Aurreko Albisteak

ALDUNDIAK "600 PCR PROBA BAINO GEHIAGO" EGINGO DEUTSEZ ASTELEHEN HONETAN DURANGALDEKO ETA ARRATIAKO EGOITZETAKO BEHARGINEI

  • Probak Amorebieta-Etxanon egingo dira, eta Gizarte Ekintzako sailak Euskal Osasun Sistemeagaz koordinauta daborduko egin dituan “9.094 probei” gehituko jakez.

  • Sergio Murillo Gizarte Ekintzako diputatua Bizkaiko Batzar Nagusien aurrera etorri da, koronabirusak Bizkaiko egoitzetan izan duen eraginaren barri emoteko.

(Bilbon, 2020ko irailaren 4an). Gizarte Ekintzako Batzordeak edegi dau Bizkaiko Batzar Nagusietako ikasturte barria, abuztuko parentesiaren ostean. Koronabirusak Bizkaiko egoitzetan izan dauen eraginaren ganeko monografikoa izan da. Sergio Murillo Gizarte Ekintzako diputatuak, berak eskatutako agerraldian, gaur eguneko datuen ganeko informazinoa emon eta bere sailak gauzatutako “prebentzinozko eta kontroleko” beharraren balantzea egin dau.

Murillok azaldu dauenez, bagilaren 9an jarri zan indarrean Aldundiak Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailagaz lurraldeko 155 egoitzetarako adostu eban zainketarako agertoki barria. Bertan, lau neurri bloke eukazan ekintza plana ezarri zan: “zainketea, prebentzinoa, kontrola eta zentroei laguntza emotea”.

Beharrerako ildo horren barruan, Murillok azaldu dauenez, pandemia hasi zanetik Aldundiak “9.094 PCR” egin deutseez Bizkaiko beharginei eta erabiltzaileei, eta baita “207 ikuskapen” be, EUD-DUE batek eta erizaintzako laguntzaile batek osatutako “erantzun azkarreko 5 talderen” bitartez. Bizkaiko Foru Aldunditik, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailagaz koordinauta, “KPK-PCI (Kutsaduraren Prebentzinoko eta Kontroleko) 20 teknikari prestau dira, eta horreek egoitza kopuru txiki bat eukiko dabe esleituta, egoitza horreei laguntza emoteko, aldian behin egingo dituen bisiten bitartez, Covid-19aren prebentzinorako eta kontrolerako neurriak ezarteko”, adierazo dau Murillok.

Diputatuak baieztu dauenez, gaur egun, “130 persona” dagoz birusaren kontrako burrukan Bizkaiko zentro sozio-sanitarioetan, horreetatik 80 Birjinetxen, ospitalera joatea behar ez daben positiboei arretea emoten jaken zentroan, eta beste persona 50 KPK-PCI teknikarien eta ikuskapenak, erantzun azkarra eta PCR egiten dituen beharginen artan. “Hain denpora tarte laburrean aurretik inoiz egin ez dan” personen mobilizazinoa, azpimarratu dau.

Kontrolerako eta zainketarako plan horretan oinarrituta, Aldundiak aurrera jarraituko dau datorren astelehenean, Amorebieta-Etxanon, “Durangaldeko eta Arratiako zentro sozio-sanitarioetako 600 profesional baino gehiagori egingo jaken prebentzinozko kribaduagaz”, iragarri dau Murillok.

Foru diputatuaren eretxiz, pandemiaren hasiereagaz alderatuta, “une honetan hobeto gagoz, hobeto dakigu hor jarraitzen dauen birusak zelan jarduten dauen, eta aurreko edozein unetan baino tresna hobeak daukaguz”. Halanda be, aurreratu dauenez, marraztu dituan giza baliabideek eta baliabide materialek “denporan zehar jarraitu beharko dabe, 2020tik aurrera, zalantza barik”.

Bizkaiko egoitzetan hildakoen argazki finkoa Izaskun Duque EH Bilduko ordezkariak gogoratuazo dau: “21 erabiltzaile”, abuztuaren 21etik. Duquek erabiltzaileek jasaten daben “konfinamendu orokorra eta bereizketarik bakoa” eta familiek jasaten daben “informazino faltea” salatu ditu. Horri jagokonez, Murillok erantzun dau “arau orokor moduan astean bisita bi eta kontaktu telematiko batzuk baimenduten dirala”. Dana dala, autortu dau diseinautako planak “murrizketa puntualak” ezarri daitekezala, pandemiaren inpaktua kontuan izanda.

Irailaren 2aren amaieran, adinekoentzako 155 egoitza egozan sarean, 10.748 plazagaz Bizkaian. Egoitzetako erabiltzaileen artean 104 personak positiboa eukien baieztuta, 19 ospitaletan egozan, eta 94 behargin egozan kaltetuta. Bizkaiko hamar egoitzatan erregistrau dira covid kasuak.

Aldundiak atzo ezagutuazo ebazan datu horreez gain, Murillok esan dau abuztua “194 positibogaz” amaitu zala Bizkaiko egoitzetako erabiltzaile adinekoen artean (Birjinetxe barru), hau da, “guztien %2”. Bizkaiak, orokorrean, abuztua antzeko terminoetan bukatu eban: 22.418 persona isolatuta Covid-19agaz. Eduardo Andrade ordezkari popularraren eretxiz, ehuneko “kezkagarria” da. Egoitzetako eragina “txikiagoa izan beharko litzateke”, bere eretxiz, leku “zainduagoak” diralako.