Aurreko Albisteak

TXARTELAGAZ ORDAINTZEKO ORDUAN MERKATARITZARI APLIKETAN JAKOZAN BANKUKO KOMISINOAK KENTZEKO ESKATU DEUTSO BIZKAIAK GOBERNU ZENTRALARI

Bilbao

  • Bizkaiko Batzar Nagusiek EAJ-PNV eta PSE-EE taldeen zuzenketa-eske bat onetsi dabe, Gobernu Zentralak komisino horrek kendu daizan, holan, elementu elektronikoakaz egiten dan ordainketea sustatzeko, Covid-19aren kutsadura kopurua gora egiten ari dan une honetan kutsadurak saihesteko.

(Bilbon, 2020ko garagarrilaren 23an). Bizkaiko Batzar Nagusiek, Ekonomiaren Sustapenerako Batzordean, merkataritzako eta zerbitzuetako establezimenduetan txartelagaz eta baliabide elektronikoakaz ordaintzeagaitik banku erakundeek kobretan dituen komisinoak kentzeko “egin beharreko lege aldaketak” egiteko aukerea “aztertzeko” eskatu deutso gaur Gobernu zentralari. Neurria, “COVID-19ak sortutako osasun arrisku egoerak irauten dauen bitartean”, ordaintzeko sistema “seguruagoa” indartzera dago bideratuta. Batzarretako talde guztiek, abstenidu egin dan Talde Bereziak (PP) izan ezik, onetsi daben testua, EH Bilduk planteau dauen arauz besteko proposamenean EAJ-PNV eta PSE-EE taldeek sartu daben zuzenketa-eskearen barruan dago.

Persona batek txartelagaz ordaintzen dauen bakotxean banku erakundeek saltokiei apliketan deutsiezan komisinoak kentzeko eskaria EH Bildu taldeak ekarri dau, Gobernu zentralari egin beharreko lege aldaketak egiteko zuzenean eskatzen eutsan arauz besteko proposamenean. Halanda be, aurretik, neurri hori apliketearen bideragarritasuna eta ondorioak aztertzeko aukerea onartu dau taldeak.

EH Bilduko Iker Rahonak defendidu dauenez, tokiko saltokietan baliabide elektronikoakaz ordaintzea, establezimenduetan esku-diruagaz ordaintzeak dakarren arriskua “txikitzeko” modua da. “Sistema horreek daukien arazo bakarra ekonomikoa da, izan be, erabiltean, merkatariak komisino txiki bat ordaindu behar deutso txartela igorri dauen erakundeari”. Une honetan, koronabirusak eragindako egungo egoeraren “berezitasuna” eta kutsatu kopuruan ikusten doguzan igoerak dirala eta, eta “beharrezkoa danez prebentzinozko neurriei lehentasuna emotea”, “komenigarria izango litzateke komisino hori aldi baterako kentzea, osasun arloko arriskuak hor jarraitzen dauen bitartean”, esan dau.

Neurri horrek bankuentzat kostu txiki bat izango dauen arren, bat etorriko litzateke “krisiaren pisu ekonomikoa egoera txarrenean dagozan sektoreen ganean ez egoteagaz, kasu honetan merkataritzako eta zerbitzuetako jardueretan, horreek diralako krisi honetan kalte handienak jasan dituenak; pisua baliabide gehien daukiezanen ganean egon beharko litzateke”. Rahonak gogoratuazo dauenez, “ez da ahaztu behar aurreko krisian bankuen erreskateak sektore horrek bizirik irautea ahalbidetu ebala, eta horrek kalte handia egin eutsala kutxa publikoari eta zorrari, eta oraindino horren ondorioak jasaten ari garala”.

