ALDUNDIAK ARTXANDAKO TUNELEN "BIZITZA ERABILGARRIA LUZATZEKO" HIRU JARDUKETA "INDEPENDENTE" PLANTEAU DITU
· Imanol Pradales Azpiegitura eta Lurraldearen Garapenerako foru diputatua Bizkaiko Batzar Nagusien aurrera etorri da, Artxandako Tunelen egungo egoerea, Gaztelugatxeko San Joanerako irisgarritasuna eta errepideen mantentze lanetarako kontratu barria azaltzeko.
· Bizkaiko Batzar Nagusiek ez dabe onartu covid-19a dala eta Aldundiaren “makro-proiektuak eta ekitaldi handiak” “barriro aztertzeko” EH Bilduk aurkeztu dauen arauz besteko proposamena.
(Bilbon, 2020ko uztailaren 27an). Imanol Pradales Azpiegitura eta Lurraldearen Garapenerako foru diputatua Bizkaiko Batzar Nagusietako batzordera etorri da, oposizinoak eskatuta, Artxandako tunelakaz, Gaztelugatxeko San Joanerako irisgarritasunagaz eta errepideen mantentze lanetarako kontratu barriagaz erlazionautako hainbat puntu azaltzeko. Txorierriko igarobidea Bilbo erdialdeagaz lotzen daben lur-azpiko errepideei jagokenez, Pradalesek, “prebentzinozkoak” eta “independenteak” izango diran hiru proiektu lizitauko dirala iragarri dau, bere berbetan, iraunkortasun ekonomikoari eta erabilgarritasun publikoari jagokenez “aspalditik” “oso portaera ona” euki dauen azpiegituraren “bizitza erabilgarria” luzatzeko.
EH Bilduk eskatuta Bizkaiko Batzarretako Azpiegitura eta Lurraldearen Garapenerako Batzordean gai horren inguruan azalpenak emotera etorri dan Aldundiko arduradunak iragarri dauenez, Team eta Euroconsult ingeniaritza enpresek azterlan bat egin eben orain hilebete batzuk, Artxandako tunelen Jarraipen Geoteknikoaren Planaren barruan, 2002an zerbitzua emoten hasi zan azpiegituraren egoerea ezagutzeko. Txosten teknikoaren ondorioek erakusten dabenez, hainbat “patologia” dagoz tuneletan, “hormigoiaren estaldurak esfortzu handiagoa jasaten dauelako”. Arazo horreek “azpiegituraren %50ean daukie eragina”, baina horrek ez dau “segurtasun falta” egoerarik eragiten erabiltzaileentzat.
Txostenaren ondoren, Aldundiak eraikuntza proiektua eta tunelak konpontzeko proiektua lizitau ebazan urtarrilaren 20an, eta orain gabezia horreek zehaztu eta soluzino teknikoak bilatu beharko dira. Holan, Aldundiko planteamentua “epe laburrean, ertainean eta luzean” jardutea da. Horretarako, Interbiaken bitartez, hiru eraikuntza proiektu “independente” idazteko aginduko dau, edozelan be “aurreikusten eta itxoiten zan kaltea” apur bat arintzeko. Izan be, lur azpitik doanez, azpiegiturea “kritikotzat” hartzen da. Proiektu barriek, tunelen estrukturetan ura egoteagaitik sortu daitekezan arrakala eta kalte posibleei erantzun beharko deutsee.
EH Bildutik, Raúl Méndez batzordekideak gabezia horreek tunelen 18 urteko bizitzan “behin eta barriro” agertu dirala azaldu dau, eta horrek “oso kostu altuak” eragin dituala herritarrentzat. Bere eretxiz, Artxandako tuneletan “danak txarto urten dau” eta kobazuloek “normalak ez diran gabeziak daukiez”. “Gauzak ez dirala ondo egin autortzeko” eskatu deutso Aldundiari. “Emoten dau gehiago pentsau dala enpresa eregitzaileen irabazi ekonomikoetan obraren kalidadean baino”, esan dau.
ERREPIDEETAKO KONTRATU BARRIA
Pradalesek metropolialdeko errepideen kontserbazinorako eta ustiapenerako, mantentze-lanetarako eta operazinorako kontratu barriaren barri be emon dau Bizkaiko Batzarretan. Aldundiak foru errepide sareak dituan lau kudeaketa guneen artetik nagusia lizitau dau. Izan be, gune horrek lurralde historikoko trafiko guztiaren “%80” hartzen dau, “3.500 milioi ibilgailu inguru kilometro eta urte bakotxean”. Urtean “28 milioi euro” ingurukoa dan gune horretako mantentze eta kontserbazino lanen inbertsinoa, Aldundiak foru errepide sare osoan horretara bideratzen dauen kopuru osoaren “%55” ingurukoa da. 138,5 milioi izango dira bost urtetan, hau da, une honetako kontratua baino “%20” gehiago. Igoera hori, azpiegitura gehiago sartu izanak eta alderdi teknologikoakaz eta ingurumenekoakaz lotutako eskakizun barriak egoteak eragingo dau.
