Batzar Nagusien osoko bilkurak berretsi egin dau artelanen eta antxinako objektuen inportazinoari apliketan jakon BEZ-aren jatsierea
Batzar Nagusietako osoko bilkureak, Balio Erantsiaren Zergari buruzko azaroaren 9ko 7/1994 Foru Araua aldatu dauen martxoaren 18ko 1/2014 Foru Dekretu Arauemoilea berretsi dau gaur goizean Gernikan. Zerga horren egokitzapena da estadu mailako arautegira, Kontzertu Ekonomikoan ezarten dan moduan. Aldaketa hori, Estaduko Aurrekontu Orokorren Legeak sartutako barrikuntzek eta azpiegitura eta garraio arloko barrikuntzei buruzko urtarrilaren 24ko 1/2014 Errege Lege-Dekretuak eta ekonomiaren arloko beste batzuek eragin dabe. Dekretuak EAJ-PNV, PSE-EE eta PP taldeen aldeko botoa eta EH Bilduren abstentzinoa jaso ditu.
Foru Arauak jasoten dituan aldaketen artean, José María Iruarrizaga Ogasun eta Finantzetako diputatuak, Errege Lege-Dekretuan, arte objektuen, antxinako objektuen eta bildumako objektuen inportazinoen eta arte objektuen Europa barruko entregen eta erosketen tributazinoan jasoten zan ehuneko 21etik ehuneko 10erako jatsiera azpimarratu dau.
Hainbat agindu europar erkidegoko ordenamendura eta jurisprudentziara egokitu beharrari erantzuten deutsien Estaduko Aurrekontu Orokorren Legearen aldaketa garrantzitsuenei jagokenez, Iruarrizagak azpimarratu dau, gizarte laguntzako zerbitzuen prestazinoen barruan, umeen zainketako eta arretako jarduerei buruzko salbuespenean kendu egiten dala aurreko idazketan agertzen zan 6 urteko mugea.
"BILBAO BIZKAIA BE BASQUE" MARKA
Beste alde batetik, Imanol Pradales Ekonomiaren Sustapeneko foru diputatuak, EH Bildu taldeak, “Bilbao-Bizkaia” markan oinarritutako Lurraldeko eredu turistikoaren jarduketa ildoei egindako itaunei erantzunez, gaur egun Bizkaia Euskadiren “motor turistikoa” dala, eta aurtengo turismoaren datuak 2013koak baino “hobeak” izango dirala esan dau. Bere eretxiz, 2013. urtea “finkapenaren” urtea izan zan, “historiako urterik hoberena” bilakatu zan 2012an lortutako zifren ostean.
Aldundiko arduradunaren ustez 2014. urtea “oso ona” izango da Lurraldeko turismoarentzat, “hainbat adierazlek” erakusten dabenez, adibidez, Guggenheim Museoak Aste Santuan izan dauen bisitarien kopuruaren “%11ren” igoerea, BEC-en egingo dan Makina Erremintaren Biurtekoaren hurrengo edizinoak erakutsiko dauen “%12ko” igoerea edo egingo diran ekitaldi garrantzitsuak, Saskibaloiko Munduko Txapelketea, besteak beste.
Koalizino abertzaleak zalantzan jarri dau Bilboko Udalak eta Foru Aldundiak alkarren artean bultzatu daben markea lagungarri izango danik Bizkaira turista gehiago erakarteko. Kontuan izan behar da turisten kopuruak jatsiera izan ebala 2013. urtean.
EH Bilduren helburua, Foru Aldundiak kanpoan egiten dituan sustapenak herrialdearen irudi orokorrean oinarritzea da, Eusko Jaurlaritzak bere “Basque Country” irudian jasoten dauenagaz egiten dan moduan.
Goiburua “Bilbao Bizkaia Be Basque” dala gogoratu ostean, Pradalesek esan dau bere ustez “ez dirala kontrajarritako goiburuak. Herrialdea egiten daben goiburuak dirala”. Ukatu egin dau koordinazino faltarik dagoanik Foru Aldundiaren eta Jaurlaritzaren artean, Joseba Gezuraga EH Bilduko ordezko bozeroaleak aurpegiratu deutsan moduan, baina onartu dau hobetzeko lekua badagoala nekazaritza inguruko landetxeen arloan.
KUTXABANKEN “PRIBATIZAZINOA”
Koalizino abertzaleak itauna egin deutso Jose Luis Bilbao Aldun Nagusiari, Mario Fernandez Kutxabankeko presidenteak erakunde hori “pribatizetako” daukan “gogoa” dala eta. Foru Aldundiko agintari nagusiak EH Bilduk “pribatizazinoaren panpina” ataratea salatu dau, “eztabaidak desbideratzean” zentrautako estrategiaren barruan. Gogoratu dauenez, Kutxabanken jaubeak hiru euskal kutxak dira gaur egun – BBK, Kutxa eta Vital kutxa– eta denpora gitxi barru, jaubeak banku fundazinoak izango dira, EB-k agindutako aldaketa egin ostean.
