EUSKADIKO GGKE-EN KOORDINAKUNDEAK "MUNDU OSOAN ALKARTASUNEZKO LOTURAK INDARTZEA" ESKATU DAU, KRISI HONETAN "INOR ATZEAN EZ IZTEKO"
· Koordinakunde horren izenean, Sonia González Bizkaiko Batzar Nagusietako Eskaeretarako eta Herritarrakazko Hartu-Emonetarako Batzordera etorri da, Covid-19aren krisiak eragin dituan arazoen aurrean konponbideak eskatzeko eta Batzarretako taldeek planteautako gaiei erantzuteko.
· Beste agerraldi batean, Babestu alkartea Bizkaian egoitza eredu barri “publikoa, unibertsala eta dobakoa” eregitearen alde agertu da.
(Bilbon, 2020ko garagarrilaren 17an). Euskadiko GGKEen Koordinakundea Bizkaiko Batzar Nagusietara etorri da gaur, COVID-19aren hedapenak sortu dauen krisirako konponbide “zuzena eta inklusiboa” lortzeko daukazan posizionamendua eta neurriak helduarazoteko eta aurkezteko, eta Bizkaiko lurralde historikoan “inor ez dala atzean itziko” bermatuko dauen “foru hitzarmen handia” lortzeko. Holan, Sonia González bozeroaleak, “mundu osoan alkartasunezko loturak indartzea” eskatu dau Eskaeretarako eta Herritarrakazko Hartu-Emonetarako Batzordean.
Bere agerraldian, Gonzálezek, Euskadiko 79 GKE alkartzen dituan koordinakundeak planteetan dituan neurri nagusien errepasoa egin dau. Horreen artean, honeek aitatu ditu: gizarteko arlo guztietan “zerbitzu publikoak indartzea”; kutsaduraren eragina jasan daben persona “guztiei” arretea emongo deutsen “kalidadeko osasun publikoa bermatzea”; etxebizitzarako eskubidea “blindetea”; zaintza-lana “balioan jartea”; eta umeak “babestea” eta hezkuntzarako eskubidea bermatzea. Horrez gain, larrialdiaren abagunearen barruan dagozan ekintza guztiek, “genero ikuspegi intersekzionala eta aniztasun afektibo-sexuala” kontuan izango dabela “ziurtatzea” eta “persona guztien laneko eskubideak autortzea eta zabaltzea” be eskatu dau.
Euskadiko GGKEen Koordinakundearen ordezkariak, ekonomiaren berreraikuntzan “lehentasuna gizarte arloko justiziak eta trantsizino ekologikoak” izatea be eskatu dau. Holan, Gobernuz Kanpoko Erakundeentzat oso garrantzitsua da “naturaren parte garala onartzea, planeteagaz eta ganerako izaki bizidunakaz erlazionetako beste formula batzuk topetako”. 13 eskariren artean, Gonzálezek honeek egin ditu: gizarte arloko egiturea eta herritarrek laguntzarako sareak eregiteko daukien gaitasuna indartzea; persona guztien askatasun publikoak ziurtatzea, larrialdi adierazpenean justifikau dan mugatze esparruaren aurrean; eta giza eskubideen aurrean zuzena eta errespetuzkoa izango dan nazinoarteko esparruaren aldeko apustua egitea.
Horrez gain, gizateriak dituan “preminazko” beste erronka batzuk ez ahaztea eskatu deutse Batzarretako taldeei, “gatazka armatuak, gosea, feminizidioak, homofobia, transfobia, errefuxiauen egoerea, klima arloko larrialdia, dibersidadearen galera tasa azkarra, prebenidu daitekezan gaixotasunek eragiten dituen heriotzak… berrogeialdian ez dagozan arren, atzean itzi ezin daitekezan arazo globalak, hain zuzen be”.
Batzarretako taldeen galderei erantzunez, Koordinakundeko bozeroaleak esan dau GKEek erakunde publikoakaz daukien hartu-emona “oso ona” dala. Dana dala, “arazo” bat dago partaidetza aktiboagaz, izan be, “gure eskariak ez dira jasoten”. Holan, bere eretxiz, Bizkaiko Foru Aldundian “partaidetza aktiboa hobetzeko bide luzea egin behar da oraindino”. Azkenean, Aldundiko aurrekontuaren %0,7a Lankidetzarako eta Garapenerako politiketara bideratu beharra ez ahazteko eskatu dau.
ADINEKOEN EGOITZEN EREDUA
Batzordera Iraide Urriz Babestu Alkarteko kidea be etorri da, lurraldeko adinekoen egoitzen ereduaren eta kudeaketaren ganean erakunde horrek daukazan proposamenak azaltzeko. Etorri dan ordezkaria Bizkaian adinekoentzako beste arreta eredu “publiko, unibertsal eta dobakoa” eregitearen alde agertu da, izan be, une honetan indarrean dagon lankidetza publiko-pribadu ereduak “ez dau funtzionetan” eta hori argi eta garbi ikusi da Covid-19ak eragindako osasun krisian.
Urrizek, Bizkaiko egoitzek pandemian erakutsi daben “kezketako moduko” egoeraren erradiografia orokorra emon dau, eta adinekoei emoten jaken zerbitzua kaltetu daben hainbat alderdi kritikau ditu, bisitak ezin jasotea, behargin faltea, asteburuetan batez be, edo babeserako material faltea eta herritarrei informazino gitxi eman izana. Etorri dan emakumeak, osasun arazoak daukiezan erabiltzaileei arretea emoteko sendagilerik eta erizainik ez egotea be kritikau dau.