BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEK COVID-AK IRAUN DAUEN BITARTEAN EGOITZETAN GERTAU DANA ARGITUKO DAUEN TXOSTEN BAT HILEBETEKO EPEAN EGITEKO ESKATU DEUTSIE ALDUNDIARI
- Bizkaiko Batzarrek, Aldundiko teknikariek egin behar daben azterketan, osasun arretaren, norbera babesteko ekipoen, behargin asistentzialen, eta egoiliarren, senideen eta beharginen arteko komunikazinoen ganeko datuak sartzeko eskatu dabe.
- Eskaria, EAJ-PNV, PSE-EE eta PP taldeek alkarregaz aurkeztu daben eta aho batez onetsi dan arauz besteko proposamenaren barruan dago.
- Testuak EH Bilduren hiru zuzenketa-eske jasoten ditu, ratio gehiago sartzeko eta txostena, “Age Platform Europe” erakundeagaz sinatutako hitzarmena garatzen ari dan adituen taldeari bideratzeko.
(Bilbon, 2020ko garagarrilaren 29an). Bizkaiko Batzar Nagusietako Gizarte Ekintzako batzordeak aho batez onartu dau gaur, Batzarretako ikasturteko azkenengo saioan, Aldundiko Gizarte Ekintza sailak, Covid-19aren pandemian egoitza izaerako gizarte zerbitzuetako zentroetan gertatu danaren inguruko txosten bat egitea. Txostena “hilebete batean” egon beharko da amaituta, eta Bizkaiko Batzarretako talde guztiei bialdu beharko jake, egoitzetako kudeaketea bultzatzeko eta hobetzeko ekimenen oinarri moduan erabilteko.
Halaber, Bizkaiko Batzarrek, txostena, bere sailean behar egiten daben teknikariek eta profesionalek egitea eskatu deutsie batzordean bertan egon dan Sergio Murillok zuzendutako sailari. Txostenean, gitxienez, “osasun arretaren, norbera babesteko ekipoen, behargin asistentzialen, eta egoiliarren, senideen eta zentroaren arteko komunikazinoen ganeko gorabeherak” jaso beharko ditu. Horrez gain, Bizkaiko Batzarrek eskatu dabenez, hobetzeko neurriak jaso behar dira, “akatsak barriro gertatu ez daitezan”, “ahal danean”, neurri horreen kostuak zenbatetsiz.
Aldundiak Batzarretako taldeei eta Eusko Jaurlaritzari bideratu beharko deutso txostena, EAEko adinekoen egoitzei buruzko garagarrilaren 30eko 126/2020 Dekretua aldatzeko egiten ari dan prozesuari begira, holan, lurraldeko egoitzak hobetzeko hartu beharreko neurriak hartzeko.
Ekimena aurkeztu daben Batzarretako taldeek, Euzko Abertzaleak, Euskal Sozialistak eta Talde Bereziak (PP), EH Bilduren hiru zuzenketa-eske onartu ditue, talde horreen eretxiz jatorrizko proposamena “aberasten” ebelako. Zuzenketa-eske horreek dirala eta, txostenak beste ratio batzuk be jaso beharko ditu, “egoitzaren ezaugarriak (tamainua, kokapena…), egoitzaren kudeatzaile motea, egoitzetako beharginen ratioak eta beharginen prestakuntzea, egoitzetako osasun arloko zerbitzuak eta beharginak”, “faktore horreek pandemian izan dituen balizko eraginak detektatu ahal izateko”, adierazo dau Arantza Urkaregik. Horrez gain, txostena Gizarte Ekintzako Batzordearen aurrean aurkeztu beharko dau Aldundiak, eta “Age Platform Europe” erakundeagaz sinatutako hitzarmena garatzen ari dan adituen taldeari bialdu.
Halanda be, jatorrizko proposamena sinatu daben hiru taldeek ez dabe onartu Elkarrekin Bizkaia taldeak “erabiltzaileen alkarteen eta senideen, eta baita sindikatuen, erespideak eta oharrak” kontuan hartzeko aurkeztu dauen proposamena. Txostena inplikautako beste sektore batzuekaz konpartiduteko EH Bilduk egin dauen beste zuzenketa bat be ez dabe onartu, proposatzaileek esan dabenez azterketa horrek izaera “publikoa” eukiko dauelako.
Txostenak “gabeziak eta alderdi indartsuak” jasoko ditu, “etorkizunean egon daitekezan antzeko egoerei” erantzun ahal izateko, esan dau Juan Oterminek (PSE-EE). Gertatutakotik ikasi behar dogu, eragina oso garrantzitsua izan dalako, ustebako proportzinoak izan dituan krisi orokorra dala eta aparteko neurriak hartu behar izan diralako”, gehitu dau Celia Gómezek (EAJ-PNV), eta azterketea “errealidadeagaz bat etorri beharko dala” esan dau; errealidade horrek, momentuz, “Fiskaltzaren zero ikerketa” izten ditu, eta egoitzetan covid-a dala eta hildakoen ehunekoa “%31,9an” dago, “Alemania, Austria, Belgika, Suedia, Frantzia edo Danimarkaren” azpitik.
Oposizinoko taldeen artean, Eduardo Andradek (PP) azpimarratu dauenez, ekimena bere taldearen proposamen batean oinarritzen da. Azkenengo osokoan baztertu egin eben, “adostasun zabala” lortzeko. Arantza Urkaregi (EH Bildu) pozik agertu da, proposamena aurkeztu daben taldeek euren hainbat zuzenketa-eske onartu dituelako, azterketarako “garrantzitsuak” diran ratioak sartzera behartzen dauena, adibidez, jatorrizko ekimenean arlo hori “ez zalako nahikoa”. Bere berbetan, helburua “indarrak batzea” da, “egon daitekezan agerraldi gehiagoren aurrean ahalik eta modu egokienean erantzun daigun”.
AHOZKO ERANTZUN-ESKEAK
Horren ostean, Sergio Murillo Gizarte Ekintza diputatuak, EH Bilduk egin dituan erantzun-eske biri erantzun deutse, ezarri dan %75eko mugan ez diralako sartu pandemiak iraun dauen bitartean Eguneko Zentroan plaza barik geratu diran personen ganean, eta bere sailak, Mendetasun Egoeran dagozan Heldu Desgaituen Birjinetxeko Unidadeko 33 erabiltzailek kalidadeko arretea jasoteko bere sailak hartu dituan neurrien inguruan.
Mundakako Biotz Sakratu egoitzara eroan diran Birjinetxeko erabiltzaileen kasuan, arretea “ona” ari da izaten, giza talde “beragaz” eta erabiltzaile gutxiagogaz ari dalako emoten, eta horrek egoerea hobetu egiten dau, ikuspuntu “kuantitatibotik”. “Gaiztasunak” “azpiegituratik” sortu dira, igongailua osorik barriztau egin behar izan dalako, denpora tarte horretan “matxura bi” izan ditualako.
Beste alde batetik, Murillok gogoratuazo dau barriro Bizkaiak une honetan 2.022 plaza dituala eguneko zentroetan. Pandemia dala eta agindu ziran %75eko mugen ondorioz, “53 persona” euren zentrora joan ezinik geratu ziran. Holan, “32” euren etxeetan geratu ziran, laguntza ekonomikoagaz, “2” beste zentro batera joan ziran, “beste persona batek” bajea hartu eban, eta ganerakoek euren ohiko zentroan lekua egon arte itxoitea erabagi eben, zehaztu dau.