Aurreko Albisteak

AURRERA FEST-EKO IKUSKIZUNAK AZKENENGO ASTERA HELDU DIRA, "5.000 IKUS-ENTZULE INGURU" JASO ETA GERO

  • Lorea Bilbao Euskera, Kultura eta Kiroletako foru diputatuak, oraindino Euskalduna Jauregian ikusi daiteken ikuskizunen batera joatera animau dau, kultur sektoreari laguntzeko.

  • Euskera, Kultura eta Kiroletako batzordean Bilbaok jakinarazo dauenez, Ondare zerbitzuak Ezkerraldeko-Meatzaldeko Teknologia Parkea zimendatzeko lanen ganeko txosten bat balioztatu beharko dau, Gerra Karlistako aztarna arkeologikoak daukiezan indusketetatik gertu dagozalako.

(Bilbon, 2020ko garagarrilaren 28an). “5.000 persona” inguru joan dira daborduko hilebete honetan, Aldundiak bultzatutako Aurrera Fest ekimenaren barruan Euskalduna Jauregian programau diran ikuskizunetara. Lorea Bilbao Aldundiko kultur arduradun nagusiak, oraindino Bilboko aretoan ikusi daiteken ikuskizunen batera joatera animau dau.

Garagarrilaren 4tik abuztuaren 2ra, “64” antzerki, musika eta dantza emonaldi programau dira ikus-entzule guztientzat, 41 talde eta konpainiaren eskutik. Azkenengo balorazinoa datorren astean egingo dan arren, Bilbaok aurreratu dau balantzea “oso positiboa” izaten ari dala, eta une honeetan kultur sektorea “ez gelditzeko” eta persona askok “beharrean jarraitu ahal izateko” balio izan dauela.

Ikuskizun batzuek Euskaldunako aretoak “betetea” lortu dabe, Amaralen kontzertuak edo “Desfasando que es gerundio” antzezlanak, besteak beste. Beste batzuk, barriz, jente gitxiago batu dabe, baina pozik agertu da, “bakar bat” be ez dalako bertan behera itzi behar izan ikus-entzule faltarengaitik. Holan, Bilbaok antzokira edo zinera joateari bildurra galtzeko eskatu deutse herritarrei, ez daukagulako kultura zuzenean gozeteak eragindako covid-19aren “kutsadura bakar bat be”.

Lorea Bilbaok jakinarazo dauenez, programaren helburua arte eszenikoetako eta musikako taldeei diruz laguntzea eta ikus-entzuleek kultura segurtasunez barriro konsumidutera bultzatzea izan da. Horretarako, Euskalduna Jauregiak bere espazioak laga ditu, eta oinarrizko ekipo teknikoa jarri dau parte hartu daben taldeen eta konpainien esku: ikus-entzuleak eserlekuetan banatzeko zerbitzua, aukeratzeko 3 areto eta sarrerak saltzeko plataformea.

Egitaraua, eurak ekoiztutako ikuskizun aktiboak eukiezan Euskadi osoko antzerki, musika, dantza… arloetako sustatzaileei, konpainiei, profesionalei eta talde artistikoei egon da zabalik.

Batzarretako talde guztiek Aldundia zoriondu dabe kultur sektoreari laguntzeko ekimenarengaitik, sektore hori dalako krisi honen “kaltetu nagusietakoa”, Eduardo Andraderen (PP) berbetan, izan be, gaur egun, zinera edo antzokira joatea “hondartzara edo taberna batera joatea baino seguruagoa da”. PSE-EE eta EAJ-PNV taldeak, Ana Berta Camporen eta Esther Iturriozen eskutik, bat etorri dira kultura bultzatzeak, sektore osoa indartzeak eta jasaten ari diran egoerea arintzen laguntzeak daukan garrantzia aitatzean. Meritxell Elgezabalek (EH Bildu) bat egin dau zorion mezu horreekaz, baina ikuskizunak gaztelaniaz izana pena bat dala esan dau.

SOMORROSTROKO GUDAKO AZTARNA ARKEOLOGIKOAK

Beste alde batetik, diputatuak, EH Bilduk eskatuta, Somorrostroko gudagaz (1874) erlazionautako aurkikuntzen egungo egoeraren barri emon dau Batzarretan. Azkenengo aurkikuntzen artean, EH Bilduko Meritxell Elgezabalek adierazo dauen moduan, Hirugarren Gerra Karlistako (1872-1876) armada liberaleko 14 zenbakiko Ehiztarien Batailoiko hamar soldaduren aztarnak, uniformeak eta hainbat material dagoz. Putxeta auzoan (Abanto) aurkitu dira, Aranzadi Zientzia Elkarteko talde batek industutako hobi batean.

Kultura diputatuak adierazo dauenez, bere saila, oraindino, aurkitutako aztarnen ganeko informazinoa batzen ari da. Gero, txosten “zorrotza” eta osoa egin beharko dau, horreek zehazteko eta garrantzia neurtzeko, balioan jarteko. Bitartean, Euskal Arkeologia Museora eroango dira.

Indusketetatik gertu dagozan Ezkerraldeko-Meatzaldeko Teknologia Parkeko lanei jagokenez, Bilbaok jakinarazo dauenez, oraindino parkea eta EICa zimendatzeko lanen inpaktuaren azterlana egin beharko da, eta Aldundiko Ondare Zerbitzuak balioztatu beharko dau. Bilbaok azaldu dauenez, aurretik beste txosten bi egin dira, bat Aranzadirena, prospekzio arkeologikoaren inpaktuaren ganekoa, eta beste bat Kultura zuzendaritzarena, sarbideen eraikuntzak eragindako lurren mobimenduen kontrolaren ganekoa.