BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEK OKUPAUTAKO ETXEBIZITZEN HUTSITZEA ARINTZEKO ETA ZIGORRAK HANDITZEKO ESKATU DEUTSIE ESTADUARI
- Iraskunde, Gobernamentu On eta Gardentasunerako Batzordean, Aldundiak Enkarterriko suhiltzaileen parkearen obren nondik norakoaren barri emon dau.
(Bilbon, 2020ko garagarrilaren 20an). Bizkaiko Batzar Nagusiek, Talde Bereziak (PP) aurkeztu dauen eta EAJ-PNV eta PSE-EE taldeen aldeko botoak jaso dituan arauz besteko proposamen baten bitartez, “beharrezko lege-aldaketak egiteko” eskatu deutsie gobernu zentralari, “batetik, etxebizitzen ganeko eskubideen titular legitimoei babes osoa eta eraginkorra emoteko, legez kanpoko okupazinoen aurrean, eta, bestetik, herritarren arteko elkarbizitza baketsua eta errespetuzkoa bermatzeko, etxebizitzen legez kanpoko okupazinoen aurrean”.
Hiru taldeek bat egin dabe, Iraskunde, Gobernamentu On eta Gardentasunerako Batzordean gaur goizean eztabaidatu dan ekimenaren 5 puntuetatik 4 onartuta, “prozedura judizialak arintzeko eta legez kanpo okupautako etxebizitzak hutsitzea errazteko beharrezkoak diran lege-aldaketak egiteko” eskatu deutsie Espainiako Gobernuari, "okupakaz" dagon “zigorgabetasun-sensazinoa ezabatzeko”; eta, beste alde batetik, “Zigor Kodea aldatu daiala, legez kanpoko eta bortxa bidezko etxebizitzen okupazinoetan zigorrak igoteko eta okupazinoaren mafien aurka burrukatzeko”.
Hiru taldeak bat etorri dira esatean Bizkaian “arazo” bat dagola legez kanpoko okupazinoagaz, eta “egonezina, zalantzak eta haserrea” sortzen ari dala herritarren artean, eta beharrezkoa dala “horri aurre egitea”. PP taldeko bozeroaleak lurraldeko hainbat herritan, Portugaleten, Santurtzin, Barakaldon, Gueñesen edo Bilbon, besteak beste, emon diran “etenbako”okupazinoak aitatu ditu. Herritarren presinoari esker, okupazino horreek bertan behera geratzea lortu da.
Halanda be, EH Bildu eta Elkarrekin Bizkaia taldeak proposamenaren puntu bakar baten alde agertzearen kontra agertu dira, euren eretxiz “totum revolutum” bat dalako, izan be, “okupa” mobimendua “kriminalizau” gura da. Mobimendu horren helburua, hain zuzen be, etxebizitza gabezia eta herritarrek ondasun horretarako daukien eskubide subjektiboa salatzea da. Talde bien eretxiz, badagoz mafien kontra burrukatzeko legezko mekanismoak, zigorrak handitu behar barik. “Ez da gure estiloa”, adierazo dau Bea Ilardia EH Bilduko bozeroaleak. Bere eretxiz, mobimendu sozial horrek “ez dauka ezelango zerikusirik mafiakaz”.
Proposameneak beste puntu bat be euki dau (bosgarrena), eta puntu horrek PP taldearen aldeko botoa baino ez dau jaso. Bertan, hau eskatzen zan, berbaz berba: “Bizkaiko Batzar Nagusiek euskal erakunde publikoei eskatzen deutsee etxebizitzen okupazinoan laguntzen daben erakunde, alkarte eta taldeei diru-laguntza publikorik ez emoteko”. Ganerako taldeak kontra agertu dira.
ENKARTERRIKO SUHILTZAILEEN PARKEA
Elkarrekin Bizkaia taldeari erantzunez, Ibone Bengoetxea Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako Diputatuak, igazko azaroaren 5ean hasi ziran Enkarterriko Suhiltzaileen Parkeko obren ganeko informazinoa emon dau Bizkaiko Batzar Nagusietan. Aldundiko arduradunak esan dauenez, hilebete honeetan sortu diran hainbat “ezuste” gorabehera, horreen artean koronabirusa dala eta lanak gelditu behar izana, foru azpiegitura barria aurreikusitako egunerako egon leiteke amaituta, hau da, 2021eko martiaren 5erako, 16 hilebeteko egikaritze epealdia bete eta gero. Une honetan, kontratistak eraikinaren estrukturan ari dira beharrean.
