Hegoaldeko Saihesbide Metropolitarreko eta Artxandako Tuneletako joan-etorrietan. Abagune hori dala eta, beharrezkoa da aitatutako Foru Arauaren 32. artikuluan ezarten dan Soziedade horren 2020ko abenduaren 31rako zorpetzearen mugea aldatzea. “729,55 milioi euroko” muga barria ezarriko da, oraingo “714 milioiko” mugaren ordez, “urte biko” gabealdiagaz. Inbertsinoen Europako Bankuak (BEI) daborduko baimendu dau operazino hori, José María Iruarrizaga Ogasun eta Finantzetako foru diputatuak azaldu dauenez.
Euskalduna Jauregiari jagokonez, diru-sarreren jatsiera handia jasan dau pandemiaren ondorioz, bertan egiten diran kongresuak eta ganerako jarduerak ezin izan diralako egin. Egoera horri aurre egin ahal izateko, Zortzigarren Xedapen Gehigarriaren bitartez Aldundiak planteetan dauen proposamena, salbuespen moduan, inbertsinokoak ez diran gastuetara bideratu ahal izango dan zorpetzea baimentzea izango da. Holan, Palacio Euskalduna S.A. erakundeari baimena emoten jako “4 milioi euroko” zorpetze mugea izan daian, “ahalik eta amortizazino epe laburrenagaz”, kongresuen zentroko arduradunek egin dituen “aurreikuspenetan” oinarrituta euren jarduera nagusia finantzau ahal izateko. Eragiketa horrek eta Interbiak erakundearenak “ez dabe gastu handiagorik eragingo 2020ko aurrekontuetan”, diputatuak esan dauenez.
Bukatzeko, Aldundiak beste puntu bat onartzeko be eskatu dau. Gizartekutxa funtsak urriaren 2an indarraldia galtzea, eta akordio barri bat ezartea, Foru Arauan Bederatzigarren Xedapen Gehigarria sartuz. Xedapen horrek, Udalakaz ezarritako akordioetan oinarrituta, 2020ko abenduaren 31ra arteko funtsa banatzea eta 2021eko ekitaldiari jagokon likidazinoa egitea “bermatuko” dau.
Une honetatik aurrera, Bizkaiko Batzarrek zuzenketa-eskeak aurkezteko epealdia ezarriko dabe, Batzarretako taldeek testuaren aurreko zuzenketak aurkeztu daiezan. Azkenengo dokumentua Ogasun eta Finantzetako Batzordetik igaro beharko da barriro, eta, indarrean sartzeko, osokoak berretsi beharko dau.
Foru Gobernua eusten daben taldeek aldaketa horreen alde agertuko dirala baieztu dabe, horreekaz “garai barriei erantzutea eta horreetara egokitzea, zorpetzeko mugea handitzea eta Udalei egin beharreko ordainketak atoan martxan jartea bilatzen dalako”, Jesús María Ortiz sozialistak adierazo dauenez. Unai Lerma jeltzaleak, aldaketa horreek “2020an ez dabela gastu handiagorik eragingo” azpimarratu dau.
Amaya Fernández Talde Bereziko (PP) bozeroalea aldaketen alde agertu da, baina testuak sortzen deutsazan “zalantza” batzuk aideratu ditu, Euskalduna Jauregiaren zorpetzeari jagokona, hain zuzen be. “Ahalik eta amortizazino epe laburrena” izan behar dauela esatera mugatzen da, eta ordezkari popularraren eretxiz hori oso “subjektiboa” da. Iruarrizagak erantzun dauenez, epea “2021ean kongresu jardueraren araberakoa izango da”.
Eneritz de Madariaga Elkarrekin Bizkaia taldeko bozeroaleak BEIren maileguen interes tasa oso altua dala esan dau, “%4,76koa”, erakunde hori “%0,5eko” interes taseagaz finantzetan dan arren. “2005ean, baldintzak beste batzuk ziranean, negoziau ziran tasa finkoak dira”, argitu dau Iruarrizagak, eta bere eretxiz garai haretan “errazoizko” tasak ziran. Horreek aldatzearen zigorrak, interes tasa txikiagoko maileguen irabaziak baino “handiagoak” izango litzatekez.
Beste alde batetik, saioaren hasieran, batzordeak onetsi egin dau Euzko Abertzaleak taldeko Jane Eyre Urkieta Mahaiko Idazkari barri izendatzea, Jon Andoni Atutxa alderdikide ohiaren lekua hartuz. Azken hori Eusko Legebiltzarrera joango da.