Bilbaok ziurtatu dau “orokorrean ulertuta, Kutxabanken jaubeak danok izango garala”. “Banku fundazinoak antxinako aurrezki kutxen oinordekoak dirala, eta antxinako kutxak, gitxi gorabehera, danonak zirala, gizartearenak, oso modu orokorrean ulertuta. Eta banku fundazinoek gizartearenak izaten jarraituko dabela, modu orokorrean ulertuta”, esan dau.
Bilbaok, hemendik aurrera be, Kutxabanken “erabagi gune nagusia” Euskadin egon behar dala aldarrikatu dau. Bere berbetan, orain jagokuna erakunde horrek egin behar dauen plan estrategikoari itxoitea da, “horren ostean merkaduan lekua bilatzeko prozesuak zabaltzeko”. Euskal erakundeak “irabaziak lortu behar ditu, baina bere helburu nagusia Gizarte Lana eta euskal ekonomian izan beharreko inplikazinoa eta irabazi horreek gizartera itzultzea izan behar da”. Horretarako, eraginkortasun erespideetan oinarritutako kudeaketa “profesionalaren eta ez politikoaren” aldeko apustua egin dau.
Aldun Nagusiak gehitu dauenez, PSE-EE eta EAJ-PNV taldeek, kutxak fundazino bilakatzeari buruzko arauz besteko proposamena aurkeztu dabe, eta ziurtatu dauenez, Aldundi gisa proposamen horregaz “bat egiten dabe eta bere eukien %100ean parte hartzen dabe”.
EH Bildu, bere aldetik, Kutxabank orain arte moduan ixtearen alde agertu da “gizartearen kontrol publikoagaz”. “Jaubetza kentze baten aurrean gagoz. Danona dan ondarea esku pribaduetan itxiko dabe”, aurpegiratu deutso Irune Soto bozeroaleak. Bere eretxiz, Aldundiak “ez dau ezer egingo, interesak ditualako Kutxabanken pribatizazinoan”.
BEC-EN BIRFINANTZAZINOA
Bizkaiko Talde Popularrak (PP), bere aldetik, itauna egin deutso Aldundiari, Arantza Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen sailburuak martxoan Eusko Legebiltzarrean egin ebazan adierazpenei buruz. Bertan esan eban Bilbao Exhibition Centrek (BEC) 2016. urtean lortuko ebala “oreka operatiboa”. Horrez gain, ea zelan egingo jakon aurre ekainean bukatzen dan 150 milioi euroko maileguaren birfinantzazinoari be galdetu dau.
Bere erantzunean, Imanol Pradales Ekonomiaren Sustapeneko foru diputatuak, BEC-ek, datorren ekainaren 14an bukatzen ziran eta azpiegituraren eraikuntzarako behar izan zan inbertsinoa finantzetako erabili ziran 150 milioi euroko sindikatutako maileguak birfinantzetako akordioa lortu dauela iragarri dau.
Erantzunen txandan, Pradalesek azaldu dau “datozan egunetan BEC-ek 150 milioi euroren birfinantzazinoa sinatuko dauela sei finantza erakundegaz, 2016. eta 2017. ekitaldietan ordainduko dan sindikatutako mailegu baten bitartez”. Diputatuak adierazo dauenez, mailegu hori Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak abalauko dabe, modu amankomunatuan, eta erdi bana.
Pradalesen esanetan, “albiste bikaina da, orain urtebete iragarri zan eta, ganera, denporan eta moduan goitik behera bete dan lehiakortasun planean aurreikusitako neurri barria, BEC-en etorkizunari, finantzazinoari jagokon etorkizun egonkorrak eta argiak emoten dauen nasaitasunagaz aurre egin ahal izateko”.
EZ DIRA ONARTU EH BILDUK AURKEZTUTAKO ARAUZ BESTEKO PROPOSAMENAK
Horren ostean, Ana Madariaga Bizkaiko Batzar Nagusietako presidenteak, 2014ko laugarren osoko bilkuraren eguneko gai zerrendan egozan arauz besteko proposamenak eztabaidetako tartea zabaldu dau.
