Aurreko Albisteak

BIZKAIAK DABORDUKO BADAUKAZ "DATOZAN URTEETARAKO BEHARKO DIRAN" ADINEKOENTZAKO EGOITZAK

  • Sergio Murillo Gizarte Ekintzako foru diputatua Batzar Nagusien aurrera etorri da, 2016-2019 epealdiko Bizkaiko gizarte arloko zerbitzuen eta prestazinoen hedapenaren balantzea egiteko, eta GUFEk deitu dituan erizaintzako azkenengo oposizinoen egungo egoeraren barri emoteko.

  • Aldundiak “urritasuna daukien personentzako ehun plaza” sortuko ditu egoitzatan.

(Bilbon, 2020ko garagarrilaren 24an). Bizkaiko Foru Aldundiak Bizkaiko gizarte arloko zerbitzuen eta prestazinoen hedapenaren ganeko informazinoa emon dau gaur Bizkaiko Batzarren aurrean, toki erakundeek 2016an adostu eben guneen araberako banaketan oinarrituta, eta EAEko Gizarte Zerbitzuen Plan Estrategikoak eta Zerbitzuen Mapak ezarritako erespide orokorrak kontuan izanda. Sergio Murillo Gizarte Ekintzako foru diputatua izan da plana une honetan zein egoeratan dagon azaldu dauena, 2019. urtearen bukaerako datuakaz eta, azpimarratu dauenez, daborduko, Bizkaiak badaukaz “hurrengo urteetarako beharrezkoak izango diran” adinekoentzako egoitzako azpiegiturak.

Murilloren eretxiz, Bizkaiak, “zerbitzu guztietan”, lurraldeko zerbitzuen eta prestazinoen hedapenean egin dau aurrera. “Eta modu bikainean egin dogu testuinguru soziodemografikoak gure lurraldeari behar barriak ezarri deutsazan zerbitzuetan”, gehitu dau. Hori dala eta, Mapak Bizkairako egiten dituan aurreikuspenakaz bat etorrita, “zerbitzu eta prestazino askotan, sarea eta erabiltzaileen bolumena proiektautakoa baino askoz handiagoa da”. “Geure burua goratu gura barik”, “erantzunaren %95 eregita dagola” esan dau.

Egoitzei jagokenez, Bizkaiak 10.745 plaza ditu baimenduta 155 zentroko sarean. 2019. urtearen bukaeran, 7.162 personak Aldundiaren finantziazinoa jasoten eben euren egoitzako plazarako. Orain urte bi baino 784 gehiago dira. %12aren igoera hori bat dator adinez gora doazan biztanleen hazkundeagaz. “Lurraldeko orekea bermatzeko”, Aldundiak Getxoko belaunaldi arteko zentroa proiektau dau. Udalerrian egoitzarako dagozan beharrak beteko ditu eta, ganera, etorkizuneko egoitza eredua izango dau, belaunaldien arteko bizikidetzan oinarrituta eta komunidadera zabalik. Ganera, esan dauenez, 2020ko lehenengo seihilekoan “arnasa” programea, atsedena hartu daben “134 personakaz” itxi da.

Mendekotasun egoeran dagozan adinekoei jagokenez, 1.900 persona baino gehiagok jasoten dabe eguneko arretea eguneko 50 zentroek eta norberaren autonomia bultzatzeko 3 zentroek osatzen daben sarean, euren etxean zainduta dagozan bitartean. Ildo horretan teknologia sartuta sakontzeko, Aldundiak EtxeTIC eredua proiektatu dau Bilboko Etxaniz zentroan. Bertan, mendekotasun egoeran dagozan personei emoten jaken eguneko zentroaren arreteari (25 plaza), zainketak etxean jasoten dituen eta zentroaren inguruan bizi diran persona askori emoten jaken arretea gehituko jake. Zentrotik urruneko eta lekuan-lekuko arretea emongo jake, euren ongizatea hobetzeko.

Urritasunaren arloan, Foru Aldundiak, egoitzako baliabideen eskatzailearen profilean izandako aldaketa garrantzitsutik sortutako behar barriak hauteman ditu. Gaur egun, lurraldeak 1.314 plaza ditu lan-hastapeneko zentroetan, eguneko arretako 1.117 plaza eta egoitzetako 1.196 plaza, urritasuna daukien personentzat, eta, horreei, buruko gaixotasuna daukien personentzako egoitzetako beste 255 plaza gehitu behar jakez. Holan, Aldundiak urritasuna daukien personentzako egoitzako ehun plaza sortuko ditu, zentro txikietan, eta horreekaz osatuta geratuko da Bizkaiko Gizarte Zerbitzuen Mapa. Baliabide horreek Bilboko Etxaniz zentroan gauzatuko dan EtxeTIC proiektuari eta belaunaldien arteko zentroari (Getxo) gehituko jakez. Zerbitzu barritzaile horreei esker, sistemea hobeto egokitu ahal izango da mendekotasun egoeran dagozan adinekoen beharretara.

