Aurreko Albisteak

URKULLUK LEHENDAKARI KARGUAREN ZINA EGIN DAU GERNIKAKO ARBOLAREN AZPIAN

Iñigo Urkulluk tradizinoa bete dau, eta Lehendakari karguaren zina egin dau Gernikako Batzarretxean, euskal askatasunen sinboloa dan haretxaren ondoan, Autonomia Estatutuaren eta Bizkaiko Foru Zaharraren aleen gainean. Hori bai, eszena aldatu egin da aurreko juramentu bien aldean, pandemiak nabarmen murriztu dauelako konbidau kopurua, urruntzeko neurriak beteten zirala bermatzeko.

Eusko Jaurlaritzako Lehendakari barriak lehenengo aldian erabili eban formula bera, Jose Antonio Agirre lehenengo Lehendakariak ezarritakoa, aukeratu dau. Zina euskeraz egin dau, 1936ko urrian egindakoan aldaketa txikiren bat sartuta, Carlos Garaikoetxeak Jose Antonio Ardanzak eta Juan José Ibarretxek –baina ez Patxi Lópezek– erabili eben "Jaungoikoaren aurrean apalik” esan ordez “Apal apalik, Jaungoikoaren eta gizartearen aurrean” erabiliz. “Apal apalik, Jaungoikoaren eta gizartearen aurrean, eusko lur gainean zutik, eta Gernikako aritzaren azpian, herri ordezkari zareten zuen aurrean, nere agintea zintzo beteko dudala zin dagit”.

Batzarretxeko osoko bilkuren aretoak jaso dau kargu hartzearen ez ohiko saioa. Urkulluren bigarren agintaldiaren hasierea –demokraziako zazpigarrena–, Bakartxo Tejeria Eusko Lebegiltzarreko presidentearen eskutik makilea emoteagaz eszenaratu da. Horren aurretik, bere errespetuak aurkeztu ditu Gernikako Batzarretxean kontserbetan dan Haretx Zaharraren aurrean eta bere karguaren zina haretx gaztearen aurrean egin dau.

Euskadiko agintari instituzional guztiez aparte, horreen artean Ana Otadui Bizkaiko Batzarretako presidentea eta Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusia, eta ekonomia, kultura eta gizarte arloetako ordezkariez gain, Lehendakariagaz batera kolore biko bere gobernuko kide guztiak egon dira. Gobernu Zentrala ordeztuz Fernando Grande-Marlaska egon da. Hitzorduan ez dira falta izan Patxi López lehendakaria, eta María Chivite, Nafarroako lehendakaria.

Zeremonia amaitu ostean, daborduko Lehendakari kargua hartu eta gero, Urkulluk Batzarretxeko ohorezko liburuan sinatu dau, eta bertan esaldi hau itzi dau idatzita: «Euskadiko agintari makila jaso eta Gernikako Zuhaitz-zaharra eta gaztearenpean zin-egitean kate baten katebegi bat naizelarik, Eusko hiritargea eta Euskadiren onerarako eta alde lanari ekingo diot lehendazi bezela ahalik eta ondoen, zintzo».