Foru Gobernua eusten daben Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeek, proposamena kontuan hartu eta gaiaren oinarriaren alde agertu dira, baina “ñabarduraren” bategaz. Edozein aldaketa egin aurretik, euren zuzenketa-eskearen bitartez neurri hori apliketeak izango leukezan ondorioak aztertzea eskatu dabe. Beti be, “tokiko merkataritzarako laguntza” izan beharko litzateke eta ez “itxurakeria” hutsa, Ana Berta Campo sozialistak esan dauenez. Oscar Arana jeltzalea tesi horren alde agertu da, baina laguntza hori “txikia” izango litzatekela esan dau, merkataritzaren kostuen estrukturea kontuan izan da. Izan be, gaur egun, saltokiek ordainketa horreetarako “%0,35eko interesak lortu daikiez”, gogoratuazo dauenez.

Elkarrekin Bizkaia taldetik, Israel Escalante komisino horreek kentzearen alde agertu da, konfinamenduaren garaian negozioak ixten zirala eta deseskalatze fasean jardueran mugak dituala ikusten dauen izan dituan sektorearentzat. Aukereagaz baliauta, Escalantek “banku publikoa” defendidu dau, “Europako herrialdeetatik erdian” gertatzen dan moduan, komisino horreek “ez daitezan hain zabalduta egon”.

Talde Bereziak (PP), “oihartzun mediatikoa bilatzen dauen eraginkortasunik bako” eztabaidea dala esan dau, “desinformazinoari baino laguntzen ez deutsan” ekimena, Amaya Fernández bozeroalearen berbetan. “Ez dago esku-diruagaz ordainduta kutsadura gertatu daitekela erakusten dauen ezelango ebidentzia zientifikorik”. Espainiako Bankuak berak, “diruagaz ordaintzea segurua dala dino”, gogoratuazo dau.

MERKATARITZARI ETA OSTALARITZARI LAGUNTZEKO BESTE NEURRI BATZUK

Beste alde batetik, batzordeak ez dau onartu Elkarrekin Bizkaia taldearen arauz besteko proposamen bat, Covid-19aren pandemiak sortu dauen krisiaren aurrean Bizkaiko merkataritzari eta ostalaritzari laguntzeko beste neurri batzuk jasoteko. Ekimenean, alokairuak finantzetako, ur, argi edo gas horniduren ordainketak aztertzeko eta hainbat tasa eta zerga, espazio publikoa okupatzeagaitik ordaintzen dana edo BEZ, besteak beste, aztertzeko eskatzen zan. Maiatzaren 14ko proposamenean, gertuko produktua sustatuko dauen laguntza-plan bat eta sektore horreetan ERTE izenekoakaz jarraitzeari laguntzeko beste plan bat ezartea eskatzen zan.

Bakotxa bere aldetik bozkatu dan hiru puntuetatik baten alde agertu dan EH Bildu izan ezik, ganerako taldeek talde moreari gogoratuazo deutsienez, krisi honetan administrazinoak merkataritzari eta ostalaritzari laguntzeko neurri asko daborduko apliketan ari dira. Holan, Foru Gobernua eusten daben taldeek mikro-kredituak, kontsumorako bonuak, laguntza zuzenak, ERTEak, tasak kentzea edo espazio publikoa okupetako baimen bereziak aitatu ditue, beste laguntza batzuen artean.

EICko ENPRESAK

Horrez gain, saio berean, Aldundiak Energy lntelligence Center (EIC) izenekoan parte hartuko daben enpresak zeintzuk izango diran argitu deutso Elkarrekin Bizkaia taldeari. Ainara Basurko Ekonomiaren Sustapenerako foru diputatuak azaldu dauenez, Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak hitzarmenak ditue sinatuta Tubacex, Tubos Reunidos, AMPO, Vicinay Marine eta Petronor enpresakaz. Beste enpresa batzuk be “energiaren nazinoarteko gaitasunerako polo” horretan parte hartzeko “interesa” daukie. Horreen artean, Aldundiko arduradunak Iberdrola, Velantia, Artetxe, Gamesa, Ingeteam, Sener, Automotive Intelligence Center (AIC), Tecnalia eta automobilgintzaren sektoreko Euskadiko beste enpresa batzuk aitatu ditu.