BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEK ANTONIO DE TRUEBA OMENDUKO DABE, ABELLANEDAN EGINGO DAN ERAKUSKETA HANDIAREN BITARTEZ
- Enkarterrietako Museoak (Sopuerta), Antonio de Truebaren, Galdameseko kronista, historialari eta idazlearen, ganean inoiz egin dan erakusketa handiena jasoko dau, jaio zaneko 200. urteurrenean.
- Egilearen kultur kontakizuna jatorrizko 100 pieza baino gehiagoren bitartez eregiten da, liburuen, dokumentuen, elementu etnografikoen, margolanen edo ilustrazinoen artean.
(Bilbon, 2020ko garagarrilaren 21ean) Jaio zaneko 200. urteurrena dala eta, Bizkaiko Batzar Nagusiek eta Enkarterrietako Museoak, Antonio de Truebaren, XIX. mendeko euskal munduaren eta foruen defentsaren erreferenteetako baten, ganean inoiz egin dan erakusketa handiena prestau dabe. “Antonio Trueba (1819-1889). Bizkaiko Kronista” erakusketa handia gaurtik aurrera egongo da zabalik Enkarterrietako museoan. Batzar Nagusietako, Foru Artxibategiko, Bizkaiko Foru Aldundiko eta Euskal Museoko piezak eta bildumazale partikularren artikuluak ditu. Gaur goizean, Albia Lorategietan dagon egilearen estatuaren ondoan aurkeztu dan erakusketea urte osoan egongo da zabalik.
ERAKUSKETAREN EUKIA
Enkarterriko idazlearen ganeko erakusketea ehun pieza baino gehiagok osatzen dabe, horreen artean liburuak, jatorrizko dokumentuak, artelanak, ilustrazinoak, Truebaren garaikide izan ziran intelektualek idatzitako testuak eta Bizkaiko Batzar Nagusiek Enkarterrietako Museoaren bitartez urteetan eskuratu dituen hainbat pieza interesgarri dagoz.
Enkarterrietako Museoak katalogo publiko-pribadu hori jasoteko egokitu dau bere erdiko nabea. Bertan, Enkarterritik datozan familietako dokumentazinoa be jasoten da (XVIII. eta XIX. mendeko eskolako koadernuak, negozioetako liburuak, erlijinozko elementuak, litografiak…), eta baita oso pieza etnografiko garrantzitsuak be, Ingalaterratik ekarri zan eta 1882an eregita dagon zerratzeko makinea, Granada errotako (Ortuella) errodete bat, edo enborrakaz egindako zepoak (erlauntzak) eztia lortzeko. Horri guztiari, XIX. mendeko gerrateetan Bizkaiko Tertzioak erabili eban eta 1860koa dan aldare eroangarri handia, eta baita garai berean egurrean landutako Bizkaiko armarria be. Pieza azpimarragarrietako bat Aurelio Arteta margolari ezagunak egin eban Truebaren erretratua da, Foru Jauregitik Erakusketarako beren beregi ekarritakoa.
Kultur ondare garrantzitsu hori guztia antzeztutako giroan prestau da, Enkarterriko egilearen bizitzea eta lana egituratzen daben lau gunetan. “BERE LANA” izenekoan Truebaren lan handiak erakusten dira, eta baita artxibozain eta kronista moduan egin eban beharraren ganean berba egiten daben dokumentuak be. “BERE GAIAK” atalean, Enkarterriko idazleak ezagutu eta landu ebazan lekuak, pertsonaiak eta gaiak erakusten dituen lanak dagoz. “BERE PENTSAMENDUA” izeneko hirugarren aretoan, bere gogoetak eta izaerea gogoratuazoten dira. Eta, bukatzeko, “BERE GARAIA” izeneko aretoan, bere bizitzagaz erlazionautako guztia jasoten da, gerra karlistak eta Bizkaiko Foruakaz eta Batzar Nagusiakaz izan eban loturea, besteak beste.
Erakusketaren helburua ez da Truebaren biografia barriro erakustea, egilearen mentalidade osoa ulertzeko ahalegina egin da.
AURRETIAZKO IKERKETEA
2018ko urriaren 15ean, Bizkaiko Batzar Nagusiek, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Galdameseko Udalak lankidetzarako protokoloa sinatu eben, Antonio de Truebaren figuraren ganeko ikerketa kritikoa egiteko. Lan horretan, Joseba Agirreazkuenaga EHUko Historia Garaikide katedradunak; Montserrat Amores Bartzelonako Unibersidade Autonomoko irakasleak; Jesús Arrate XIX. mendeko gerrateetan adituak; Goio Bañales Enkarterrietan zentrautako ikerlariak; eta Javier Barrio Enkarterrietako Museoko Zuzendari Teknikoak hartu dabe parte.
Laneko talde horrek politikaren eta literaturaren ikuspuntutik ikertu dau Truebaren figurea. Gerra karlistek bere bizitzan izan eben eragina eta Enkarterrigaz, jaio zan eskualdeagaz, euki eban hartu-emon sakona be aztertu dabe. Ikerketa horrek egilearen ikuspegi barria emon dau, eta erakusketaren kontakizuna eregiteko oinarria izan da.
Egileei ikerketa lan hori eskertu ostean, Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakariak, “Trueba pentsalari modernoa, kazetari eta idazle ona, historialari handia eta euskal Foruen eta tradizinoen defendatzaile sutsua izan zala” azpimarratu dau.
XIX. MENDEKO INTELEKTUAL HANDIA
Antonio María de Trueba y de la Quintana (Galdames, 1819ko abenduaren 24a – Bilbo, 1889ko martiaren 10a) XIX. mendeko Bizkaiko intelektual azpimarragarrienetakoa izan zan. Eleberri, umeentzako ipuin eta poesia lan asko idatzi ebazan, lan etnografiko handia egin eban, eta bere kontakizunetan Bizkaiko historiak eta tradizinoak jaso ebazan. Lehenengo Gerra Karlistatik igesi, 15 urtegaz Madrilera joan zan beharrean, eta bertan hartu-emonak izan ebazan garai haretako idazle garrantzitsuenakaz.
Antonio de Trueba euskal balioen eta foruen defendatzaile handia izan zan, eta bere ospea hain handia egin zanez, 1862an Bizkaiko Batzar Nagusiek Jaurerriko Kronista eta Artxibozain izendatu eben, eta horrek Bilbora itzultzeko aukerea emon eutsan. Albia lorategietako estatua, herritarrek emondako diruagaz ordaindutakoa (bertan egingo da erakusketaren aurkezpen ofiziala) eta Manuel María de Smithek egin eban eta Galdameseko Montellano auzoan, jaio zen herrian, dagon monumentua, intelektual horren ospearen eta pisuaren erakusgarrietako batzuk dira. Hil eta gero be bere garrantziak indarrean jarraitzen dau, eta bere figurak omenaldiak eta lilurea sortzen ditu, jaio zanetik bi mende igaro diranean.
Gaur goizean, Bilboko Albia Lorategietan dagon Truebaren eskulturaren aurrean egin dan erakusketaren aurkezpen ekitaldian, Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako Lehendakaria, Lorea Bilbao Kulturako Foru Diputatua, Rakel Larruskain Galdameseko alkatea, eta Mamen Etxebarria Sopuertako Udaleko lehenengo alkateordea egon dira, eta baita Bizkaiko Batzar Nagusietako mahaiko zenbait kide eta Javier Barrio Enkarterrietako Museoko zuzendaria be.