Une honetan indarrean dagon kontratua datorren irailean bukatuko da, eta kontratu barriak hori ordeztuko dau. Bertan, errepideak, erabiltzaileentzako segurtasun eta erosotasun baldintza hobeetan egoteko egin beharko diran jarduketa guztiak ezarten dira. Horreen artean, kontratuak jarduketak jasoten ditu 883 errepide kilometrotan, 359 ezpondatan, 449 zubi eta bide-zubitan, 33 tuneletan eta 32 bidegorri kilometrotan. Kontratu honetan aurreikusten diran jarduketak egiteko “22 enpleo” sortuko dira, eta “horreetatik 181 zuzenak eta 41 zeharkakoak” izango dira.
EH Bilduk gogoratuazo dauenez, joan dan maiatzaren 15ean kontratua lizitau izanaren ondorioz, une honetan emakidea daukan ABEEko, UTE AUBIDEko, beharginek errekursoa aurkeztu dabe Kontratuzko Errekursoen Aldundiko Administrazino Epaitegiaren aurrean, euren eretxiz ez dalako beteten gizarte arloko klausulen ganeko arautegia. Izan be, ez dira beren-beregi jasoten beharginen subrogazinoa eta aplikau behar dan hitzarmen kolektiboa, Raúl Méndezek azaldu dauenez.
Pradalesek ukatu egin dau hori. Azaldu dauenez, epaitegiak garagarrilaren 1ean ebatzi ebanez, baldintzen pleguak “ondo baino hobeto” beteten ditu gizarte arloko eskakizunak, “argi eta garbi” erakusten dau eraikuntzako sektorearen hitzarmenaren erreferentzia, eta beharginen subrogazinoa jasoten dau. Hori bideratu jako daborduko AUBIDEko enpresa batzordeari.
GAZTELUGATXEKO APARKALEKUA
EH Bildu eta Elkarrekin Bizkaia taldeek alkarregaz eskatu daben beste agerraldi batean, diputatuak jakinarazo dau Foru Administrazinoak geratu egin dauela Urizarretan, Bakion, Gaztelugatxeko San Joan ondoan, 51 ibilgailurentzako aparkalekua eregiteko proiektua. Uda honetarako egitea egoan aurreikusita. Pradalesek azaldu dauenez, bideko segurtasuna hobetzeko martxan jarri diran neurriak, irisgarritasuna anezken bitartez hobetzeko apustuak eta, covid-19a dala eta, leku turistiko horretan egunean gehienez 960 bisitari jasoteko ezarri dan mugak baztertu egin dabe aparkalekua eregiteko proiektua.
“MAKROPROIEKTUEN” BERRIKUSPENA
Amaitzeko, Bizkaiko Batzar Nagusiek ez dabe onartu COVID-19aren testuinguruaren barruan Aldundiari “makro-proiektuen eta ekitaldi handien eredua barriro aztertzeko” beharrezkoak diran neurriak ezarteko eskatuz EH Bilduk aurkeztu dauen arauz besteko proposamena, inbertsino hori “zerbitzu publikoak indartzera” bideratzeko.
Batzordeko ganerako taldeak ekimenaren kontra agertu dira. Eduardo Andradek (PP) esan dau lehenengo krisiaren ondorioak ikusi behar dirala, eta horren ostean gogoeta orokorra egin, aurrekontuen bitartez. Ignacio Jerónimok (PSE-EE) azaldu dauenez, Aldundiak epe laburrean planteetan dituan inbertsinorako proiektuak une honetan Bizkaiko ekonomia “bultzatuko daben” egitasmoak dira, eta koalizino abertzaleari zein proiektu kenduko leukezan definiduteko eskatu deutso. Bere berbetan, “gai publikoek lidergoa behar dabe, eta azpiegituretan inbertidutea gizarteratzerako tresna bat da”. Garazi Díaz intxaustik (EAJ-PNV) nabarmendu dauenez, inbertsino publikoa “inoiz baino beharrezkoagoa da”, eta ukatu egin dau “gizarte arloko beste plan batzuk murriztuko” dituanik. Eraikuntzaren sektoreak “28.000 enpleo baino gehiago ditu, eta lurraldeko BPGaren %6 baino gehiago” beteten dau.