"Egoera eraldatuak", Bizkaiko Batzar Nagusien eta UPV/EHUko Arte Eder Fakultatearen erakusketa berria
Bizkaiko Batzar Nagusien eta UPV/EHUko Arte Eder Fakultatearen artean sinatutako lankidetza akordioaren esparruan sortutako erakusketa berria dugu José Luis Ochoa eta Juan Calleja lizentziatuen lanak biltzen dituen hau. Unibertsitate horretako doktore eta irakasle den Daniel Rodríguez Vázquezen koordinazioaz, José Luis Ochoak eta Juan Callejak euren bideak batu dituzte baterako erakusketa-proiektu bat egiteko, UPV-EHU Euskal Herriko Unibertsitatean egiten ari diren doktorego-ikasketen osagarri gisa. Diferenteak diren baina helburu bera duten bi artistaren bi ahotsen arteko elkarrizketan oinarritutako topaketa izango da, non ikuspegi kontzeptualak garrantzi berezia hartzen duen. Erakusketa Batzar Nagusien erakusketa aretoan izango da ekainaren 7ra arte.
Erakusketak 20 artelan izango ditu, eta erakusketaren katalogoaren hitzaurrean komisarioak berak dioen bezala “Begirada estetiko hori, zeinetan kontzeptualak garrantzi berezia hartzen duen, zorigaiztokoaren azterketa gogoetatsuaz zein adierazezinaren bizipen-dimentsioaz arduratzen da”. Ochoaren lana “materiara eta denborarekin eta eraldaketarekin duen harremanera hurbiltzen da bereziki, eta besteak beste oroimenaren eta aztarnaren kontzeptuak eta oxidazioa eta antzeko prozedura adierazkorrak hartzen ditu barne”. Callejak, ordea, “zorigaiztokoari eta haren dimentsio estetikoari heltzen die, estrategia gisa erabilitako haustearen inguruan, baita horrek guztiak sortzen duen artegatasun emozionalari ere”.
Azken baten, ALTERED STATES / ESTADOS ALTERADOS / EGOERA ERALDATUAK proiektua aurrez aurre ipinitako bi begiradaren arteko topaketa konplize gisa azaltzen da. Bertan, bi artistek huts berezi baten inguruko alderdi garrantzitsuak aurkitu nahi dituzte, eta han lotura paradoxiko bat ezarri nahi dute, non absentzia eta presentzia elkarrizketa piktorikoaren ardatz nagusiak izango diren”. Rodríguez maisuaren ustez, “elkarrizketa hori aurkako ikuspegietatik baina ikuskera osagarrietatik konponduko da: bata, irudi femeninoaren bidez, eta bestea, espazio hutsen bidez”.
Callejaren lanek zorigaiztokoak bere adierazpen desberdinetan eragindako emozio-egoera hondatzaile batean murgilduta dauden emakumeak erakusten dituzte. Ochoak, aldiz, gogoeta eragiten duten espazioak iradokitzen ditu; horietan, absentzia eta bakardadea irudizko berreraikuntzarako tresna bihurtzen dira. Bizkaiko Batzar Nagusietako Erakusketa Aretoak eskainiko duen margolarien bilketa horri esker, UPV-EHUko lantegietatik sortu diren bi egile gazterekin eta haien lan eta ikerketa artistikoko proposamen bereziekin pozez beterik elkartzeko aukera izango dugu, hori guztia Bizkaiko Batzar Nagusiek Leioako Fakultateko talentuak suspertzen aspalditik ematen duten laguntzari esker.
JOSÉ LUIS OCHOA
Santander, 1974.
Euskal Herriko Unibertsitateko Arte Eder fakultatean lizentziatua da eta gaur egun bateratu egiten ditu karrera artistikoa eta ikertzailea; izan ere, Unibertsitate horretan buru belarri dihardu bere Doktorego Tesian, “Materia eta adierazezinaren esperientzia erradikala gaur egungo pinturan” gaiari buruz. José Luis Ochoak zenbait sari jaso ditu eta bost erakusketa indibidual eta hamabost talde erakusketa egin ditu, bai bakarrean, bai Colectivo Ignorarte deritzonarekin batera, horietako azkena “All That Is Solid Melts Into Air”, Artesantander ferian.
JUAN RAMÓN CALLEJA
Santander, 1963.
Juan Ramón Calleja Peredo Euskal Herriko Unibertsitateko Arte Eder fakultatean ikus-entzunezkoetan lizentziatu zen. Arte Ikerketa eta Sorkuntza masterra burutu zuen “Desplazamiento y estetización en lo siniestro” izenburuko ikerketa lanarekin. Asociación Año Jubilar Lebaniego deritzonaren beka jaso zuen “Dimensión estética y simbólica en los espacios metafísicos de lo sagrado” izeneko proiektuan ikerketa lanak egin zitzan. Gaur egun bateratu egiten ditu tesigintza —“Poética de lo siniestro: la transgresión como estrategia” izenburukoan dihardu—, ikerketa eta irakaskuntza. 11 erakusketatan parte hartu du, bakarrean zein taldean.