Atal horren hasieran ez da onartu finantza erakundeek, eurenak diran eta hutsik dagozan etxebizitzak gizarte alokairurako laga daiezan EH Bilduk aurkeztu dauen ekimena. Proposamen horren barruan eskaerea egiten jaken Eusko Jaurlaritzari eta Foru Aldundiari, kutxek eta bankuek etxebizitza horreek hutsik izan ezkero hareen kontrako zehapenak ezarri eiezan. EH Bilduren proposamenak PSE-EE-ren aldeko botoa eta EAJ-PNV eta PP taldeen kontrakoa jaso dau.
Jeltzaleen eretxiz, ekimenak helburu positiboa dauka, finantza erakundeei, Administrazinoak finantza erakunde batzuei egindako erreskate publikoaren ordez kontrapartidea eskatzeko “presino gehigarria” egitea eskatzen dauelako, baina, azkenean, aldeko botoa emotearen kontra agertu dira, “Bilduk Kutxabankegaz daukan fijazinoa” dala eta. Kutxabankek ez dauela “ezelango” laguntza publikorik jaso, eta BBVA-gaz batera, helburu horretarako etxebizitzak laga dituan “bakarra” dala, gogoratu dau Josu Artetak (EAJ-PNV).
Eduardo Andresek (PP), bere aldetik, ez dau uste finantza erakundeei OHZ igotzeak finantza erakunde horreek euren etxebizitza parkea Administrazinoaren esku jarri daien balioko dauenik. Bere proposamena, Eusko Jaurlaritzako Bizigune programaren barruan euren etxebizitzea lagaten daben jaube guztiei zerga horren salbuespena apliketea izan da.
Horrez gain, Bizkaiko Batzar Nagusiek, EAJ-PNV, PSE-EE eta PP taldeen kontrako botoagaz, EH Bilduk aurkeztutako beste ekimen bat baztertu dabe. Ekimen horretan koalizino abertzaleak Gizarteratzerako Laguntza Bereziak araupetzen dituan araua aldatzeko eskaerea egin dau. Beste puntu batzuen artean, talde abertzaleak sei hilebeteko erroldatze epea ezartea eskatzen eban, gaur egungo 30en ordez, laguntzak jasotzeko, eta eskatzaileek Lanbiden izena emonda egon beharra kentzea.
BAI GAROÑAREN ITXIERARI ETA EZ BILBAO AIR-ENARI
EAJ-PNV eta EH Bildu taldeek alkarren artean aurkeztutako beste proposamen batean, Bizkaiko Batzar Nagusiek Garoñako zentral nuklearra “behin betiko” ixtearen eta desmuntatzearen aldeko eretxia erakutsi dabe, aurretik Eusko Legebiltzarrak, Arabako Batzar Nagusiek eta Gasteizko Udalak egin daben moduan.
Batzarretako talde guztiek, kontrako botoa emon dauen PP-k izan ezik, onartu daben arauz besteko proposamenaren bitartez, Bizkaiko Batzar Nagusiek, 2013ko uztailean itxi zan Santa María de Garoñako Zentral Nuklearra barriro martxan jarteko eta beharrean hasteko aukerea zabaldu daitekean inolako araudirik “inondik inora” ez daian onartu exijitu deutsie Espainiako Gobernuari.
Horrez gain, Bizkaiko Batzar Nagusiek eskaerea egin deutsie Europar Batzordeari, Espainiako Gobernuak Garoñari buruz hartzen dituan erabagien jarraipena egin daian, Fukushimako hondamendiaren ostean ezarritako eskakizun teknikoen zaintzaile moduan, Espainiako gobernuak, zentralak funtzionetan jarraitu daian “gura dauela” kontuan izanda.
Ganera, Bizkaiko Batzarrek eskaria egin deutsee lberdrola eta Endesa enpresei, konplexu atomikoaren jaube moduan azken erabagia hartu beharko dauen Nuclenorren jaubeei, Bizkaiko gizartearen gehiengoaren borondatea errespetau daien eta, alkarren artean aurkeztutako ekimena defendidu daben Asier Vega (EH Bildu) eta María Presa (EAJ-PNV) batzarkideen eretxiz “arriskutsua, zaharkitua eta ez errentagarria” dan plantaren jardueran ezelango luzapenik izateko aukerea baztertu daien.
Garoñaren itxierak “ez leuke inolako hornidura arazorik sortuko”, Presaren berbetan, zentralak Estaduko elektrizidadearen “%1” baino ez dauelako sortzen. EAJ-PNV-ko batzarkidearen esanetan, “ezin gara nasai egon Japoniako zentralaren hondamendia” ikusi eta gero. Japoniako zentralaren antzeko teknologiagaz, 40 urtez funtzionetako helburuz, eregi zan, eta “orain 60 urtez funtzionetea gura daben” Estaduko planta zaharrenaren adinak indartu egiten dau euskal gizarteak daukan helburua, zentrala “itxi egin behar dala, amortizauta dagoalako eta ez dalako segurua”, adierazo dau.