BATZARRETAKO TALDEAK

Oposizinoko taldeen eretxiz, oraindino “egiteko behar asko falta da”. Eduardo Andradek (PP), adibidez, “ahalegin handiagoa” eskatu dau, adinekoek zein egoitzatan bizi gura daben erabagi ahal daien, eta “arnasa” programea indartzeko, izan be, “134 persona” ez dira asko. “Zeozer ez dabil ondo”, esan dau.

Eneritz de Madariagak (Elkarrekin Bizkaia) esan dauenez, zifrek erakusten dabe “2011n baino askoz be hobeto gagozala, baina “estaldurea zenbaki hotzak baino askoz garrantzitsuagoa da, kalidadea kantidadea baino garrantzitsuagoa”. Bere berbetan, plan estrategikoaren “zuloak” urritasuna eta buruko gaixotasun kronikoa daukien personentzako zerbitzuetan agertzen dira, eta baita espazio sozio-sanitarioan be. Eguneko zentroetako eta egoitzetako zerbitzuen kudeaketa ereduak “ez ditu emaitza onak emoten”, esku pribaduetan dagozanetan, batez be. Administrazino guztiek gizarte zerbitzuen zorroaren hedapenaren inguruan erakusten daben “gardentasun faltea” be kritikau dau. “Ondo egongo litzateke” Bizkaiak bere plan estrategikoa eukitea, “norantz goazan ikusteko”.

EH Bilduk, bere aldetik, balantzea “berandu” heldu dala kritikau dau, garagarrilaren bukaeran, eta Plan Estrategikoan planteautako helburuetako bat faltan bota dau txostenean, Euskadiko zerbitzuen “batez besteko estalduraren %85era” ailegetea, adibidez. Arantza Urkaregi batzordekideak, udalerrien artean “alde handiak dagozala” esan dau, “danak” zerbitzu berberakaz gozetako eskubidea daukien arren. Aldundiak covid-19aren osasun krisian emon dauen erantzuna be kritikau dau. Bere berbetan, “kezkatzeko modukoa” da zerbitzuagaz lotutako prestazinoan gora egitea, eta sektoreagaz berbetako eskatu dau, sistemaren beharrak ezagutzeko, garrantzitsuena “arretea zelan emoten dan” dalako, eta “ez hainbeste zenbat emoten dan”.

Foru Gobernua eusten daben Batzarretako taldeek Gizarte Zerbitzuen Legea eta Plan Estrategikoa onartzeak eskatu dauen esfortzu “garrantzitsua” balioztatu dabe, izan be, Euskadiko egitura instituzional guztiagaz adostu da. Amaia Rebollok (PSE-EE), “adinekoen zainketetan egozan aurreikuspenak beteten ari dirala” eta “prestazinoak hobetu egin dirala” azpimarratu dau, “inor baliabide barik geratu ez daiten”. Modu berean, Idoia Inorizak (EAJ-PNV) erakundeen arteko adostasuna, “inor atzean itzi barik” zerbitzu on bat jasoteko Eskubide subjektiboa onetsi izana, eta lurraldeko gizarte zerbitzuen “moldakortasuna” azpimarratu ditu.

GELDITU EGIN DA GUFEKO 2016-2017 LAN ESKAINTZA PUBLIKOA

Gizarte Urgazpeneko Foru Erakundearen (GUFE) 2016ko eta 2017ko Lan Eskaintza Publikoko erizaintzako 26 plaza hornitzeko azterketak gainditu ebazan hautagaietako batek, Aldundiak orain lau urte hasitako oposizino hori ebazteko eskatu eban joan dan garagarrilaren 3an, Bizkaiko Batzar Nagusietan egin eban agerraldian. Prozesua geldik dago, oraindino ebatzi barik dagozan epaibideetako errekurso bi dirala eta. Oposizinoko taldeek gai horren ganean galdetu deutsie Aldundiari, aurkeztutako errekursoen aurrean GUFEk hartu behar dauen jarreraren ganean, hain zuzen be.

Aldundiak esan dauenez, gai hori ez dago ebatzita, GUFEk ez daukalako oraindino, ebazpena proponiduteko “erabateko autonomia funtzionala” daukan epaitegiaren proposamen formalik. Murillok esan dauenez, Aldundiak “kategoria horretan lantaldea ahalik eta arinen egonkortzea gura dau, eta gehiago oraindino covid-19 testuinguru honetan”.

Oposizinoa gainditu eban personak, epaietako baten aurrean GUFEk errekursoa jartea eskatu eban, gainditu eben personek 2019an amaitu zan oposizinoan irabazitako plazak eskuratu ahal izateko. Murillok esan dauenez, “errekursoa jartea ez da konponbide egokia”, konkurtsoaren oinarriak eurak “arriskuan” jarriko litzatekezalako. Egia da “gura genduana baino gehiago ari dala luzatzen, baina epaitegiaren autonomia errespetau behar dogu” eta, “segurtasun juridikoa dala eta”, epaitegiak ebazpena emon arte itxoin.