Bengoetxeak iragarri dauenez, dana dala, badagoz parkea funtzionetan hasteko orduan “atzerapen” posiblea justifikauko leukien beste arrazoi batzuk, “aurreikusteko gaitzak diran zergaitiak dirala eta”. Kontratua aldi baterako etetera behartu eban Covid-agaz gain, Bengoetxeak “hondakin inerteen kudeaketea, telefonia kanalizazinoaren desbideraketea, euri-uren saneamendu sarearen trazadu barria, obra hasi ostean lur-zatian aurkitu diran ezaugarrietan oinarrituta estruktura barriro aztertu behar izana, aurreikusi bako soto bat egitea beharginentzat, eta bide perimetralen ondoan ezpondak egonkortu behar izatea” aitatu ditu.
ERREGEAREN FIGUREA
Beste alde batetik, Iraskunde, Gobernamentu On eta Gardentasunerako Batzordeak ez dau onartu Elkarrekin Bizkaia taldearen arauz besteko proposamen bat. Proposamen horretan, talde horrek Bizkaiko Batzar Nagusiek Felipe VI Erregea Bizkaian persona “non grata” izendatzea eskatzen eban, eta baita Juan Carlos I “errege emeritua” be, eta “Bizkaiko Jauna” titulua erabilteari iztea, beste eskari batzuen artean. Ekimena ez da onartu, aldeko 5 boto (Elkarrekin Bizkaia eta EH Bildu) eta kontrako 10 (EAJ-PNV, PSE-EE eta PP) izan ditualako.
Foru Gobernua eusten daben taldeek ekimena puntuz puntu bozkatzeko eskatu deutsie proposamena aurkeztu dauen taldeari, ekimenaren puntu biren alde agertzeko prest egozalako, “Estaduko Aginteei” Juan Carlos I erregeak Saudi Arabiaren eskutik jasotako 100 milioi euroko ekarpen posiblea eta Corinna Larseni egindako 65 milioiko ekarpena, eta baita ustez legez kanpokoa izan daiteken Juan Carlos I erregearen beste edozein jarduera ikertzeko eskatzea, hain zuzen be. EAJ-PNV eta PSE-EE “Koroaren jardueren erabateko gardentasuna bermatzeko egin beharreko aldaketa guztiak” egitearen alde be egon dira.
PP taldeak, bere aldetik, gai horrek ez dituala herritarrak arduratzen adierazo dau, herritarren lehentasunen artean “31. postuan” dagolako. Amaya Fernández talde horretako bozeroaleak esan dauenez, Elkarrekin Bizkaia, “hauteskundeetan errentagarritasuna lortzeko hilebeteetan bultzatzen aritu izan dan” ekimen hori, “arretea desbideratzeko eta ez dagon lekuan arazoa sortzeko” modua baino ez da.
Bukatzeko, ekimena osorik bozkatu da, eta ez da onartu. Elkarrekin Bizkaiak eta EH Bilduk euren botoak batu ditue, Espainiako Koroaren “ustelkeriak” salatzeko eta erregeari “Bizkaiko Jaun” titulua kentzeko. “Gura diran titulu guztiak jarri leitekez, baina tituluaren balioa besteok emoten deutsaguna da. Erakunde honek, bere historia osoan, ez dau inor aintzatetsi”, erantzun dau Jon Andoni Atutxa jeltzaleak.
BIZKAIKO JAI EGUNAK
Batzordeak ez dau onetsi Loiolako San Inazioren jaieguna kentzeko eta bere ordez “Gatzaren Altxamenduaren” omenezko maiatzaren 24a jarteko Elkarrekin Bizkaia taldeak aurkeztu dauen ekimena. Foralidadea kentzearen eta zergak igotearen kontrako altxamendu horrek errepresino gogorra jasan eban 1634an. EAJ-PNV, PSE-EE eta PP ekimenaren kontra agertu dira, eta EH Bildu erdizka agertu da proposamenaren alde. Ekain Rico sozialistak, jai egunen egutegia “desakralizau” behar dala uste dauen arren, esan dau “herritarrentzat nahiko nahasgarria izango litzatekela” aldaketea, izan be, “gehienek badakie garagarrilaren 31 jaieguna dala, zergaitik dan jaieguna ez badakie be”.