Bilbao Air soziedadearen erabilgarritasuna be eztabaidarako gaia izan da. Bizkaiko Batzarrek ez dabe onartu EH Bilduk, arauz besteko proposamen baten bitartez proponidu dauen erakunde publiko horren desegitea. Ekimen horretan aireportuen eskumenen transferentzia eskatu dau, holan Euskadiko Autonomia Erkidegoak Estatutuan aurreikusitako eskumena “modu eraginkorrean” aurrera eroan ahal daian.
PSE-EE-ren eretxiz, 2001ean sortutako soziedadea “beharrezkoa zan” bere garaian, baina Aitor Torre EH Bilduko batzarkideak be aitatu dauen 2012ko TVCP-ren fiskalizazinoari buruzko txostenak “zalantza asko jarten ditu soziedadearen eraginkortasunaren gainean”, Mikel Torres sozialistaren ustez. “Bizkaiak holango soziedade bat behar dauen ala ez galdetu beharko geunke, behargin bakarra daukan soziedadea, arlo horretako eskumena AENA-rena danean”. Torresen berbetan, beste erakunde baten beharra “bikoiztu” egiten dauen erakundea “behar dogun ala ez planteetan hasteko unea da”.
PP-k ezezko botoa emon dau, aireportuen eskumena “ezin daitekealako transferitu”, Konstituzinoak adierazoten dauenez, eta AENA-ko eta badagoalako euskal administrazinoetako ordezkariak dituan eta Euskadiko aireportuak koordinetan dituan erakunde bat.
EAJ-PNV-ko Amaia del Campo batzarkideak uste dau Bilbao Air soziedadeak bere eginbeharra bete dauela Bizkaiko aireportua sustetako eragile moduan. “Mesedegarria eta beharrezkoa da” Bizkaiarentzat, bere eginbeharra ondo beteten dauelako. Soziedadeak egindako behar horri esker, neurri batean, Loiuko erabiltzaile kopurua “%69” handitu da 10 urtetan, 2002tik 2012ra, eta estadu mailan igoera hori “%35ekoa baino ez da izan”.
Aitor Torreren (EH Bildu) eretxiz, soziedade hori desegin behar da, beste gauza batzuen artean urtez urte galerak izan ditualako, “urtero 390.000 euroko defizita” euki dau, eta galera horreek Eusko Jaurlaritzak eta Foru Aldundiak ordaindu behar ditue. Horrez gain, adierazo dauenez, bere arduradun eta behargin bakarrak "82.383 euro gordin” kobrau ebazan 2012an.
ADINBAKOAK ETA EUREN ETXEETATIK KALERATUTAKOENTZAKO ETXEBIZITZAK
Talde Popularraren itaunari erantzunez, Pilar Ardanza Gizarte Ekintzako diputatuak jakinarazo dau Murrietako etxean bizi ziran “lau” adinbako eta Basauriko eta San Adriangoko etxebizitza erdi-autonomoetan bizi ziran beste batzuk, Barakaldoko eta euren inguruko beste udalerri batzuetako “irabazi asmorik bako erakundeen” beste zentro batzuetan dagozala. Arlo horretan, bere sailaren helburua datozan urteetan “harrera profesionalaren” aukerea indartzea dala gogoratu dau Ardanzak, Foru Aldundiaren ardurapean dagozan adinbakoen taldearen barruan.
Bizkaian finantza erakundeek familia gehiago etxebizitza barik ixtea saihesteko Aldundiak daukan konpromisoa ezagutzea jakin gura izan dauen EH Bilduri erantzunez, Imanol Pradales Ekonomiaren Sustapeneko foru diputatuak jakinarazo dau, bere eskumenen barruan, Aldundiak hutsik eukan etxebizitza parke osoa etxe barik geratzeko arriskuan dagozan pertsonen esku jarri dauela, baina “oraindino ez dabela eskaera formalik jaso” be adierazo dau, foru parkeak dituan 123 etxebizitza hutsetako bat hartzeko.
ODOL EMOTEAK
Goiz osoan, Foru Gobernuko kideek eta Batzar Nagusietako beharginek odola emoteko aukerea izan dabe Gernikako Batzar Etxearen aurrean aparkautako Osakidetzaren unidade mobikorrean. Autobusera igoten lehenengoetakoa Ana Madariaga Batzar Nagusietako presidentea izan da. Une batez eztabaidaren zuzendaritzea itxi dau, eredu izateko eta gure ospitaleak, derrigorrezkoa dan likido gorriz horniduteko hain beharrezkoa dan alkartasunezko ekintza hori egiteko.